Telesforo
Aranzadi (Bergara 1860 – Bartzelona 1945)
Unibertsitatea, arrazoi ezberdinak zirela medio, ukatu egin zaio Euskal
Herriari duela gutxi arte. Alta, unibertsitariak ez dira falta izan gurean.
Mintegiaren hirian jaiotako Telesforo Aranzadik Madrilen lortu zituen Farmazia
eta Natur Zientzietako doktoradutzak.
Antropologiarena izan zen gehien landu zuen alorra, "El Pueblo euskalduna"
izenburuko ikerlanarengatik Parisko Antropologi Elkarteko saria irabazi zuen
1891n. Lan horretan, euskal arraza ikuspegi antropologiko batetik ikertu zuen,
hori izan zen antropometriaz gurean argitaratu zen lehenbiziko obra. Antropologiaz
gain, arkeologia, marrazkigintza, etnologia, paleontologia, musika eta botanika
landu zituen. Konparazio baterako, 1897an Zientzietako Errege Akademiako saria
jaso zuen, "Setas y Hongos en el País Vasco" lanarengatik.
Telesforo Aranzadi euskal triadaren partaideetako bat izan zen. Ikerlanen
alorrean txokokeriarik ez zegoen garaian, Eguren eta Barandianarekin batera,
Urbasa, Andia, Aralar, Aitzkorri, dozenaka aztarnategi arakatu zituen. Hirukoak,
gure lurraldeetako leze, haitzulo, harrespil, trikuharri eta arkeologia artarnak
ikertzeari ekin zion. Aranzadirena dugu Itziarko Madelein garaiko buruhezurraren
aurkikuntza. Urtiaga eta Santimamiñeko kobaluzoetan ere, ikerketak egin zituen.
Granada eta Bartzelonako unibertsitateetan katedradun izan zen. Udaldia
aprobetxatzen zuen Euskal Herriko zein iberiar penintsulako aztarnategietan
indusketak egiteko. Nabarmena da oso, 1910-1936 aroan, argitaratu zituen ikerlan
eta artikuluen kopurua, bere eskutik sinaturiko ehundaka lan zenbatu daitezke.
Gerra Zibilak Bartzelonan harrapatu zuen. Mosku, Portugal, Erroma eta Berlingo hainbat elkarte zientifikoen partaide eta mundu zabaleko aldizkarien kolaboratzaile izan zen Telesforo Aranzadi, katedratik baztertua, Bartzelonan hil zen 1945an. Hil eta bi urtera, bere omenez, Aranzadi Zientzi Elkartea sortu zen.
Patxi
Larrion