Andima Ibiñagabeitia (1906 - 1967)

Elantxoben sortu eta bertan egin zituen bere lehen ikasketak. Gero, Historia eta Humanitateak ikasi zituen Loiolan, Filosofia, Matematika eta Metafisika Burgosen eta Teologia eta Zuzenbide Kanonikoa Belgikan.

Arazo politikoak medio, Ibiñagabeitiak Parisera jo behar izan zuen —bertan ezagutu zituen Txomin Peillen eta Jon Mirande bere lagun minak—. Handik Caracasera alde egin eta bertan bizi izan zen hil artean. Lanbidez euskara-irakaslea, kultur eragile nekaezina genuen. Beronek sortutako Eman euskal aldizkarian eta Euzko-Gogoa-n makina bat artikulu idatzi zituen —horietarik asko Idoyaga eta Norbait ezizenez—, eta baita Egan, Olerti, Jesus’en Biotzaren Deya eta Irrintzi aldizkarietan.

Itzulpenak ("Bergili’ren idazlanak osorik", 1966) eta euskara ikasteko lan didaktikoak ("Euskera irudi bidez", 1953; "Aprenda el vasco en 60 horas", 1960) nabarmendu ziren bere idazlan guztien artean.

1970ean, Andima Ibiñagabeitia Saria sortu zuten Caracasen bere ohorez.

Gure Mendea