
Arturo Campion
(Iruņea 1854 - Donostia 1937)
Karrika baten izen ziztrin bat ere ez omen zuen merezi, denboran ez oso
urrutiko kontuak dira horiek. Eztabaida pizgarri zen Campion aipatze hutsa.
Iruindarrak egin ibilbide politikoa da polemika hori gehien elikatu duen afera.
Liberala, integrista, abertzalea, politika mailan Campion ezberdin asko irudikatu
daitezke, alta, lema bakarra, "Euskalerriaren alde", Gamazo ministroak
Madrileko kongresuan aditu behar izan zituenak lekuko.
Zuzenbide ikasketak Oņatin egin zituen, baina lizentziatura Madrilen
erdietsi zuen, Bigarren karlistadaren akaberan Oņatikoari unibertsitate-kategoria
kendu baitzioten. Foruena izan zen zuzenbidearen alorrean gehien landu zuen
gaia.
Gazte hasi zen euskara ikasten, 1877an "Orreaga" balada idatzi
zuen. Italiar jatorria zuenarentzat hizkuntza, kultura zen aberriaren oinarria.
Euskarari buruz idazterakoan, gehienetan, gaztelera baliatu zuen. Campion gazteak
idatzitako artikulu bat izan zen "Asociacion Euskara de Navarra" elkargoa
sortzeko akuilua. Elkargoak argitaratzen zuen Revista Euskara orduko kultur bizitzaren dinamizatzailea bilakatu
zen, eta gauzapenen artean, Campionen "Gramática de los cuatro dialectos
literarios de la lengua euskara" nabarmendu daiteke. Larrekok zioenez,
nekez moldatzen zen euskaraz, beti ere, Txapitela karrikako haien enkontruetan
euskara zerabilten.
Bere produkzio literarioa alimalekoa izan zen. Gazte zelarik, antzerkia
eta poesia landu zituen, ondoren narratibazkoak izan ziren bere literatur lan
gehienak, narrazio labur andana, bere kutuna zen "La bella Easo" eleberria
eta Unamuno liluratu zuen "Blancos y Negros" eleberria. Campion maiz
aipatua eta gutxi leitua, gure historiaren gertakizun lazgarriak ulertzen lagungarri
dena.
Iruņeko Euskal Etxean hizlari ezagutu zutenek ez zuten sekulan aintzat
hartu Donostiako bere adierazpena.