Joxe Zubimendi (1898 - 1939)

«Ahaztu samartuak gelditu diren euskaltzale donostiar horietarikoa dugu Joxe Zubimendi. 1898an sortu zen, eta berrogeita bat urte baino ez zituela hil zen, Kanbon, gerrak bertara eramanda. Gaztetan eginiko lan eskergak izango zuen eraginik, zer duda egin, bere heriotza goiztuan, Manterola eta Nuñez Arizmendirenean bezala: Orfeon Donostiarrako bakarlaria izan zen, Eusko Abesbatza sortu zuen, bertsolari txapelketen antolatzaile eta arduradunetakoa izan zen, eta euskara irratian sartu zuena izan genuen, idazle bezala egin zituenak kontuan hartu gabe. Euskaltzale prestu honen eraginaz sortzen du 1932ko otsailean euskarazko orrialde bat El Pueblo Vasco egunkariak, "Euskal Eresi ta Izkuntzaren Alde" izenarekin. Euskal kantu tradizional eta berrien partituraren bat azaltzen zuen, kronikekin eta albisteekin batera, izkirimiri eta poematxo artean. Almandoz. Guridi, Garbizu, Imaz, Kerejeta, Gorostidi, Iruretagoiena, Erentxun, Lasagabaster, Dadie, Urteaga, Mokoroa… garaiko konpositore garrantzitsuenen lanak argitaratu zituen letra eta partiturarekin, eta hau oso beita polita izan zen hainbat jenderentzat, igandeetan behintzat erosten zuten, bilduma osatzearren. Idazle kolaboratzaileen artean Ander Arzelus Luzear adiskide mina, Carrasquedo, Arantzate, Goikolako Txoria nabarmentzen dira. Emakumezkoak ere jakin izan zituen biltzen, Ira, Egurrola ahizpak, Goikolako Txorikumea, Almandoz… (…)

Zubimendik euskara erraz eta herrikoia erabili zuen beti bere orrialdean, garbizalekeriatik oso urrundua. Alde horretatik, El Día-koa baino euskara praktikoagoa zen berea, kazetaritzakoa bete-betan. Ugaritasuna eskaintzen saiatu izan zen, eta halako jarrera kritiko bat mantendu zuen beti euskalgintzarekiko, El Día-ko artikuluek askotan zeukaten triunfalismotik aski babestua. Hedabide berriei erne, irratiz emandako hitzaldi garrantzitsuenak transkribatu izan zituen. Eta bere kazetaritzarako senaz gainera, bazeukan nonbait Zubimendik El Pueblo Vasco-n halako botere bat, El Dia-k aitortzen ez ziona euskarari: bere orria benetan zen orria, orrialdea zehazkiago, euskaraz betea goitik behera eta ezkerretik eskuinera. Ez zen hala gertatzen egunkari nazionalista ofizialean, euskal orrialdeak Euskal Orria izena eduki arren, gutxitan baitzen orrialde, gehienez ere orrialde erdi, sarrienik laurdena...»

Koldo Izagirre
"Euskararen Historia Txikia Donostian, 1800-1998", (1998)

Gure Mendea