kronologia
1998
- ETAk su-etena
egin zuen.
- Lizarra-Garazi
akordioa sinatu zen.
- Botere Judizialaren
Kontseilu Nagusiak (CGPJ) euskara epaileen lehiaketa guztietan meritutzat
hartzen duen araudia onartu zuen.
- Abokatu Euskaldunen
Sindikatuak aldibereko itzulpen sistema ez onartzeagatik abokatuak zigortzea
erabakitzen zuten epaile eta magistratuak «markatzeko» asmoa agertu
zuen.
- Aitor Idiakez
eta Joxe Felix Illarramendi ofizioko abokatuak espedientatu egin zituzten
gaztelaniazko itzulpena ez onartzeagatik.
- Euskararen
Aholku Batzordeak onespena eman zion Euskara Biziberritzeko Planari.
- Euskararen
Normalkuntzarako Instituzioen arteko Batzordeak irailean hartutako erabakiaren
arabera, antzinatasun meritua aintzakotzat hartzeko, EGA titulua edo parekoren
bat aurkeztu beharko dute epaileek.
- EKBk, EHEk,
Abokatu Euskaldunen Elkarteak eta UEMAk Euskal Herriko Justizia Administrazioan
euskararen erabileraren normalkuntza lortzeko oinarriak aurkeztu zituzten
urrian.
- Imanol Bolinaga
EAJko senadoreak Nortasun Agiriaren bulegoetan hizkuntza larriki diskriminatzen
zela agertu zion Mayor Orejari. Nortasun agiriko izena euskal grafiaz gordetzeko
«arazo teknikoak» zeudela erantzun zion Espainiako Barne ministroak.
- Ipar Euskal
Herriko hamabi kultur elkartek Deiadar kanpaina bultzatu zuten, "Bete hitza,
euskarari lege geriza" lelopean. Bi eskakizun aldarrikatu zituzten: Euskal
Herriko Garapen Kontseiluak onartutako beharrak asetzea eta euskararen ofizialtasuna
onartzeko Errepublikako legea. Kanpainaren amaiera-ekitaldi gisa, milaka euskaltzale
bildu ziren Baionan manifestaldian. Bi egunen buruan, Deiadar kolektiboko
ordezkariak Nicole Pery Frantziako Estatu idazkariarekin bildu ziren eta kanpainan
bildutako 15.000 sinadurak eman zizkioten.

- AEK-k, EHEk,
Ikastolen Elkarteak, Euskara Elkarteen Topaguneak eta Euskaldunon Egunkaria-k
Euskararen Ordua manifestu irekia aurkeztu zuten maiatzaren 30ean.
- Fagor enpresa
taldeko eta Emun Kooperatibako arduradunek euskararen erabilera areagotzeko
hitzarmena sinatu zuten Arrasaten.
- "Euskaldunak
munduan gaur egun: migrazioa, identitatea eta globalizazioa" izenburuko kongresua
egin zuten Renon, bertako Unibertsitateko Basques Studies Program eta University
Studies Abroad Consortiumen ekimenez.
- Euskararen
Gizarte Erakundeen Kontseiluak "XXI. mendearen akordioa: Bai euskarari" hiru
hilabete inguruko kanpaina antolatu zuen. Amaiera-ekitaldian, abenduaren 26an
118.000 lagunek Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz eta Miarritzeko futbol-zelaiak
bete zituzten. Xabier Mendiguren Bereziartu Euskararen Gizarte Erakundeen
Kontseiluko idazkari nagusiak aurreikuspenak gainditu egin zirela esan zuen.
Alderdi politiko, sindikatu eta hainbat elkarterekin hitzarmenak ere sinatu
ziren aurreko egunetan.

- UEMAko 17 alkatek
eta Gipuzkoako Kutxako ordezkariek beren arteko hartu-emanak euskaraz izateko
konpromezua hartu zuten.
- Ipar Euskal
Herrian euskarazko aisialdiak antolatzeko asmoz sortutako Uda Leku elkarteak
"Ez utz gure sagarra usteltzera" kanpaina antolatu zuen, zailtasun ekonomikoei
aurre egiteko.
- Sabino Arana
Kultur Elkargoak Nafarroako Lizarra Ikastolarekin eta Irujo Etxearekin hitzarmena
sinatu zuen euskararen erabilpen soziala bermatzeko eta Lizarra aldean euskararen
irakaskuntza sendotzeko.
- Euskal Herriko
bederatzi alderdik (AB, Batzarre, CDN, EA, EAJ, HB, ICV, IU-EB eta Zutik)
"Euskararen normalizaziorako konpromiso politikoa" izenburuko agiria sinatu
zuten abenduan.
- Urtea hastearekin
batera, euskaltegiak kriminaltzeko kanpaina bati ekin zion Madrilgo ABC
egunkariak, IKAko euskaltegi bateko ariketa bat aitzakiatzat hartuta. Otsailean
Bilboko Ulibarri euskaltegia erasotu zuen eta atzetik UA alderdiak eman zion
segida kanpainari, AEK-k Jarrai gazte-erakundeari 9 milioi pezetako diru-laguntza
eman ziola esanez. Mari Karmen Garmendiak euskaltegietako materialak zaintzeko
asmoa zuela argitu zien PP eta UAri eta Erramun Osa Bizkaiko AEK-ko arduradunak
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura batzordean agertu behar izan zuen
UAk AEKren aurka egindako erasoei erantzuteko.
- AEK-k Arangoitz
deituriko zentroa inauguratu zuen Zangozan.
- Ipar Euskal
Herriko AEK-k Postaren aurkako kereila aurkeztu zuen abenduan Baionako auzitegian,
helbidea euskaraz idatzita zuten gutunak onartzen ez zituelako.
- "Euskararentzat
hitzemanak obra" lelopean, bi mila lagun bildu zituen Seaskak Baionan.
- Denon Eskola
federazioa sortu zen Araban.
- Urruñako
guraso-talde batek "1.000 harri behar ditugu ikastola eraikitzeko" kanpainari
ekin zion otsailean.

- Ikasle Abertzaleek
manifestazioa egin zuten martxoan Bilbon, Madril eta Parisko gobernuen inposaketak
salatzeko.
- Jose Maria
Iribarren ikastetxeko 16 ikasleen gurasoek beren kabuz irakasle bat kontratatu
behar izan zuten ikastetxean D ereduko adarrik ez baitzen ireki.
- Seaskako Ziburuko
kolegioa estreinatu zen urrian. Hasiera batean hainbat zailtasun izan bazuten
ere, 80 ikasle eta 18 irakaslerekin zabaldu zituzten ateak.

- 2000-2005 Ikastolen
Plan Integralaren inguruan ikastolek eztabaida-prozesua ireki zuten. Antonio
Campo Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak eztabaida bi fasetan
egingo zela iragarri zuen: lehenengo fasean ikastolen hezkuntza eredua eta
zegokion talde-egitura aztertuko zituzten, bigarren fasean, berriz, ikastolen
hezkuntza eredua garatzeko balio zuen plana eztabaidatu eta zehaztuko zen.
- Europako Batasuneko
Sokrates programako saria Euskal Herriko Ikastolen Elkarteari eman zioten,
lau urtetik gorako haurrei ingelesa erakusteko erabiltzen zuten kalitatezko
sistemagatik.
- Labiaga ikastolako
irakasle, guraso eta langileek itxialdia hasi zuten azaroan ikastolak zuen
egoera salatzeko. Baldintza guztiak betetzen zituen arren, Nafarroako Gobernuak
ez zuen DBH osoa legeztatu.
- Seaska, Ikas
Bi eta Euskal Haziak sareetako irakasle talde batek "Kantiruri" izeneko konpaktua
eta liburuxka argitaratu zituen metodo pedagogiko baten laguntzaz. 25 kantu
biltzen zituen bilduma honek.
- Ziburuko Euskal
Kolegioa finkatzeko komiteak "Antxeta" diru-biltze kanpaina jarri zuen abian
azaroan.
- Euskal Itzultzaile,
Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteko bazkideek Itzulpengintza Lizentziaturaren
beharra azaldu zuten prentsaurrean, martxoan.
- Deustuko Euskara
Taldeak ikasle euskaldunen egoera salatu eta "Euskaraz ikasi nahi dugu
eta ez digute uzten" kanpaina bultzatu zuen martxoan.
- Baiona-Angelu-Miarritzeko
campuseko lehen harria jarri zuten apirilean, Angeluko Montory eskualdean.
- Gasteizko Legebiltzarrak,
Unibertsitate Antolakuntzarako Lege Proiektua onartu zuen. HB eta UA alderdiak,
gehiengo sindikala eta ikasle asko aurka agertu ziren.
- EHUko Euskal
Adarrak Euskara Batzordetik alde egitea erabaki zuen Euskararen Normalkuntzarako
Plangintza egiteko baldintzak ez zirela betetzen argudiatuz.
- Ttipi-Ttapa
fundazioak Euskara Batua eta euskalkiei buruzko Lehen Jardunaldiak antolatu
zituen.
- Euskal Kultur
Erakundeak Leihotik aldizkaria aurkeztu zuen.
- Zestoako Udalak
Ekaingo haitzuloaren erreplikaren maketa aurkeztu zuen azaroan. Renaud Sanson
izan zen maketaren egilea.
- Jaime Otamendi
eta Arantxa Iturbek Euskadi Irratian zuzendutako "Goizean behin" magazinak
2.000. saioa eskaini zuen apirilean.

- Baltasar Garzon
epaileak Egin egunkaria eta Egin irratia itxi zituen uztailean, ETAren
egitura ekonomikoaren barruan zeudela argudiatuz.

- Xorroxin irratiak
lizentzia eskuratu bazuen ere, Euskalerria Irratia batere gabe utzi zuten
berriz uztailean. Xorroxin irratiari eman zioten lizentzia. Euskalerria irratiak
banaketaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, lehiaketarako ebazpenean irizpide
politikoak nagusitu zirela argudiatuz. PSN eta UPNk ezik, Nafarroako alderdi
politiko guztiek, hau da, CDN, IU, HB, EA, Nueva Izquierda, Batzarre, EAJ
eta Alderdi Karlistak Euskalerria Irratiari lizentzia emateko eskaera egin
zioten Nafarroako Gobernuari irailean. Urrian Euskalerria Irratiaren aldeko
manifestazioa burutu zen Iruñean "Euskaldunok gurea" lemapean. Alderdi
politikoez gain, sindikatuak, Oinarriak taldea, Xorroxin Irratia, Zaldiko
Maldiko Kultur Elkartea, EHE, Miluze euskaltegia eta jende asko bildu ziren
manifestaziora.

- Euskara elkarte
eta herri aldizkarien Topaguneko Zuzendaritza Batzordeak Batzar Nagusia egin
zuen Durangon. Bertan herri-aldizkarien elkarlana bultzatzeko, Argia, Euskaldunon
Egunkaria eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin
kolaborazioa bideratzeko eta Gunepress publizitate zerbitzua sortzeko nahia
azaldu zuten.
- Xirrixtazaleak
eta Letrazopa elkarteek, arrazoi ekonomikoengatik Xirrixta eta Kometa
aldizkariak argitaratzeari utzi beharra azaldu zuten maiatzean.

- "Herri aldizkaria:
euskalki batua...?" izeneko topaketa egin zen Gasteizko Filologiako Fakultatean,
Gaur Euskara Elkarte eta Herri Aldizkarien Topaguneak, eta Euskal Herriko
Unibertsitateko Filologia Fakultateko Euskara Taldeak antolatuta.
- Nafarroako
Bortzirietako Ttipi-ttapa Telebista sortu berriak eta Oarso Telebistak Euskarazko
Herri Telebisten Federazioa sortu zuten irailean, euskaraz ari diren telebisten
indarra batzeko asmoz.

- Euskal Telebistako
programak Euskal Herri osora zabaltzeko errepikagailu berria jarri zuten Donapaleun.
- Euskal Idazleen
Elkartearen estatutua legeztatu zuten Baionan. Ordura arte ez zuen administrazio
frantsesaren onarpen ofizialik.
- Argitaletxe
independenteen lehen azoka antolatu zuten ekainean Miarritzeko Koliseo aretoan.
Bi egunez, Akitaniako eta Euskal Herriko 19 argitaletxe bildu ziren.
- Enbolike argitaldaria
sortu zen.
- Labayru Ikastegiak
Herri Literaturaz deituriko II. jardunaldiak antolatu zituen.
- Euskal Idazleen
Elkarteak Haur eta Gazte Literaturaren Lehen Biltzarra egin zuen Donostian.
Marijane Minaberri idazlea omendu zuten.
- Argitaratutako
liburuen artean: Joan Mari Torrealdairen "El libro Negro del euskera",
Harluxet fundazioak "Morris euskara-ingelesa hiztegia", Jasoen Osororen
"Tentazioak", Xabier Mendigurenen "Gure barrioa", Harkaitz
Canoren "Bizkarrean tatuaturiko mapak", Patxi Zabaletaren "Errolanen
harria", Koldo Izagirreren "Nik ere Germina! egin gura nuen aldarri"...
- Fermin Muguruzak,
Dut taldeak eta Gaitzerdi antzerki-taldeak "Ireki ateak" ikuskaria eskaini
zuten.

- Euskadiko Orkestra
Sinfonikoak Rafael Castro konpositore bilbotarraren "Lizardiren Bariazioak"
lana estreinatu zuen Gasteizen. Tolosan, berriz, Kilometroak 98ren aldeko
kontzertua eman zuen Benito Lertxundirekin batera.

- Euskal Herriko
Gazte Orkestrak, Lauzirika musikagileak enkarguz egindako "Itsaso ezkutuak"
lana estreinatu zuen Santurtzin, Juan Jose Menaren zuzendaritzapean.
- Leidor Abesbatzak
Eduardo Mokoroaren "Leidor" euskarazko opera estreinatu zuen Tolosan eta Erronkarin
"Gaiarre" ikuskizuna, Julian Gaiarre tenorearen omenez.
- Euskal Herriko
Txistularien Elkarteak zilarrezko domina eman zion Sixto Iragi Barasoaingo
txistulariari, txistuaren alde egindako lan guztia eskertuz. Silbestre Elezkano
Txilibrin albokariari ere gorazarre egin zitzaion abenduan, Bilboko Arriaga
Antzokian.
- Mikel Markez
eta Pako Aristik hainbat gogoeta, kantu, poesia eta istorio biltzen dituen
"Tribuaren hitz galduak" emanaldia eskaini zuten estreinakoz urrian Bilbon.
- Argitaratutako
diskoen artean: Zazpi Eskaleren "Barrenkaleko bluesak", Xabier Montoiaren
"Hemen", Piztiak taldearen "Argia eta itzala", Sasoi Ilunak
taldearen "Harakina", Latzen taldearen "Ardi larruz",
Gozategiren "Kalanbreak", Ruper Ordorikaren "Dabilen harria",
Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren "Apoaren edertasuna", Deabruak
Teilatuetan taldearen "Deabruak guarda!"...
- Nafarroako Bertsolari
Txapelketa Estitxu Arozenak irabazi zuen.

- Euskal Dantzarien
Biltzarrak txirulak egiteko lantegia zabaldu zuen Lapurdiko Hiriburu herrian.
- Kresala dantza-taldeak
"Inauteri, neguko festak" ikuskaria aurkeztu zuen otsailean. Berrogei dantzarik
eta hamar musikarik hainbat herritako inauterietako dantza eta musika tradizionalak
eskaini zituzten.
- Poitouko, Gaskoniako,
Bretainiako eta Euskal Herriko sei dantzarik "Lisa" obra garaikidea estreinatu
zuten Miarritzen. Eskualde bakoitzeko dantzak oinarritzat harturik osatu zuten
obra.

- Miarritze Kultura
taldeak "Behin bazen Hitzemana" 3. ipuin jaialdia antolatu zuen urtarrilean.
Bertako Chimeres taldeak Andree Chediden "Haurrak xutik" lanaren
euskarazko bertsioa estreinatu zuen.

- Antzerki-talde
amateurrak Baigorrin bildu ziren apirilean, "Baigorri Côte cour" deituriko
taldeak antolatutako topaketan. Bertan bilduriko 12 taldeetarik bakarrak aurkeztu
zuen euskarazko lana: Senpereko Kixka konpainia berriak.
- Iruñeko
Udalak "Hemengo antzerkia" deituriko zikloa antolatu zuen maiatzean, bertako
taldeak ezagutzera emateko xedez.
- Alfonso Sastre
Kultur Elkarteak "Euskal Herria eszenara: Herri bat antzerkigintzan" lelopeko
jardunaldiak antolatu zituen abenduan.
- Lotura Filmsek
"Ahmed, Alhambrako printzea" filma eta "Tortolika eta Tronbon" film laburra
egin zituen. Bigarrenak Txirri, Mirri eta Txiribiton ditu protagonistatzat.
- Jon Anduezak
zuzendutako "Bernar" film laburra estreinatu zen Urretxun.
- Iñaki
Elizalde zinemagile nafarraren "Lorca" film laburra estreinatu zen Iruñean
uztailean.
- Eusko Jaurlaritzako
Kultura Sailak bultzatutako Kimuak egitasmoa aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian.
Egitasmoak Euskal Herriko zinemagile gazteek egindako film labur onenak nazioarteko
jaialdi ospetsuenetan ikusteko aukera bideratzea zuen helburu.
- "Bergara (1926)"
film berreskuratua, ustez Mario Azkonarena, aurkeztu zuen Euskadiko Filmategiak
eta Bergarako Udalak. Bestalde, Euskadiko Filmategiak "Arrasate jaietan -
Mondragon en fiestas" filma aurkeztu zuen Donostian abenduan. Filmategiak
zaharberritutako azken film hau 1933 eta 1935 bitartekoa zen eta 12 minutuko
iraupenekoa.
- Sarobe Arte
Eskenikoen Guneak hiru laburmetraia estreinatu zituen Urnietan: Roberto Cibrian
eta Jordi Vidalen "Merry Chrispas" eta "Y en el camino" eta Iñigo Royo
eta Oscar Currasen "Requiem".

- Euskal Herriko
100 artista inguruk Gasteizko Montehermoso Kulturgunea okupatu eta arlo guztietako
ekintzak burutu zituzten, kultura eta arte adierazpenak jasotzeko azpiegiturak
aldarrikatzearren.
- Jorge Oteiza
eta Guggenheim Bilbao fundazioek elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten martxoan,
1999 urterako Oteizaren atzera begirako erakusketa ikusgai jarri ahal izateko.
Eskultore oriotarrak, ordea, bi egunen buruan atzera bota zuen hitzarmena.
- Euskal Arteari
Buruzko II. Jardunaldietan berpizkundeko euskal artea aztertu zuten martxoan.
- Hil ziren:
-
Gaspar Montes Iturrioz margolaria.
- Joanes Arrosagarai bertsolaria.
- Federiko Krutwig euskaltzaina.
- Imanol Laspiur euskaltzain urgazlea.
- Julene Berrojalbiz ikastolen alde lan ugari egindakoa.
- Miguel Pelay Orozko idazle eta pentsalaria.
- Luis Iturri, Arriaga Antzokiko zuzendaria.
-
Jon Etxaide Itarte idazle eta
itzultzailea.
-
Koldo San Julian, Egin-eko kolaboratzailea eta Argia astekariko
zuzendari izandakoa.
- Christian Borderie informatzaile grafikoa. Sigma eta Reuter agentzien Euskal
Herriko korrespontsala izan zen eta Sud Ouest egunkariko argazkilari lanetan
ere jardun zuen.

1998,
Donostia - Umorezko bide gaitzak

Liburuaren egunaren ondorengoa | Deiadar:
euskarari lege geriza | Berezko unibertsitate
baten alde BABen | Xabier Mendigureni elkarrizketa
| Unibertsitatea antolatzeko legea | Egin
itxi ondoren
Gure Mendea