Kepa Enbeita Urretxindorra (1878 - 1942)

Izen handiko gizona, duintasuna eman zion Bizkaiko bertsolaritzari. Kopla zaharretatik bertsorako pausua emateaz gain, bertsolariak tabernatik atera eta plazara eraman zituen. 1905ean Txirritarekin neurtu eta irabazterainoko maisutasuna erakutsi zuen Urretxindorrak.

Bizkaitik etorri zaigun aldetik
Txori aundian aurrean,
Ni txepetx naiz ta, erretiratzen
Noa emendik, lotsean
Txirrita

Baina ez zen bertsolari hutsa. Abertzaletasuna erraietan sentitzen zuelarik, eta Txirritarekin izandako erronkaren ondorio, sabindarrek mitinetara eta Aberri Egunetara eramaten zuten berba egitera. Mintzaldietan bezala baita bertsoetan ere, abertzaletasuna, euskalduntasuna, hizkuntza, aberria, fedea eta baserria bezalako gaiak erabili zituen maizen; zehazkiago esanda, euskara eta gurutzea dira Kepa Enbeitaren mezuaren zutabeak, topikorik errepikatuenak eta armak. Garaiko nazionalismoak baino garrantzi handiagoa aitortu zion Enbeitak euskarari. Hala zioen 1930ean:

Aupa, mutillak! diñot berriro
Gora batez be gaztiak!
Kurutzia ta Euzkeriagaz
Airatu egal guztiak
Garbituteko bein ta betiko
Euzkel-erriko nastiak.
Garaille urten gaigun, beturik
Etsaien gudaroztiak.

Eibarren 1920an 30.000 lagunen aurrean, norbaitek "Viva España!" oihukatu ostean botatako bertsoa dugu ezagunenetariko bat:

Viva España! didarka gagoz
nik ere "viva" dirakusat
gorrotorikan ez dagolako
nigandik Españarrentzat.
Katolikoak jakin bear du
zer diñon goiko juezak:
bestenari bakean utzi,
zaindu bakotxak beretzat.
Viva España! diñok berriz be,
izan bei españarrentzat
baina ba diot Gora Euzkadi!
guria ta guretzat

Txikitandik erakutsi zuen bertsolaritzarako zaletasuna, aitaren bertsoak ulertzen hasi orduko ia. Erraztasun handia zuen bertso zehatz eta dotoreak moldatzeko, Euzkadi, Euzkerea, Ekin eta Argia aldizkarietan argitaratutako lanek erakusten dutenez. Urretxindorra Arrese-Beitia eta Kirikiñoren joerakoa da. Bertsolari eskolatua, bere lagunek bezala bizkaiera purista xamarrez egiten du.

Urretxindorrak lorratz handia utzi zuen. Bere seme Balendinek hartu zion erreleboa.

Gure Mendea