
Azkuek zer dio? Maiz askotan egin den galdera da. Resurreccion Maria
Azkuek egindako Hiztegia, Cancionero
popular vasco eta Euskalerriaren Yakintza
lanak, gure entziklopedia bakarra osatu zuten, Izabako donostiarrek entziklopediaren
lanari ekin arte. Euskal Herriko zoko-moko guztiak miatu zituen, euskara, folklorea
eta bestelako kontuak biltzen. Eginkizun horretan izan zituen kolaboratzaileak
zerrendatuz gero, mende honen lehenbiziko hamarkadetan kultur munduarekin zerikusirik
zuten herrietako pertsonaien zerrenda genuke.
Nautika ikasketak egin zituen Lekeition, Bilbon batxilergoa, Gasteizen
filosofi eta teologi ikasketak eta Brusela eta Kolonian musikarenak. Salamancan
apaiztu zen 1888an. Ikasitako guztia baliagarria izan zitzaion, hartu zuen lanposturako.
Arana Goiri eta Unamuno lehiakide zituela, Bizkaiko Aldundiak Bilboko Instituturako
ireki zuen Euskara katedra eskuratu zuen. Orduantxe ekin zion barnerako bidaiari,
Euskal Herriko azken baserriraino eraman zuen txangoari. Batzuentzat garbizalekeriaren
bidaia izan zen hura. Gerra zela medio, 1936an eten zen lana.
Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuan partaide eta Euskaltzaindiaren sortzaileetakoa, gerra ondorengo Akademiaren biziraupena ziurtatu zuenetakoa dugu Azkue. Bilboko egoitzan egoten zen, Urkijo zaharra eta Krutwig gaztea lagun, hondoratutako ontzi-kapitainaren antzera, deskalabruetan tinko. Euskaltzaindiatik hurbil, itota edota pozoinduta, Ibaizabalek eraman zuen.