
Gregorio Mujika (1882 - 1931)
Ormaiztegin sortua, Serapio Mujika kronista eta Gipuzkoako artxiboetako inspektorearen semea genuen Gregorio Mujika. Industri peritu eta ingeniari-ikasketak egin zituen.
Oso gaztetandik piztu zitzaion euskararen eta euskalgintzaren inguruko grina. Hogeitabost urte zituenerako jada ospetsuak ziren bere euskararen aldeko hitzaldi eta kanpainak. Hego Euskal Herriko kultur mugimenduko ekintzaile nabarmenetarikoa zen: Euskal Esnalea elkarteko idazkari, Euskalerriaren Alde aldizkariko sortzaile eta zuzendari, Eusko Ikaskuntzako Lehen Kongresuko idazkari, beste aldizkari askotako kolaboratzaile, hizlari iaio, antolatzaile fin...
Koldo Izagirrek eta Xabier Mendigurenek "Euskal Literaturaren Antologia" deritzan lanean aipatzen dutenez, «Gregorio Mujika eta Pedro Migel Urruzuno gipuzkerazko prosa herrikoiaren eredutzat har ditzakegu, ordura arte euskal testuetatik urrun egondako baserritar eta euskaldun xeheen artean saiatu baitziren irakurzaletasuna bultzatzen, idazki umoretsu eta errazen bitartez». Idazkera eta ahalegin hauen adibide biribilena "Pernando Amezketarra. Bere ateraldi ta gertaerak" liburua dugu. 1927an argitaratutako obra honek ospe zabala lortu zuen, eta Euskal Herri osoan ezagutarazi zituen Amezketako semearen ibilerak. Gregorio Mujikari esker egin zen ospetsu Fernando Amezketarra, eta, bide batez, beste antzeko pertsonaiei itzal handia egin zien.
48 urte besterik ez zituela hil zen.