
Salbatore
Mitxelena, olerkari eta saiolari
Juan San Martin
Beti izan det kezka Salbatore Mitxelena, euskaltzaleon artean, merezi zuan aiñako entzuterik ez zuana. Batetik, bera goimaillan egoan egunetan euskal literaturaren zabalkundea nekeza egoalako; ta bestetik, gure artean, gutxi irakurtzen dutenen pekatuak berakin dakarren bi edo iru idazle entzutetzuak gaiñerako guziak estaltzearen kalteak nagusitu ziralako.
Zoritxarrez, erriak inoiz irakurriko ez duan edo sentituko ez duan poema nagusi batekin monopolizatu genituan laudorioak eta agozabalik berari begira denbora geitxo galtzen gaude. Baina, gaurko onetan ez dagokit auzi ori ikutzea, geiegi luzatu ez nadin, baliozko esan bearreri beren tokia kenduaz.
Salbatore Mitxelena il zaigu! Gure olerkari ta saiolari aundia! Bere kantak, ordea, ez dira ilko. Baina, bere kanta berririk ez degu entzun
Zein ederra dan
olerkaritza
biotzak min duanean!
Zein ederra dan
somatu nuen,
Ama, zu il zinanean.
Salbatore, Zarautz-ko Iñurritza auzoan jaioa zan 1919-an. Amasei bat urtekin sartu zan Frantzizkotarretan, gero beren arteko sermoilaririk onenetakoa izango zana. Bere lenengo idaztiak Aranzazu aldizkarian argitaratu zituan, 1945garren urtean, itz-lauz, olerkaritzari buruz eta 1946an bere lenengo olerkiak. Lan aiek izan ziran, erresuma onetan, euskeraren aspaldiko ixil une ikaragarria etetzera etorri ziranak.
Gaberdi beltzean
izarño bat eza
bidazti galduak
tamalgarri leza...
Ta, berak ekarri zuen gure olerkaritza era berritu batera: errikoitasuna errealidadeagozko bidetik. Gazte berriontzat, berak jarri zuan gure literaturaren erlojua martxan. Aurrerantzean, egi au kontuan artu bearko dute gure literaturaren eboluzioa estudiatu nai dutenak. Bertsolari grina zeraman. Bat-bateko bertsoak egiten zekiana bai zan.
Arantzazu, euskal poema (Editorial Aranzazu. Oñate, 1949), obeto esanda, euskal-sinismenaren poema. Ta gainera, euskalduna munduan laguntza gabe, desanparaturik, sinismenean estalpe bakarra arkitu zuanekoa. Ames-kabi ez-ezik, gogo-kabi soilla. Bere lenengo liburua degu. Fray Eulate-ren dibujoekin apaindua. Bertso mardulez, mamitsuz. Ta gaiñera, poesiadun poema epikoa. Poesiaduna ta kondaira ta bere mendea ukatzen ez zuana. Ta, uste det, askok pentsatzen duan baino garrantzi aundiagoa izango duala geroan. Bertan bai ditu Euskalerriaren fede arrigarriaren giltzak.
Andik lasterrera, beste liburu mardul bat eman zigun: Ama-Semeak Arantzazuko kondairan (Editorial Aranzazu. Oñate, I951). Izenburuak dion bezela, Arantzazu ta inguruetako kondaira da, itz-lauz egina. Ta, urrengo urtean, I952-an Ogei Kanta Arantzazuko, argitaratu zuan.
A! Nolako kantaria! Iñoiz izango al du merezi zuan mailla:
Oi al ba'neza
nik abes
txindor-abesa
dan legez:
txaloetatik
beti iges!
Ori, lortu zuan. Ez bere merituz baizik gure ajolakabez.
Geroztik, erri-pekatu orokor batek naigabeturik urrundu zuan gure erritik:
Ai urruti-miña!
gaitz senda-eziña,
bañan ala ere
ondo atsegiña,
euskal Kondaira doa
aintziña ta aintziña.Egonak pozik ez du!
Boga alegiña!
Esango zuan oraindik, etsi ezinez, dana eman nairik ibilli zanak. Orrelakoa bai zan emaitza ongarriak zabaldu nai zituanaren biotz-sentipena. Ta, gure zoritxarrera bera ere inguruan eduki ezin; bere lurraren epelean. Ta, erbesteratzerakoan orrelako otoitza eskeindu zuan:
Zureganako gezi,
otoitzez ta kantuz
gaztaroa eman dut
Yauna, zuri-buruz!
Lur ezaguna utzirik
banoazu iraduz.
Zurekin bat eginda
nik atseden, Yesus!
Ta, urruti arkitu du atsedena.
Aldentzerakoan Arraun ta Amets utzi zigun (Itxaropena Argitaldaria, "Kuliska Sorta" 7-8 "liburu bikotea, Elezarrak-rekin batean". Zarautz, 1955). Bere olerki bilduma eder bat. Kezka urduritsuz egiña, gaurkotasunez. Ez bai zan izarretan ametsetan zebillenetakoa. Urrundik, Umezurtz, Ama zanaren billa ta abar, oso goian dauden olerkiak ditugu. Bertan dakarzki sei Gabonkanta eder ere. A! gogoangarri izango balira Euskalerriko Eguerrietan Eguerri aurretxoan erbesteko lur otzean joan zaigun olerkariarenak. Txaloetatik igesik ibilli bazan ere, ez daitela aldendu, bere kantarik gure oroi-minetik. Zarautz-go "Olerkariak" zortzikotean badu bere Sorterritikan urruti kanta zoragarria diskoz jarria. Zabaldu bedi bere olesa Euskalerrietan. Badu merezimendurik aski.
Gure olerkaria, I950-ean eta 1952an saritua izan zan Donostian. I954ean, Guatemalan Euzko-gogoa-k eratu zuan olerki-norgeiagoka irabazi zuan "Bizi nai" poemarekin. Bere lanetatik onena noski. Euzko-gogoa berak argitaratu zuan Guatemalan egin zan azken zenbakian (VI-garren urtea, 5-12 zenbakia, I955'go orrilla-lotazilla).
"Unamuno ta abendats" saiakera (Imprimerie Darracq. Bayonne I958) Lizardi il zaneko zillar-eztaietan argitaratua. Izan ere, bazuan arrazoirik aski orrela izateko. Lizardi bezela olerkaria izanaz gain, Zarautz-ko auzo berean jaioak omen ziran bi olerkariok, ta orregaitik jarri zion liburuari "Inurritza" izenordez. Liburu sakona, ta Unamuno-rentzako maitasunez betea. Mitxelenaren biotz zabalean toki berezia zuan Unamuno filosofu aundiak. Unamunok, fraile batengan arkitu zuan gainerako euskeltzalerik geienak ukatu zien lekua. Ta orrek ondo neurtzen du Salbatoreren biotz-sentipena ta zentzua. Bazekian nundik zebillen. Arestian esan dedan bezala, ez bai zan izarretan egoana, maiz izarrak bide kantatu bazuan ere. Guretzat kantatu bai zuan, gizonontzat; gizon euskaldunontzat! Ta, orregaitik esan zuan: "Etimolojiste naiz gramatikalari gutxiago, gure errepublikan. Iztun eta irakurle geiago. Ots, lege gutxiago ta bizitza geiago". Zenbat atsekabe, gure artean, orrelako pentsamentu garbia duanarentzat. Zenbat! Etsi ezinez, atsekaberik atsekabe joan zan gure gizona. Erbesteetan erriz-erri, erromes bat bezala. Berak nai ez zuan bohemian, bere lur epeletik urruti, erbesteko lur otzetan ezurrak utzi arteraino. Bitartean, zenbat Emeterio Arrese-ri lagundu ote zion eriotzera bidean. Oi! Salbatore! Nere begi legortuak ez dute malkorik. Negar egin nai dizute, baina ez dute malkorik. Zure gogoaren kezka-minak ongi Konprenitu ditzakean errazoiak aspaldi legortu zituzten ene begiok. Zu bezelakoa izan nai nuke. Baina ez det zure ezpalik. Nere giar aulak ez dute zure emaitzarik. "Zuk zer dezu Arantzazu..." kantatzen duten gazteak oroituko balira egillearen lana ezagutzen, utzi zaiguzun uztaren frutuak jasotzeko... Gaztetxo umezurtzak bere naia arkituko al du: Ama!, ni ere lore nadilla gaur emen eta Zeruan izar eriotz-ondoren. Ama!, guziok lore gadilla lurrean eta Zeruan izan guztiekin batean.
Juan San Martin, Zeruko Argia, 1966-I-9