
Fermin Irigarai Larreko (Auritz 1869 - Iruñea 1949)
Euskarak erlojulariak bezain
beste behar ditu sendagileak, gaixoa, maiz askotan, lasterka sendatu behar baita.
Harrigarria bada ere, ez dira urri euskalgintzan murgildu diren erlojulari eta
sendagileak.
Auritzen 1869an sortua,
Pablo Fermin Irigarai sendagileak haurtzaroko euskara Bera eta Iruritan landu
zuen. Iruñera iritsi zenerako, euskara berreskuratu duenaren kontzientziaz jabeturik,
egun ere, euskaldunon hiriburuzagian usu baliatzen dugun jarrera berezi hori
aski barneraturik zuen, erran nahi baita, edozein egokieran norberaren buruari,
solaskidea euskalduna ote den galdetzearena.
Axularren
baitan inon ez bezalako argiak aurkitu zituenak, Eskualduna,
Gure Herria, Euskal-Esnalea, Euzkadi, La Voz de Navarra, eta Napartarra
aldizkari eta egunkarietan apaltasunetik idatzi zuen. Eskualduna
aldizkarirako astero idazten zituen kronikek, kazeta-molde berri bat ezarri
zuten. Zoritxarrez, Nafarroa Garaian, inon ez bezalaxe sufritu izan dute belaunaldien
arteko etena.
Larrekok
ez zion eztabaidari muzin egiten, Lauaxetaren "Bide Barrijak" olerki
liburuaren karitik sorturikoa lekuko. Alta, apaltasunetik eta aurrerabidea bilatzen
duenaren galdera dugu Larrekorena, puskaz gazteagoak ziren Lizardik eta Lauaxetak
aski ongi konprenitu zuten mirikuaren
erregua.
Elizkoia,
orduko karlistek zioten moduan, «napartar
hauek, —Nafarroa Garaiko jeltzaleak izendatzeko moldea— egunero komunioa hartzen dutenetakoak dituzu». Elizanburu Aita
Inozenzioaren jarraitzaile, ustezko bere integrismoa ez zen itsua, bortizkeria
eta gehiegikeriak salatzeko kapable izan zen. Horra hor, gerra garaian euskaltzale
nafar andanak bizitutakoa, askok, egoerak behartuta, isiltasuna hautatu zuten,
Larreko isiltasunean mintzo zen, "Gerla urte gezur urte" bere liburua
gerra ostean euskaraz eman den testigantzarik lazgarrienetakoa dugu.
Itxaropena Ipar Euskal Herriarengan
jarri zuen. Larreko, Nafarroa Garaian, Etxepare zaharraren garaitik egundaino
izan den Ipar-Hegoa loturaren beste katebegietako bat, bere garaian garrantzitsuenetakoa,
bere ahaideek jarraitu zutena.