kronologia
1999
- Nafarroako Gobernuko
Euskararen Kontseiluko 12 kidek dimititu egin zuten beren karguetatik, Nafarroako
Gobernuak euskararen aurkako jarrera erakutsi zuelako.
- Juan Jose Ibarretxe
lehendakariak eta Javier Delgado
Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak EAEko Justizia
Administrazioan euskararen erabilera normaltzeko hitzarmena sinatu zuten.
- Zigortutako
abokatuei babesa emateko sortu zen "Euskaldunontzat Justizia Ekimena"
aurkeztu zuten Donostian apirilean. Ekimen honen helburuak, zigortutako abokatu
eta euskaltzaleei elkartasuna adieraztea, isunak jaso zituzten abokatuentzat
laguntza ekonomikoa eskatzea eta Justizia Administrazioan euskararen normalizazioak
aurrera jarrai zezan eskatzea izango ziren.
- Euskara ikastearren,
lau magistratu liberatu ziren estreinakoz.
- UEMAk, Osasungoa
Euskalduntzeko Erakundeak eta ELA eta LAB sindikatuek, Hego Euskal Herriko
osasun zerbitzuetako hizkuntza normalizazio plangintzaren oinarriak aurkeztu
zituzten.
- Nafarroako Hauteskunde
Batzordeak, Nafarroako eremu guztietan hautes paperak gazteleraz zein euskaraz
jartzea onartu zuen.
- Europako Batzordeak
2,2 milioi euro bideratu zituen 1999an hizkuntza gutxituak babesteko.
- Espainiako Auzitegi
Gorenak euskaraz funtzionatzea ilegala zela erabaki zuen. Honek Euskal Herriko
Epaitegi Nagusiak emandako epaia deuseztatzen zuen eta UEMAren funtzionamendua
legez kanpoko bihurtu.
- Lionel Jospinek
Konstituzioa aldatzeko egindako eskaerari eta Eurokarta berresteari uko egin
zion Jacques Chirac Frantziako lehendakariak.
- Euskal Herrian
Euskaraz erakundeak euskara Euskal Herri osoko hizkuntza ofiziala izatea aldarrikatu
zuen Iruñean urtarrilean egindako manifestazioan.

- Espainiako Barne
Ministerioak martxan jarritako drogen aurkako kanpainako leloaren itzulpen
txarrak polemika sortu zuen. "A tope sin drogas" gaztelaniazko leloa
"Atsedenik ez drogarik gabe" itzuli zuten Gobernuko ordezkariek
eta Eusko Jaurlaritzak kanpaina erretira zezan eskatu zion Ministerioari.
EIZIEk itzulpen ikasketa unibertsitarioak lehenbailehen ezartzea eskatu zuen.
- A Coruñako
epaitegi militar batek Bermeoko intsumiso baten aurkako epaiketa euskaraz
egitea onartu zuen.
- PP alderdiak
zuzentzen duen Arabako Gobernu berriak, Mikel Mintegi aurreko legegintzaldiko
Kultura diputatuak sortutako euskara zerbitzua bertan behera uztea erabaki
zuen. Gertakizun honen ondorio eta Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak
euskararekiko zuten jarrera salatzeko, milaka lagun bildu ziren Gasteizen
abenduaren 11n "Arabarrok euskarari bai" lelopean.

- Nafarroa Behereko
Donaixtin Manex Erdozainzi deituriko bigarren mailako zentru berria ireki
zuten.
- Iparraldeko
AEK-k protesta-ekitaldia egin zuen hainbat herritan. Departamenduak, Akitaniak
eta Estatuak AEK irakaskuntza erakunde gisa ezagutzeko eta diru-laguntzak
lortzeko eskakizuna egitea izan zen protesta honen xedea.
- Iparraldean
postak euskararekiko zuen jarrera diskriminatzailea salatzeko asmoz, AEK-k,
EHEk eta Gure Irratiak kanpaina bati ekin zioten, gutunazaletan "Postak
euskarari tirrit!" leloa inprimatuz.
- Seaskako guraso
eta irakasleek Baionako Inspekzio Akademikoa okupatu zuten maiatzean administrazioaren
mesprezua eta axolagabekeria salatu asmoz.
- Itxaro Borda
Seaskako lehendakari hautatu zuten abenduan.
- Ipar Euskal
Herriko hainbat talde euskaltzalek auzapez eta zinegotziei zuzendutako kanpaina
abiatu zuten abenduan. Aurrekontuen %1 euskarari ematea eta barnealdeko ikastolak
urte baten buruan eraikitzea eskatu zuten honen bidez.
- Euskararen Gizarte
Erakundeen Kontseiluak "Lanordu bat euskararen alde" lelopeko ekimen
berria aurkeztu zuen urtarrilean. Langileei eta enpresariei lanordu bati zegokion
dirua eskatu zitzaien, Kontseiluak abian jarritako Plan Estrategikoa finantziatzeko.
- Eusko Jaurlaritzak,
Nafarroako Gobernuak eta Euskal Kultur Erakundeak euskararen momentuko egoera
ezagutzeko Euskal Herriko II. Inkesta Soziolinguistikoa burutu zuten.
- Oinarriak taldeak
deituta, 50 lagun inguru bildu ziren Iruñeko Planetarioan Nafarroan
euskararen lege berri bat egituratzeko egin beharreko ahalegina zehazteko
asmoz. Bilera honetan, 1986ko Euskararen Legea ordezkatuko lukeen beste lege
berri bat egin beharrean, hizkuntzaren legea diseinatzea planteatu zuten.
- Euskal Kulturaren
Batzarrea (EKB) desegitea erabaki zuen elkarteko Batzorde Iraunkorrak. EKB
sortu zenean zituen bi helburuak, euskalgintzako erakundeak koordinatu eta
biltzeko gunea izatea, batetik, eta euskararentzat plangintza orokorra bultzatzea
bestetik, jada beteak zirela estimatu zuten.
- Nafarroako Aranzadi
argitaletxea Kanadako Thomson Corporation multinazionalak erosi zuen.
- 1999 urtean
zehar argitaratutako liburuen artean: Daniel Landarten "Anaiaren azken
hitzak", François Ailleten "Kaiku haiku", Patxi Zubizarretaren
"Usoa, hegan etorritako neskatoa", Koldo Izagirreren "Agirre
zaharraren kartzelaldi berriak", Unai Iturriagaren "Berandu da gelditzeko",
Jon Gaztelumendiren "Haizea mindu gabe", Jose Luis Otamendiren "Euri
kontuak", Juan Kruz Igerabideren "Botoi bat bezala", Joxan
Sagastizabalen "Gerturik daukagu odola"...
- Hartzea Lopez
Adanek eta Patricia Martinonek Gatuzain izeneko argitaletxea sortu zuten.
- Mixel Etxekopar,
Maddi Oihenart eta Mixel Arotzek "Lurralde zilarra" diskoa plazaratu
zuten; Oskorrik "Pub ibiltaria" bildumaren hirugarren alea; Txomin
Larrondek "Harrapa airea"; Kukumiku taldeak "Arbasoak";
Caroline Philips-ek eta Mixel Ducauk "Zatoz gurekin"; Txomin Hegi,
Maialen Estekahandi eta Frantxua Cousteau antzerkilariek eta Karlos Gimenez
musikariak "Lur ezpalak"; Mikel Urdangarinek "Badira hiru aste";
Skalariak taldeak "Klub ska"; EH sukarra taldeak "sua urtzean";
Eneko Labegeriek "Nazio Berria"; Fermin Muguruzak "Brigadistak
Sound System"; Erramun Martikorenak "Elorrietan loreak"...
- Elhuyarrek "Gizarte-Lanerako
Hiztegia" plazaratu zuen liburu eta CD-ROM formatoan. UZEIk, berriz,
"Ekonomia eta finantza" euskara-gaztelania hiztegia kaleratu zuen
eta Deustuko Unibertsitateak "Euskararen hotsak" deituriko CD-ROMa.
- Bertsozale gazteek
euren besta eguna ospatu zuten Baionan, ekainaren 10ean. Besteak beste, Xabier
Silveira, Oihane Enbeita eta Amets Arzallus aritu ziren saio arautuan.
- Sendoa argitaletxeak
Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki-ren gertaera eta txisteak bildu zituen
"Gertaerak eta txisteak" liburuan.
- Xabier Amuriza
bertsolariak Xalbadorren bat-bateko bertsoen antologia aurkeztu zuen Atharratzen
martxoan: "Xalbador: bat-bateko mirakulua".
- Maskarada taldeak
"Izarretako bitakora" antzeztu zuen, Koldo Ameztoik "Makilargi"
("Hitzabil" ipuin kontalarien festibal berriaren lehen emanaldia
izan zen), Hika taldeak "Arrautza delikatuak", Ortzibarrek Mattin
Irigoienen "Hautsi da kristala", Orratx! taldeak "Ordaindu?
Bai zera!", Joxemari Karrerek "Mingain haragia" Iruñeko
Antzerki Aroa deituriko jaialdian...
- Azaroan, Pierre
Bordazarre Etxahun-Iruri zenaren heriotzaren 20. urtemuga gogoratzeko asmoz,
beronek idatziriko azken obra, "Iparragirre" pastorala, taularatu
zuten Urdiñarben.
- Pier Paul Berzaitz
abeslari eta musikari muskilditarrak sortutako "Euskal Spiritu"
ikuskizuna taularatu zen Zuberoan.
- Jose Inazio
Ansorenak idatzitako ipuinaren inguruko "Kattalin txiki" ikuskizuna
estreinatu zuten Euskadiko Orkestra sinfonikoak, Txotxongilo taldeak eta Loinaz
Jauregik.

- Antton Olariaga
Usurbilgo irudigileak marrazkigintzan, ilustraziogintzan eta kartelgintzan
egindako lanak bildu zituzten Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean zabalduriko
erakusketan. Bilbon, berriz, Andres Nagelen margo eta eskulturak erakutsi
ziren. Iruñean Jose Luis Zumeta, Tony Grady eta Nelson Villalobok Picassoren
"guernica" obran oinarrituz egindako lanen erakusketa zabaldu zuten
udan.
- Euskaltzaindiak
Andres Iñigo Ariztegi nafarra euskaltzain oso izendatu zuen otsailean
Baionan egindako batzarrean. Federiko krutwigen lekua hartu zuen.
- Euskara Elkarte
eta Herri Aldizkarien Topaguneak bere bigarren batzar nagusia egin zuen Durangon
apirilean. Kultur Errota gehiago indartzea eta Nafarroa eta Iparraldera ere
zabaltzea planteatu zuten.

- AEK-k Aizu!
aldizkari berritua aurkeztu zuen azaroan. Egitura, eduki eta aurpegi berriarekin,
hilero AEK-ko ikasleei doan bidaltzeko erabakia hartu zuten.
- Gara
egunkariak zero zenbakia aurkeztu zuen urtarrilaren bian. Hamar mila inguru
akziodun eta 1.200 milioi pezeta bildu zituzten proiektu berrirako, Mertxe
Aizpurua zuzendariak eta EKHE editorialeko kontseilari ordezkariak jakinarazi
zuenenez.

- Zabalik
Correo Taldearen euskarazko astekariaren lehen alea argitaratu zen azaroaren
hondarrean. Nerea Azurmendi izendatu zuten egunkari itxurako argitalpen honen
zuzendari.
- Argia
aldizkariak bere bertsio elektronikoa jarri zuen Interneten. Bestalde, Iñaki
Uriak Euskaldunon Egunkaria-ren webgunea aurkeztu zuen Renoko Aste
Nagusiaren barruan, uztailean.
- Ekainaren 19an
Euskarazko Herri Telebisten lehen bilkura egin zuten Oiartzungo Pagoarten.
- Elhuyarrek Microsoft
enpresaren Office 2000 osatzen duten Microsoft Word, Excel eta Outlook programak
euskaratu zituen.
- Telefonica,
EITB, EHU eta UZEI erakundeek elkarlanean eratutako euskarazko boz ezagutzailea
aurkeztu zuten Bilbon azaroan.
- Eibar.org elkarteak
Aurki Interneteko euskara hutsezko lehen bilatzailea jarri zuen martxan: http://www.eibar.org/aurki.
- Hil ziren:
- Jose Antonio Loidi idazle eta botikari errenteriarra. "Amabost egun
Urgain'en" lehen polizi nobela idatzi zuen eta euskaraz mintzatzen zen
lehen detektibea asmatu zuen.
- Bernardo Estornes Lasa idazle,
historialari eta ohorezko euskaltzaina.
- Pat Bieter Estatu Batuetako Idahoko euskal komunitateko eragile nagusienetakoa,
auto-istripu baten ondorioz.
- Juan Mari Segües aktore donostiarra. Donostiako antzoki publikoaren
programatzaile eta Orain taldearen sortzaileetako bat izan zen.
- Iñaki Eizmendi Basarri
bertsolari eta kazetaria.

1999,
Donibane Garazi - Kontrabaxua isildu da
| 1999, Tutera - Denbora galduaren bila

Otsoen isiltasuna, Hasier Etxeberria
| Antton Luku: «Espontaneitate handiko
garaia da» | Euskara larri dabil,
Gotzon Garate | Carlos
Zabala: «Euskal Herrian ez dago zine industria sortzeko borondaterik»
Gure Mendea