Jean
Hiriart-Urruti (Hazparne 1859 - Baiona 1915)
«Ohoinek oihanetan, lepotik aztaparrez lotu eta, erraiten dautzute: bizia ala moltsa? Halaber guk Euskaldunek behar ote dugu egun hautarik batez aditu, ohoinak baino areagokoak diren gaixtagin tzar batzuen ahotik: Bizia ala eskuara?»
Hiriart-Urrutik, Hazparneko Joanesederra baserriko lanak eta fraide ikasketak
tartekatu zituen, Michel Elizanburu Eskolako zuzendaria zen garaian. Aita Inozenzioren
gisan, errepublikar onenak fruitu itxuraz eder, baina harrak joak zirela uste
zutenetakoa, bere izkribuetan ez du inolako erreparorik erakusten errepublikazaleak
epaitzeko unean, "bat gutxiago" idatziriko artikulua horren argigarri.

Hamairu urte zituelarik Larresoroko seminariora joan zen ikastera, hortik
Baionara, eta bertan apaiztu zen. Larresoroko seminarioan irakasle aritu zen
garaian (1882-1907), Eskualduna kazeta
sortzen lagundu zuen, 1890erako aldizkariaren zuzendaria zen, postu horretatik
molde berriak landu zituen euskal kazetaritzarako. Hiriart-Urruti kazetaria
dugu gugana iritsi dena. Anitzen aburuz, lehen kazetari euskalduna izan genuen,
sormen lanaren oinarrian euskara zutenetakoa. Jean Barbier eta Larrekoren lanek
asko zor diote Hiriart-Urrutiren kazetamoldeari, 60. hamarkadan Herria zuzendu zuen Hiriart-Urruti gazteak ere, ez zuen zaharraren
irakaspenik bazter utzi.
Eliza eta Errepublikaren arteko eztabaida ideologikoan sutsuki parte
hartu zuen. Gobernuak Elizaren kontra ezarritako neurriak zirela eta, 1906ko
abenduan, fraideek Larresoroko seminarioa utzi eta Beloken bilatu zuten babesa.
Alta, urtebete eskas eman zuen Hiriart-Urrutik Ahurtiko abadian, Baionako kalonjea
izendatu baitzuten. Eskualduna kazetaren
zuzendaritza 1912an utzi zuen. Piarres Lafitte zenak, 70. hamarkadan bere artikuluen
bilduma eskaini zigun.