Federiko Belaustegigoitia (1876 - 1947)

Laudion sortu zen, euskaltzaletasunik sentitzen ez zuen familia batean. Jesuiten Urduñako Ikastetxean egin zuen batxilergoa eta gero Madrilera jo zuen Zuzenbide-ikasketak egitera. Bertan, Manuel Azaña eta Bonifazio Etxegarai izan zituen ikaskide. Euskaltzaletasunaren harra piztu zitzaiolarik eta bere sorterrira hurbiltzearren, Deustuko Unibertsitatean bukatu zituen ikasketak. Sabino Aranaren lagun egin zen bertan.

Euskaltzaletasunak eraginda, Federiko Belaustegigoitiak politikari ere heldu zion. Haren ustean, politikariek, beren egitekoez gain, euskara eta euskal kultura hedatzea izan behar zuten egiteko nagusitzat.

Arazo sozialek ere kezkatzen zuten. Bere ustez, euskaldun eta nazionalista katolikoek elkartea sortzea litzateke, arazo sozialei aurre egiteko sistema. Elkarte honek, bestalde, euskal kutsuko ideiak barreiatuko lituzke. 1909an, euskararen egoera, euskara galtzearen arrazoiak eta euskara berpizteko bideak gaitzat hartuta, "Por la lengua nacional vasca" izenburuko hitzaldia eman zuen Bilboko Euskal Zentroan. Belaustegigoitiak arteak eta zientziak nazionalizatzea proposatzen zuen zentralismoaren aurka. Halaxe zioen JEL aldizkarian: «Aberri kontzeptua indartzeko, nazio-ideia garatu behar da euskaldunengan. Pentsamolde hori sakondu eta landu, irudimenezko eta artezko jantzi liluragarriz hornitu. Aberria, zientzia eta arte nazioaren ondare gisa hartzeak Aberria maitatzera garamatzake». Belaustegigoitiak Euskal Herriari buruzko zientzia eta arte mailako ikerketa eta lan ugari bultzatu zituen.

Baina euskara zuen bere ahalegin eta borroka guztien ardatz. Hizkuntzaren galerak sortzen zion minak euskaldunei kontuak eskatzera bultzatu zuen, axolagabekeriaren kalteak salatu eta erdaldunei «zerga aberkoia» ezartzera proposatzeraino:

«Deshonroso signo de incultura el no estar siquiera iniciado en la lengua de la raza y del país en que se vive, el no sentir el ansia de saberla y el no esforzarse por lograrlo, si no en todo, en parte».

Federiko Belaustegigoitiak eginahal handiak egin zituen herrietan euskara berreskura zedin eta haurrek euskaraz egin zezaten. Mende honen lehenengo urteetan euskarari suertatu zitzaizkion erronka berrien aurrean, ekintza didaktiko-pedagogikoz erantzuten saiatu zen Belaustegigoitia. Eguneroko ogibidea, burdin lanean ziharduen industria bateko kontseilari izatea bazen ere, euskara irakasteko metodo berriak sortzen saiatu zen lanorduetatik kanpo. "Euskal Loteria" bezalako metodo berritzaile bezain bitxiak asmatu zituen.

Erbestealdi gogorra ezagutu zuen Belaustegigoitiak. Alaba Durangoko bonbaketan galdu ondoren, 1937ko ekainean Cap Breton-era ihes egin behar izan zuen. Handik Kanbora etorri zen eta azkenik Angelura aldatu.

Gure Mendea