
Jose Maria Agirre
Xabier Lizardi (Zarautz 1896-Tolosa 1933)
«Egur ezearen kea goiak du kolore».
Zarautzen sortua, 1906an Tolosara aldatu zen familiarekin. Aita gazte
hil zitzaien, eta seme zaharrena izaki, gazterik hasi zen lanean. Zuzenbidea
ikasi zuen Madrileko Unibertsitatean.
Euskara berreskuratu zuenetako bat dugu Xabier Lizardi. Euskaraz makal
zebilenari abertzaletzeak ekarri zion hizkuntzarekiko grina. Euskararik gabe,
ideia guztiak herren.
Enpresa gizona 1923 urteaz geroztik, bere lanbide berriak bidaiatzea
zuen barne. Gogoangarriak dira, zentzu honetan, Parisen idatzitako olerkiak.
Enpresa mailan, alderdian edota euskalgintzan aritu zen Jose Maria Agirre urrun
al zen Parisko Xabier Lizardirengandik?
Primo de Riveraren garaian, 1927an, Jose Maria Agirre Euskaltzaleak elkarteko
kide zela jaio zen Xabier Lizardi poeta. Hitz landuak dira bereak, baina praktikotasuna
bilatzen dutenak. Oinak lurrean zituen izadiaren poeta izan zenak. Euskarak
hezkuntzan behar zuen sarbidea, euskarak egunkaria behar zuen, Lizardi, «euskara
yakintza egoez ornitzen» ahalegindu zen.
Lauaxetarekin bat eginik,
"bide-berriyak" amets, euskal lirika goren mailara eraman zuen. Pizkundearen
garaiak, poetak herriaren abangoardia izatera deitu zituen. "Biotz Begietan"
olerki liburua 1932an eman zuen argitara, klasikoa zelako zen moderno, eta berezko
zuen ironia baliatuz, «biberoiz
azitakoeri mugarri koskor baten eskubidea eman dezaietela», eskatzen
zuen.
Batasuna bilatzen zuen Agirre
politikariak, euskalgintzan eta lanbideko ardurak aski ez, Gipuzku Buru Batzarreko
idazkari kargua hartu zuen Estatuaren aldeko kanpainaren garaian.
Gazte hil zen, 1933an, bere
heriotzaren laugarren urtemugarako, egurra hezurra bilakatu zen zeruko goietan.