PABLO SARASATE (Iruñea 1844 – Miarritze 1908)

Kondaira ez zaio arrotz kondairazko musikaria izan zenari. Gaiarrerekiko adiskidetasuna, sorterriarekin eta familiarekin izandako hartu-emanak, Pio Barojak leporatu zizkionak, Sarasateren irudia erraz lausotzen duten ustezko gertakari eta iritziak ditugu.

Iruñean jaio zen Pablo Sarasate eta Martin Meliton zuen bataio-izena. Aita musikaria zuen, eta goiz hasi zen bibolina jotzen. Bere dohainak ez ziren ezkutuan igaro, eta Isabel II. Espainiako erreginak emandako diru-laguntzari esker, Paris aldera jo zuen. Ikasketak amaiturik, arrakasta lortzea segurutzat jotzen duenaren adorea erakutsiz, bertan jarraitzea erabakia zuen.

Sarasateren birtuosismoa aski fite zabaldu zen Europatik barna. Alta, erabateko arrakasta 1877 urteaz geroztik erdietsi zuen, Goldschmidt eta Marx piano-joleak lagun, Ipar Amerika eta Europako musika aretoak iruindarraren dohainen lekuko izan ziren.

Klasizismoa baztertu gabe, herri-doinuetan (habanera, jota, zortziko, rapsodia) oinarritutako moldaketa erromantikoak nahiago zituen, eta horrek hainbat kritika ekarri zizkion. Bibolinerako 54 obra utzi bazizkigun ere, gehienak frantsesez bataiatu zituen. Sarasateren obrarik ezagunena izen alemana duen "Ijito-doinuak" da. Bestaldetik, garaikide izan zituen, C. Saint Saëns, E. Lalo eta A. Dovrak musikariek bibolinerako lanak konposatu zizkioten. Arrakasta lagun izan zuen bizitzako azken unera arte.

Sarasatek, neguko bira amaiturik, Miarritzeko Villa Navarra hartzen zuen atseden-toki, Sanferminetako kontzertuak prestatzeko. Egitarau ofizialean agertzen ziren kontzertuez gain, bere etorrera eta Perla Hotelaren balkoitik herritarrei eskaintzen ohi zien kontzertua tradizio bilakatu ziren. Mende akaberako Iruñeko giro tradizionalak, eta hirian bertan zituen arerioek, ez zuten aldarazi Sarasateren aldarte ona. Hiriko karrikek, inoiz, Gaiarre lagun zuela, mozorroturik ikusi zuten. Sarasatek bazekien parrandaz gozatzen, eta Donostiara edota Miarritzera hurbiltzen zitzaizkion lagunek, musean aritzeko zituen dohainak ezagutzeko parada izan zuten. 

Testamentuan, Iruñeko hiriari utzi zion bere ondarearen zati handi bat. Etorkizunean bere museoa bilakatuko den "Erorikoenak" ez zukeen erraz ulertuko.

Patxi Larrion

Gure Mendea