
Jose Manuel Lujanbio
Txirrita (Hernani 1860 - Altza 1936)
Gerrara joango zen semerik ez zuen nahi Jose Manuel Lujanbiok, horra
hor mutilzaharra segitzeko arrazoietako bat. Ezaguna zuen gerra, azken karlistadan
Errenterian herri-guardiak egiten aritu baitzen. Lujanbiotarrek, 1873az geroztik,
Errenteriako Txirrita baserria izan zuten kabia. Berehala, ordea, herri askotako
taberna, plaza eta sagardotegiak bilakatu ziren bere bizileku. Primua bazen
ere, izena izan zen etxetik eraman zuen gauza bakarra.
Trufa eta parrandaren eredu gisa azaldu ohi zaiguna, abila zen oso gaiei
sakontasunez heltzeko unean. Politika, eta bereziki, gizarte-arazoei eskainitako
printzek famatu zuten Txirrita, "Foruak kendu zituenari", "Cubako
gerrarenak", "Norteko trenbideari", "Mundu ontako bizimodua"
eta "Pasaiko huelga" bezalako bertso-sortak, horren argigarri. Txirrita
eskolatugabearen bertsoak, herritar xumeen ustea eta sinismenak, garaiko
soziologia ulertzeko tenorean, lehen mailako informazio iturri ditugu.
Bizitzaren hondarraldean, bertsokera berriarena ezagutu zuen. Aitzolek,
bertsolaritza taberna-zuloetatik atera nahian, Donostian, 1935ean, Euskal Herriko
I. Bertsolari Eguna antolatu zuen. Tolosakoak diseinatu zuen jantzia Basarriri
egokitu zitzaion, eskolatu gaztea gertatu zen irabazle. Txirritak, omenaldi
gisa, 1936ko txapelketa irabazi zuen
eta ez zitzaion ironiarik falta izan saria jasotzerakoan.
Bertsokera zaharra zerabilen Txirritaren eraginez, doinu eta neurri zahar
asko guganaino iritsi dira, plaza, ostatu edota sagordetegietan inguruan izan
zituen bertsozaleek asko lagundu zuten bidaia horretan. Egun, Aita Zabalaren
Auspoa saileko "Txirrita, bizitza eta bertsoak" liburua askoren jomuga
da.