Jesus Guridi (Gasteiz 1886 – Madril 1961)

Arabar honek konposatu zuen euskal nazionalismoaren opera. "Amaya"-k, garaiko sentimendu nazionalista taula gainean irudikatzeko balio izan zuen.

Jesus Guridi gasteiztarraren familia, Zaragoza eta Madriletik igaro ondoren, Bilbon finkatu zen. Gazte zela erakutsi zuen musikarako bere dohaina, mende hasierako Bilboko Lore-Jokoetan sari bat eskuratu zen "Txalupa" obrarekin. Parisen Usandizaga —gazte hil zen beste Arriaga bat— izan zuen ikaskide. Ikasketak, Kolonia, Lieja, Brusela eta Munich-en jarraitu zituen. Besteak beste, Azkue izan zuen bidaide. Horren argigarri dugu "Diez melodías vascas", Azkuek bildu eta Guridik konposatutako obra, Guridiren lan nagusietako bat dena, hain zuzen. "Diez melodías Vascas" Madrilen estreinatu zen 1941ean.

Bilbora itzuli zenean, irakaskuntza eta zuzendaritza, konposizio lanekin tartekatu zituen. Kontzertuak ("Leyenda vasca", "Sinfonía pirenaica", "Homenaje a Walt Disney"), zartzuelak ("El caserio", "La meiga", "Acuarelas vascas"), lan sinfonikoak ("Una aventura de Don Quijote"), musika korala ("Goiko mendiyan", "Aldapeko", "Ni ez naiz zomorrua", "Boga boga") eta organorako piezak ("Tríptico del Buen Pastor", "Misa a San Gabriel") konposatu zituen. Guridiren obran, nabariak dira eragin frantsesa eta alemana, Sarasatek legez, Wagner baitzuen gogoko gasteitarrak. 

Arestian aipatu bezala, 1910-20 bitartean konposatu zuen "Amaya" opera izan zen ospea eman ziona. Dantza baino areago, zerbait sakonagoa zen "Amaya"-ren ezpata-dantza.

Gerra amaituta, Madrilgo Kontserbatorioan jarraitu zuen zuzendaritza lanean, 1956tik hil zen arte.

Patxi Larrion

Gure Mendea