
Julio Urkijo
(Bilbo 1871 - Donostia 1950)
«Euskaraz ez zekik, baina euskaltzale amorratu duk» (Putzu).
Julio
Urkijo Ibarra, Bilbon jaio zen, familia aberats eta karlista batean. Aski gazte
mamitu zuen politikarena. Bestalde, Donibane-Lohizuneko Urkixo
Baitan igarotako denboraldi luzeek, Euskal Herriaren aniztasuna ezagutzeko
parada eskaini zioten.
Zuzenbide ikasketak Deustu eta Salamancan egin zituen, baina ez zuen
baztertu hizkuntzak ikasteko aukera.
Familia karlistakoa izaki, Karlos VII.aren laguntzaile aritu zen eta
erregegaiaren oroigarriak ez ziren falta bere etxean. 1903an diputatu hautatu
zuten eskuin monarkikoa ordezkatuz, ondoren ere, 1931n, Alderdi Tradizionalistako
diputatu zelarik, Madrilerako bidea hartu zuen, eta Minorķa
Vasca talde parlamentarioan aritu.
Gerra garaian ezkutaturik egon zen. Halere, Azkue legez, politikoki ez
zen inoiz abertzale agertu. Gerra
osteko lehenbiziko urteetan, erdi hondoraturik zegoen Euskaltzaindia mantentzen
lagundu zuen.
Bilketa lana izan zen bere jarduera nagusia. Europako liburu zaharren
dendak, gure baserriak bezain beste arakatu zituen. Liburutegi aparta osatu
zuen, eta ezezagunak ziren hainbat lan eta izkribu aurkitu, eta horietako asko
argitaratu egin zituen. Bibliofiloa izateko aberatsa izan behar, eta baita grinatsua
ere, aurkikuntzak gizarteratzeko. Sarako Joanes Etxeberriren hainbat testu bere
eskutik jaso ditugu.
1907an sortu zuen RIEV (Revista
Internacional de Estudios Vascos) aldizkariari esker, mundu mailako ospea
erdietsi zuen. Aldizkariaren orrietan, Euskal Herrikoez gain, mundu osoko ikerlari
askok esku hartu zuten. RIEV dugu 1936koak eten zuen beste ekinbideetako
bat.
Bilbotar honek Gipuzkoako
Foru Aldundiari utzi zion urte luzez osaturiko biblioteka.