
Nikolas Ormaetxea Orixe (1888 - 1961)
Sortzez Orexakoa zen. Baina hirukiak jaio ziren eta, amak hirurak hazi ezinik, Uitzira eraman zuten. Jesuita izateko utzi zuen etxea 16 urte zituela, baina Jesusen Lagundiak ez zuen hartu.
Jesuitak utzita, euskal lanetan murgildu zen buru-belarri: Euskaltzaindian Azkue laguntzen zuen, Euzkadi egunkarian euskal atalaren ardura hartu zuen Kirikiñoren ondoren, itzulpenak, poemak eta beste hainbat sorkuntza-lan idatzi zituen.
Gerra aurreko belaunaldi harentzat Orixe zen euskal gauzetan jakintsurik handiena eta baita "euskal arima" adierazteko idazle egokiena ere. Orixe euskararen lehen liberatua dugu: Aberriaren pizkundean lagunduko zuen poema nazionala egiteko Aitzolen enkarguz erretiratu zen Bilbotik Orexara, 1931n. 36ko Gerra piztu zenean, Orixek bukatua zuen liburua, ez ordea argitaratua. Faxistek gartzelan sartu zuten; askatu eta, berriz bila zihoazkiola, Ipar Euskal Herrian ezkutatu zen. 1950ean Amerikara jo zuen eta handik sei urtera itzuli zelarik, jada giroa arras aldatua zegoen Hego Euskal Herrian. Orixek onartzen ez zituen ideia eta joera berriak zeuden indarrean eta polemika eta kritika handiak piztu zituen. Noizbait izan zuen ospea galdu egin zuen belaunaldi berrien aurrean.
Itzulpen bikainak egin zituen eta baita otoitzari buruzko saiakera interesgarriak ere. Narratibari dagokionez, "Santa Kruz apaiza" 1929an argitaratutako biografia nobelatua dugu lanik politena.
Maite zutenek, maite ez zutenek bezala, bere euskararen aberastasuna eta kontakizunerako artea nabarmendu izan dute: garbizaleen eraginez Hegoalde osoan prosa zurrun eta gogor bat nagusitzen ari bazen ere, Orixek estilo guztiz natural eta indartsua darabil bere prosan. "Santa Kruz apaiza"-n, ahozko kontagintza jatorrenetik hurbil-hurbila den hizkera, euskarazko kontamodu berezkoena erakusten digu.
Poesiari bagagozkio, Orixek baztertu egiten zituen literaturako azken mugimenduak. Nahiago zituen klasikoak. Baserri giroan hazia, giro horretako poemek toki berezia dute Orixeren lanetan.