
Pedro Jose Elizegi Pello Errota (1840-1919)
Bertsolari aparta zen Pedro Elizegi Maiz edo Pello Errota asteasuarra; ezagutu zutenek umore on eta ezten zorrotzekotzat zuten. Bertsolariari dagokion lez, hitz gutxitan gauza asko esaten duen horietarikoa omen zen. Lanbidez errotaria, jaialdi, festa eta desafiotan bertsotan arituz gehitzen zituen errotako irabazi eskasak. Sona handia bereganatu zuen arian, Amerikako euskaldunek bertsoak kantatzera joan zedin bidaia ordaintzeraino.
Hamalau urte zituela azaldu zen jendaurrean estreinakoz. Lehenetariko bertsoa dugu ondoren datorrena:
Larru gorrian jaio nintzen ni
ez det aberastasunik
nigatik ez du inork esango
kaballerua naizenik
gure Jainkuak ez dit faltatzen
gau eta egun osasunik
tamaño onetan naizen arte
ez daukat estuasunik
Haren alaba Mikaelari eta bere memoria izugarriari esker, bat-bateko eta bertso-paperetako saioetako bertso guztiak gorde dira; bere aitaren bizitza, esanak eta gorabeherak kontatzen dituen "Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua" liburuan jaso zituen 1963an.
Jaioterrian ipini zioten oroitarrian jaso ziren bere azken hitzak:
Ara zer esaten dedan
aizken-aizkenian
zer egin bear dezuten
iltzen naizenian.
Aita Gure bana esan
nire izenian
zerura joan nedin
zuzen-zuzenian.