
Toribio
Alzaga (Donostia 1861-1941)
Ziburun egin zituen lehen
ikasketak euskal antzerkiaren maila goratu zuen donostiarrak. Bigarren Karlistadaren
garaiko urteak ziren horiek, Lapurdiko kostaldea izan zen ere, Alzaga eta Martzelino
Soroaren elkartzearen lekukoa. Orduz geroztik antzerkiari lotu zitzaion, eta
Soroak irekitako bideari jarraikiz, arrakasta handia lortu zuen.
Euskal
Izkera eta Iztunde Ikastola erakundearen zuzendaria izan zen 1915 ezkeroztik.
Gazteleraz, Academia de Declamación Vasca
izenarekin ezagutu zen erakunde horrek, lan eskerga egin zuen Gipuzkoa osoan
ezezik, Bizkaian eta Lapurdin.
"Axentxi
eta Kontxesi", "Txibiribiri", "Andre Joxepa Tronpeta",
"Ramuntxo", "Amantxi", "Tantarrantan", "Zalaparta",
"Zanpantzar", "Gizon ona", "Mutilzarra", "Babalora",
"Aterako gera" idatzi zituen... antzerki lanen zerrenda amaitezina dirudi.
Altzagak
antzerki hiritarraren oinarriak jarri zituen. Euskal Iztundeak, bere zuzendaritza pean, eragin zuzena izan zuen
bizitza publikoan, ikasleak, jendearrekoetan, jokalari bihurtzen baitziren.
Komedia
landu zuen gehien bat, Mitxelenaren hitzetan, «zorrotza
zen pertsonak eta pertsonen xelebrekeriak begiz jotzeko, bazekien korapilo politak
lotzen, lotzen ezezik, baita lotu ala askatzen ere, ez ikuslearen buru haustetarako,
atseginerako baizik».
Itzulpen lanetan ere murgildu
zen, Lotiren "Ramunctho" eta Shakespearen "Macbeth"
euskaratu baitzituen.
Euskaltzale amorratua zen,
baina bere hautu politikoa ezkutuan gorde zuen beti. Gerra garaian, kartzela
ezagutu zuen. Zer bilatzen ote zuten 75 urteko zahar bat kartzelaratzean? Toribio
Alzagaren antzerkiko korapiloak errazago askatzen ziren.