
Sebero
Altube (Arrasate 1879 - Gernika 1963)
Alkate musikari gutxi izan ditugu, are bakanagoak dira aberriaren askatasuna
kulturaren bidez lortzen saiatu direnak. Sebero Altubek, Arrasaten musikaren
alorrean hasitako bidea, bere bigarren herria izan zuen Gernikan, Musika Bandako
zuzendaritzan jarraitu zuen. Aurretik, Euskal Herri osoan anaia Benino eta Kristobal
Bediarekin batera dultzaina jotzen ibili zen.
Altube, Lizardi legez, enpresa gizona izan zen. 1918an, Alkartasuna arma-lantegiko zuzendaritza hartu zuen.
EAJko militantea, 1931n Gernikako alkate hautatu zuten; bost urtez iraun zuen
karguan, Bizkaiko gobernadorearekin izandako liskarren bat zela eta ez zela,
kargua utzi arte.
Erbesterako
bidea hartuta, Argentina eta Paue izan zituen pausaleku, azken honetan, 1957an,
gerra garaian bere herriak, bere aberriak ezagutu zuen sufrimendua gogoan, "La
Fonction de la douleur" saio filosofikoa idatzi zuen. Altubek zioenez,
«43 pertsona afusilatu dituzte Arrasaten,
nire jaioterrian, Francoren soldaduek. Erritar baketsuen sarraski orrek bultzatu
nau arazoaren muina ikertzera, au da, zein ote den munduko bizitzaren gaizkiaren
eta giza-oinazearen arrazoia».
Sebero Altube hizkuntzalaria, idazle belaunaldi oso baten ikurra izan
zen. Euskaltzaina 1920tik, "Erderismos"
liburuak, garbizalekeriari kontra eginez, herri hizkeran hartzen zuen arnasa.
Menturaz, Euskal Herriko herri eredu guztiak ez hartzeak, hizkuntzan ongi sustraiturik
ziren hainbat molde arbuiatzera eraman zuen.
Musikaria izaki, euskal azentuaz bere teoriak sutsuki defendatu zituen, Orixerekin izandako kalapita lekuko. Euskaltzaindiak bere falta sumatu zuen gerra osteko lehenbiziko urteetan, Batuaren aldeko borrokan aintzindari izan baitzen.
Patxi Larrion