Ignacio Maria Etxaide (1884 - 1962)

Ikasketaz eta lanbidez ingeniaria genuen Ignacio Maria Etxaide (Jon Etxaideren aita), Gipuzkoako telefono-sareko zuzendari izan zen eta Espainiako lehenengo telefono-zerbitzu automatikoa jarri zuen. Makina bat artikulu, zenbait olerki eta hainbat liburu argitaratu zituen: "Telefonoaren sortze eta aurrerapena" 1929an, "Desarrollo de las conjugaciones euskaras, perifrásticas y sintéticas, respetuosas y familiares"...

Katoliko integristatzat zuen bere burua eta halaxe agertzen zen bere idazkietan.

1942tik aurrera euskaltzain oso izan zen eta 1952an euskaltzainburu hautatu zuten.

Halaxe idatzi zuen Aldapeko-k Zeruko Argia-n, 1963ko lehen zenbakian:

«Gizon osoa eta bere buruarekin zorrotza izan zen biziak iraun zion artean. Esan zitekean, bere izateari —berak oi zuen burdiñezko borondatez zaildutakoari, alegia— munduko gozotasunak baiño atsegiñago zitzaizkiola gizonak Jaungoikoa'ren zigor-legez onartu bear dituen eginkizunik latzenak.

Erlijiñoa, euskera, lana eta integrismua —azken au, esaterako, Etxaide jaunarekin agortu den ideia politikua— izan ziren bere idealen aldarea eusten zuten lau oinarriak.

Euskerari il artean gorde zion leialtasuna, ez da esan bearrekoa, testigu baitira bere famili luzean beti gure izkuntza miretsia —zorigaitzean ainbat miretsiagoa— mintza-erazi zien bere seme-alabak eta euskerari buruz idatzi zizkigun liburu eta idazlan ederrak.

Resurrección M.a Azkue, Euskaltzaindi'ko lendabiziko buruzagia il zenean, gure Euskal Akademia zuzendaririk gabe gelditu zen eta Lagunarte agurgarri onek abobatez izentatu zuen Inazio Maria Etxaide jauna, Azkue aundiaren jarraitzaille izateko Euskaltzaindiaren buruzagitzan. Kargu onoregarri onen lana eramatea izan zen bere zahartzaroko poztasunik eta atsegiñik aundiena».

Gure Mendea