kronologia
1997
- HBko Mahai
Nazionala kartzelaratu egin zuten, ETAri babesa ematearen akusaziopean.
- A. Erkizia
eta J. Etxabe abokatuek, beren bezeroen defentsa euskaraz eta itzulpenik gabe
egin nahi eta ezinean, epaiketa uztea erabaki zuten.
- Urko Aiartza,
Luis Barinagarrementeria eta Iban Ortiz abokatuek babes-helegitea aurkeztu
zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, beren bezero euskaldunak aldi
bereko itzulpenarekin defendatzea onartu ez zutelarik, defentsari «uko»
egin ziotela deliberatu baitzuen auzitegiak.

- Aldibereko
itzulpen zerbitzua onartzen ez duten abokatu euskaldunei desobedientzia delitua
leporatuko dietela ohartarazi zuen Donostiako Entzutegi Probintzialak ekainean.
- Ekainaren 23an
EAEko ordezko epaile eta magistratuak hautatzeko lehiaketan euskararen ezagupena
baloratuko ez dela zioen sententzia ezagutarazi zuen Auzitegi Gorenak.
- Botere Judizialaren
Lege Organikoak zioenaren kontra, euskarazko agiriak gaztelaniara derrigor
itzultzeko agindua eman zuen EAEko Auzitegi Gorenak. Itzulpen beharrik gabe,
euskarazko agiriek balio eta efikazia osoa dutela dio Lege Organikoak.
- Barañaingo
Udalak sei lanpostu betetzeko euskara jakitea ezinbestekotzat jotzen zuela
eta, lanpostu publikoetan euskara eskatzea legearen aurkakoa zela zioen epaia
kaleratu zuen Nafarroako Administrazio Arazoetako Auzitegiak.
- Euskarak Euskal
Herriko Justizia Administrazioetan pairatzen duen egoera larria normaltzeko
asmoz, Abokatu Euskaldunen Sindikatua osatu zen azaroaren 26an.
- Azaroan EHEko
sei kide epaitu nahi izan zituzten Bergaran, gaztelania hutsezko epaiketa
moztearen akusaziopean. Sei kideok beren aurkako epaiketa ere eten egin zuten,
euskaldunek euskarazko justizia izateko duten eskubidea aldarrikatu ostean.
Azaroaren 18an beste horrenbeste egin zuen Alfontso Sanz EHEko kideak Gasteizen.

- Hizkuntzen
Itunak Frantziako Konstituzioa urratzen zuela adierazi zuen Estatu Kontseiluak.
Jean Haritxelhar Euskaltzaindiko lehendakariak eta Euskal Konfederazioko Jean
Louis Hariñordokik Konstituzioa aldatzeko eskatu zieten Lamassoure
eta Bayrou ministroei. Arazo honen kariaz, Euskara Legez elkartea sortu zen
Baionan. Mila eguneko epea eman zion Frantziako Gobernuari Konstituzioa aldatzeko
eta, horrela, euskararen ofizialtasuna lortzeko.
- Iparraldeko
bankuek euskara erabil zezaten kanpaina egin zuten Seaskak, EHEk eta Euskal
Konfederazioak.
- Angeluzain,
Baionako Abertzaleen Batasuna, EHE eta Gazteriak taldeek auto karabana batez
RN-10 zeharkatu eta "Euskaraz" zioten afixak itsatsi zituzten bide-seinaleetan.
- Euskararen
Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zen abenduaren 6an Durangon. Euskal Herriko
49 elkarte eta erakunde eta 100.000 lagun ordezkatzen zituen denera.

- Mauleko Eperra
Ikastolako ikasgelen egoera tamalgarria ikusirik, Habia elkarteak Sohütan
ikastola berria eraikitzeko kanpainari heldu zion urtarrilean. Ekainaren 30ean
estreinatu zen eraikin berria. Ez zen Ipar Euskal Herriko bakarra izan: Angeluko
haurrek ere ikastola berria lortu zuten urrian.

- Marcel Monlong
Baigorriko auzapez eta kontseilari nagusiak «Seaska terroristen haztegia»
zela adierazi zuen Paueko Kontseilu Nagusian. Horrekin konforme ez eta haurrak
«ikastola politizatu eta estremista» horietara eramaten zituzten gurasoen
izenak argitaratu zituen udaleko aldizkarian.
- Europako Batasuneko
Hezkuntza Batzordeak Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen "Story Projects"
eleaniztasun proiektua subentzionatu zuen.
- D ereduaren
alde lan egiteko Sortzen izeneko guraso-elkartea jaio zen Iruñean.
- Seaskak protestaldia
egin zuen maiatzaren 6an Baionan, Frantziako Hezkuntza Nazionaleko ibilmoldea
salatzeko eta 1994an sinatutakoak bete zezan eskatzeko.

- Ohakoak euskarazko
Ipar Euskal Herriko lehen haurtzaindegia zabaldu zen Miarritzen.
- Protestan ekin
zion urteari AEK-k: urtarrilaren 24an Nafarroako Gobernuaren «jokaera ukatzaile
eta baztertzailea» salatu eta euskararen eskubideak aldarrikatu zituen, legez
eman beharko litzaiokeena baino 7 milioi pezeta gutxiago jaso baitzituen.
Euskal Autonomi Erkidegoko administrazioari dagokionez, maiatzaren 23an lortu
zuten euskalduntze-alfabetatze erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura
Sailak 1997rako akordioa. Hitzarmenaren arabera, AEK-k 481 milioi pezeta jasoko
zituen.
- Baionako AEK-ko
gau eskolak egoitza egokiaren behar gorria agertu zion Herriko Etxeari. Gainera,
jarrera ezkorra salatzeko modu gisa, Kokorika Saria eman zioten Jean Grenet
auzapezari.
- Basauriko AEK-ko
euskaltegia inauguratu zuten otsailaren 15ean. 500 ikaslerentzat prestaturiko
zentro hau Euskal Herriko garrantzitsuenetarikoa bilakatu zen.
- Hamargarren
Korrikak marka guztiak apurtu zituen. Aita Villasante omendu zeneko edizio
hau martxoaren 23an abiatu zen Arantzazutik eta Joan Mari Torrealdaik idatziriko
mezua eraman zuen Bilboraino. 2.150 kilometro egin zituen guztira.

- Espainiako
komunikabide batek AEK kriminaldu nahi izan zuen abenduan, euskaltegi batean
«Bahitzailearen jokoan» aritu zirelako. "Hitzetik hortzera 7" liburuko
ariketa hau Biblioteca de Recursos Didácticos Alhambra etxeak 1986an
argitaraturiko "Expresión Oral" liburutik hartuta zegoela azaldu zuen
AEK-k eta egunkariaren jokabide zikina salatu zuen.
- Andres Urrutiak
Alfonso Irigoienek utzitako lekua hartu zuen Euskaltzaindian.

- Lengoaiarako
Euskal Ikergune Aniztuna sortu zen, euskararen prozesamendua lantzeko helburuz.
- Fernando Mikelarena
historialariak eta Patxi Larretxea soziologoak Nafarroako euskararen galerari
buruzko azterketaren emaitzak aurkeztu zituzten UEUn.
- Koldo Zuazo
EHUko irakasle eta doktoreak Nafarroako euskalkien mapa aurkeztu zuen Iruñean
UEUk antolatutako dialektologia jardunaldietan. Euskal Herriko euskalkien
behin-behineko sailkapena ere aurkeztu zuen.
- Gure Irratia,
Xiberoko Botza eta Irulegi irratiak, Euskal Irratiak deitu egitura sortzea
onartu zuten aho batez apirilaren 25ean. Urrian lau orduko albiste, emankizun
edo saio komunak zabalduko zituztela iragarri zuten.
- Zenbat Gara
elkarteak sortu eta Kafe Antzokian kokatutako Bilbo Hiria Irratiak etengabeko
emisioari heldu zion maiatzean.
- HBk batetik
eta EAk, IUk eta CDNk bestetik, Iruñean banatuko ziren bi irrati-lizentziatatik
bat irrati euskaldun batentzat izatea proposatu zioten Nafarroako Gobernuari.
UPNk uko egin zion mozioari, lizentzia berriak irrati komertzialentzako direla
eta Iruñean euskarazko irrati komertziala bidera-garria ez dela argudiatuz.
PSN-PSOEk erregionalistekin bat egin zuten.
- Egunkariak
eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak diru-laguntzarako aurreakordioa adostu
zuten. Hiru urtez igo gabe egondako diru-laguntza publikoa 140 milioi pezetan
finkatu zen.
- Sud Ouest
egunkarien taldeak La semaine astekariko kapitalaren gehiengoa erosi
zuen.
- Euskal Telebistako
langile batzordeak satelite bidezko Galeusca katean euskarak toki sinbolikorik
ere ez zuela salatu zuen. ETBko zuzendaritzak gezurtatu egin zuen salaketa.
- "Goenkale"-ren
500. atala eman zuten martxoaren 7an. Azterketen arabera, Pausokak ekoiztutako
telesaila arrakastatsua, telebista aurrean ziren euskaldunetatik %30k ikusten
zuten.

- Baigorriko
Aldudarrak elkarteak sorturiko telebista eta Canal Bilbao emititzen hasi ziren.
- Uztailean Bertsozale
Elkartearekin lortutako akordioari esker eta lau urteko etenaldiaren ondoren,
ETB "Hitzetik hortzera" saioa emititzen hasi zen azaroan.
- ETBk, Euskal
Kulturaren Aldeko Sindikatuak eta Frantziako Telebistako Talde Teknikoak Ipar
Euskal Herrian Euskal Telebistaren kaptaziorako 27 errepikagailu jartzeko
akordioa adostu zuten.
- ETBk telebistarako
ekoiztutako lehen film luzea estreinatu zen: Ivan Belastegik idatzi eta zuzenduriko
"Agur, Olentzero, agur".

- Argitaratutako
hainbat liburu: Koldo Izagirreren "Non dago Basque's Harbour", Ur apalategiren
"Gauak eta hiriak", Harkaitz Canoren "Telefono kaiolatua", Joseba Sarrionandiaren
"Hitzen ondoeza", Ibon Sarasolaren "Euskal Hiztegia", Piarres Xarritonen "Euskara-Frantsesa"
hiztegia, Joan Mari Torrealdairen "Euskal Kultura gaur. Liburuaren mundua"...
- "Euskal Kultura
eta Multimedia" izeneko eztabaida antolatu zuen Kulturlan taldeak eta Begi
Multimedia lantegiak, Donibane-Lohizuneko Olano gunean, otsailean.
- Joxemi Zumalabe
Fundazioa sortu zen. Herri mugimenduek behar dituzten zerbitzuak eskaintzea
jarri zuten helburu.

- Euskal Kultur
Erakundeak "Euskararen hatsa" erakusketa antolatu zuen abuztuan.
- Jalgi Internet
teknologian oinarritutako komunikazio-zerbitzaria aurkeztu zuten Zamudioko
Parke Teknologikoan azaroaren 25ean.
- Ttanttaka taldearen
"El florido pensil" antzezlanak Ercilla saria jaso zuen. Estreinatu zutenetik
euskaraz, katalanez eta gazteleraz 300 saio baino gehiago egin zituzten.

- Reina Sofia
Museoak Picassoren "Guernica" Guggenheim Museora ekartzeari ezezkoa eman zion.
Obraren egoera hauskorra jarri zuen arrazoitzat.
- Jorge Oteiza
Fundazioa aurkeztu zuten jendaurrean.
- Nafarroako
36. Bertsolari Txapelketa Xabier Silveira gazteak irabazi zuen.

- Euzkitze, Enbeita,
Telleria eta Peñagarikanok uko egin zioten Euskal Herriko Txapelketa
Nagusian parte hartzeari. Donostiako Anoetako Belodromoan jokatutako finalean
Andoni Egañak jantzi zuen txapela. Bigarren postua Sebastian Lizasorentzat
izan zen eta Unai Iturriagarentzat hirugarrena.

- Gotaiñe-Iribarnen
"Xiru" jaialdia antolatu zuten martxoan. Mixel Etxekopare, Beñat Axiari
eta Joxan Artze izan ziren, besteak beste, "Harria eta Herria" deitu VIII.
jaialdi honetan.
- Robert Delcoix-ek
Baiona-Euskal Kosta Erregioko Orkestra zuzendariak bere kargua utzi zuen musikariekin
zituen arazoak zirela-eta.
- Gabriel Arestiren
poemak hari nagusitzat dituen Juan Cordero konpositorearen "Euskadi" obra
sinfonikoa estreinatu zuten, Euskal Herriko Unibertsitateko Abesbatza eta
Bilboko Orkestra Sinfonikoak.
- Tapia eta Letura
Band taldeak despedida kontzertua egin zuen Bilboko Kafe Antzokian, azaroan.

- Argitaratutako
hainbat disko: Hiru Truku taldearen "Mendebaldeko euskal kantuak", Larrua
Truk-en "Aurpegi biren jabe", Deabruak Teilatuetan taldearen "Zein da zein?",
"Oskorri & the pub ibiltaria", Joxe Ripiau taldearen "Karpe Diem", "Alaitz
eta Maider", Maixa eta Ixiar bikotearen "Mantalgorri", Gariren "Eguzki berritan
zaude", "Anari"
- Euskadiko baleta
entsegu lokaletatik bota zuten urtarrilean, alokairua ordaintzen ez zuelako.
Zazpi milioi pezeta (350 mila libera) zor zituen.
- Euskal Koreografo
Berrien lehen erakusketa egin zuten Gasteizen, Lasarte-Orian eta Bilbon.
- Juan Antonio
Urbeltzen "Kondhairan" dantza-ikuskari berria estreinatu zuten Bilboko Arriaga
Antzokian ekainaren 28an. Lan berri hau Argia dantza-taldeak eta Koldo Ameztoi
ipuin-kontalariak taularatu zuten.
- Mizel Theretek
eta Johanna Etxeberrik "Hiru dantza" izeneko ikuskizun berria estreinatu zuten
Miarritzen, Maitialdia jaialdiaren VII. ekitaldiaren baitan.
- Eremu Urriko
Hizkuntzen Zinemaldiaren antolatzaileek 1997ko ekitaldia bertan behera uztea
erabaki zuten. Azpiegitura eta aurrekontu arazoak aipatu zituzten.
- Hil ziren:
-
Daniel Txopitea eta Flores Kaperotxipi
pintoreak.
- Jose Mari Azpiroz euskaltzain urgazle leitzarra.
- Karlos Santamaria zientzialari
eta humanista euskaltzalea.
- Mattin Carrere Arbonako apeza, eliza munduan, euskal kulturan eta politika
arloan lan handia egin zuen euskaltzalea.
- Jean Louis Maitia, euskal kulturaren bultzatzaile eta euskararen eragilea.
- Marc Legasse, idazle eta historialari anarkista.
- Maria Dolores Agirre, idazle eta itzultzaile errezildarra.
- Mariano Estornes Lasa idazle izabarra.
- Jose Maria Gonzalez Bastida, Easo abesbatzako zuzendari izandakoa.
-
Manuel Turrillas konpositore nafarra.
-
Manuel Tuñon de Lara EHUko irakaslea.

1997,
Bilbo - E la nave va

Txomin
Hegiri elkarrizketa | Guggenheim eta ikuskarien
politika | Motxila bete harri | Iñaki
Zabaletari elkarrizketa
Gure Mendea