
Jean
Barbier (Donibane Garazi 1875 – Senpere 1931)
Supazter txokoa ipuinen sorlekua zen Jean Barbier garaztarrarentzat.
Hazparne, Larresoro eta Baionan egin zituen ikasketak. Apaiz askoren legez,
Michel Elizanbururen Aita Inozenzioaren irakaspenak jaso zituen. Apaiztu ondoren,
1900ean Frantziako Tolosako Institutu Katolikoan teologi doktoretza lortu zuen.
Larresoron irakasle, Baionako katedralean bikario, 1913az geroztik Senperen
erretore aritu zen Barbier.
Musikari, olerkari, antzerkigile, biltzaile, ofizio askotakoa genuen.
Bere lanen artean, 1924an argitara emandako "Supazter chokoan" ipuin-bilduma
da zabalkunde gehien izan duena. Orixek zioenez, «gogoan
josteta, eta bihotzen altzagarria izateko lanak idatzi zituen beti».
Eskualduna-ren
inguruan mamitzen ari zen euskal kazetagintzan parte hartu zuen, eta kazeta
horretako beste lankideekin batera, 1921ean, Gure
Herria ikerkuntza eta kulturako aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen. Nehor eta Ganich
ezizenak baliatu zituen.
Azkenengo hemezortzi urteak Senperen egin zituen erretore. Etorrera handikoa
zen. Igandeko mezetan, senperetarrek, hitzaldi luzeak entzun behar izaten zizkioten
nonbait. Behin Erroman omen zen, senperetar bat lagun zuela, hango meza batean.
Meza emailearen hitzaldia luze samar omen zihoan eta hori aitatu zion erretoreak
senperetarrari. Eta senperetarrak erretoreari, «Bai
jauna, bai, hala da; baina senperetarrak eginak gaude holako predikuetara».
Erretoreak isilik irentsi omen zuen lagunaren zirtoa.
Lapurtarrez eta behenafarrez idazten zuen. Ez zuen onarpen handirik jaso
bere garaian, Larreko eta Manezaundi legez, aranismoak kultur mailan ezarritako
Bilbo-Donostia ardatzak ez zien mesede handirik egin. Ekialdeko nafar hauek,
gerra ondoren, eta kasu gehienetan mende honen amaiera-aldean, jaso dute merezi
zuten ospea.
Patxi Larrion