kronologia
1996
- UEMAk III.
Jardunaldiak antolatu zituen Leitzan, "Udalerriak bizirik" lelopean. EAJko
udaletako ordezkariak ez ziren joan UEMA kutsu politikoa hartzen ari omen
zelako.
- Nafarroako
Gobernuak Euskara Batzordea sortu zuen martxoan.
- Funtzionarioen
euskalduntze plan berria Ertzaintza eta Osakidetzara ere iritsiko zela agindu
zuen Mari Karmen Garmendiak. Bost urteko epean 1.000 funtzionario inguru euskalduntzea
aurreikusten zen.
- Presoen hizkuntz
eskubideen aldeko astebeteko gose-greba egin zuten 15 kidek Donostiako Artzain
Onaren katedralean, kartzeletan «euskara errepresio tresna gisa» erabiltzen
zutela salatzeko.
- Euskal Batasunak
antolaturik, "Euskara, batasun, nortasun eta oraikotasun sortzaile" leloa
eztabaidatu zuten euskal alorreko hainbat ordezkarik. Bertan bildutako kide
guztiak bat etorri ziren euskararen ofizialtasunaren behar gorria azpimarratzean.
- EHEk mediku
euskaldunak exijitzeko kanpaina egin zuen. Osasunaren arloan bizi den egoera
«latza eta lotsagarria» dela salatu zuten, sendagile askorekin ezin
baita euskaraz egin. Ez zen euskararen aldeko kanpaina bakarra izan: EKBk
"Eman euskarari berea" deiturikoa bultzatu zuen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura
eta Hezkuntza sailek "Ahoz aho belaunez belaun" lelopekoa, euskararen transmisioak
bizirik irauteak duen garrantziaz ohartarazteko.
- EKBk euskal
hiztunek jasaten duten baztertzea eraman zuen Nazio Batuen Erakundera apirilean.
64 diskriminazio-kasu aurkeztu zituzten adibide gisa.
- Iruñeko
udalak euskara diskriminatu egiten duela salatu zuen Ortzadar dantza-taldeak,
udalaren diru-laguntza jasotzen duten dantzaldien propaganda gaztelaniaz bakarrik
egin daitekeela dioen klausula batengatik.
- Euskal Herriko
euskara-elkarteen bilguneak eraketa-biltzarra egin zuen Durangon.
- Anuntxi Aranak
euskarazko tesia aurkeztu zuen, Baionako Fakultateko lehena.
- Euskara eta
Euskal Kultura bultzatzea helburu duen Amalur elkartea sortu zen Baionan,
Gurien Bai elkartea Iurretan eta Doike elkartea Baztanen; Deba Garaian, berriz,
Euskalan elkartea, lan-munduan euskararen erabilera bultzatu eta normalizatzeko.
- Euskal Herriko
Farmazilari Euskaldunen Elkartea sortu zen.
- AEK, IKA Oinarriak
eta EKB erakundeek deiturik manifestazioa egin zen ekainean Iruñean,
euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren borondate eza
salatzeko.
- Eskola Maparen
kontrako protestak nabarmendu ziren urtarrilean. EKB eta EHE erakundeek A
eta B ereduak mantentzea ikusten zuten, batez ere, desegoki. Halaber, Bizkaiko
Gurasoen Elkarteek antolatuta, eta EILAS, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek lagunduta,
Eskola Maparen aurkako manifestazioa egin zuten Bilbon. EHNE sindikatua ere
kexu azaldu zen, herri nekazariak kontuan hartzen ez zirela argudiatuz. Herri
txikietako eskoletako ordezkariek Eskola Mapa «hiriaren ikuspegitik egina»
zegoela gehitu zuten. A ereduan ikasten zuten ikasleen gurasoek, berriz, beren
seme-alabak baztertu egiten zirela. Urtarrilaren 30ean Derrigorrezko Bigarren
Hezkuntzako Eskola mapa behin betiko onartu zuen Eusko Jaurlaritzak.
- Nafarroan ere
ez ziren batere konforme Eskola Maparekin. Sortzen plataformak euskal irakaskuntzaren
bereizgarriak kontuan hartu ez izana salatu zuen.
- Partaide kooperatibak
irakaskuntza publikotik at zeuden 49 ikastola bildu zituen, berauen gestio
enpresarialaz arduratzeko helburuaz.
- Iruñeko
Axular udal ikastolako guraso eta haurrek bizikleta-martxa egin zuten martxoan,
Txantrea auzoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza D ereduan irakatsiko lukeen
institutua eskatzeko.
- Maiatzaren
19an Herri Urrats Ttipia egin zuten Pariseko Euskal Etxean.
- Geurea Ikastola
taldeak (Beasaingo ikastolak publiko izaera hartu ostean, sare pribatuaren
aldekoek sortutako elkarteak) ikastola berria eraiki zuen Beasainen.
- Joseba Jaka
zenak abiatutakoari jarraikiz, Euskalgintza Elkarlanean fundazioa sortu zen.
- Mondragon Eskola
Politeknikoak, Oñatiko Enpresa Eskola Teknikoak eta Eskoriatzako Irakasle
Eskolak Mondragon Unibertsitatea sortu zuten.
- Nafarroako
Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Normalizaziorako Batzordeak dimisioa aurkeztu
zuen bere lana kontuan hartzen ez zelako. Euskara Batzordeak aurkeztutako
proposamen guztiak bota zizkion atzera errektoreak.
- Ikasle Abertzaleak-ek
NUPeko departamentuak okupatu zituen irakasle euskaldunak eskatzeko.
- Enrike Lopezek
34 egun egin zituen gose-greban, EHUko irakasle kaleratuen aferaz protesta
egiteko. Gero Antton Azkargortak hartu zion erreleboa.
- Soraluzen Pil
Pilean herri-aldizkaria sortu zen, Basaurin Bost Axola hilabetekaria,
Usurbilen Noaua! hamabostekaria eta Lezon, Orratx!.
- Euskalkom euskal
prentsari buruzko jardunaldiak antolatu zituzten maiatzean. Euskal prentsaren
diagnostikoa egitea eta euskarazko prentsako agenteen arteko elkarlana bultzatzea
izan zen Donostiako jardunaldi hauen helburu nagusia.
- Xirrixtazaleak
elkarteak Kometa aldizkariaren lehen zenbakia plazaratu zuen urrian.
Xirrixta-ren haritik jarraituz, 8tik 14ra bitarteko gaztetxoei zuzendutako
aldizkaria zen.
- Lapurdum
linguistika, literatura eta giza-zientzien inguruko euskarazko aldizkaria
aurkeztu zuten Baionan abenduaren 16an.
- El periodico
de Alava egunkariak lehen zenbakia plazaratu zuen abenduan.
- OTB Oarso Telebista
eta Canal Gasteiz telebistak sortu ziren.
- ETBren Iparraldeko
lehen errepika-gailu ofiziala inauguratu zuten Kanbon.
- Galeuzca satelite
bidezko telebista aurkeztu zuten Buenos Airesen. Euskal Telebista, Galizia
eta Kataluniako telebisten elkarlanari esker burutu zen proiektua.
- Euskadi Irratiak
EITBren Miramongo egoitza eta sistema berriak estreinatu zituen.
- Garikoitz Berasaluze,
Harkaitz Cano eta Iñigo Iruretagoiena Lubaki bandako kide ohiek, poesia,
musika eta bideoa batzen zituen "Bi itzal. Sua eta odola hitzaren intifadetan"
ikuskaria estreinatu zuten Errenterian.
- Europa Press
agentzia euskarazko albisteak eskaintzen hasi zen uztailean.
- Y Bertsozale
Elkarteak barnetegia eratu zuen, bertsolarien artean bizkaieraren erabilera
indartzeko. Xabier Amurizak prestatu zuen ikastaroko ikas-materiala.
- Ttipi-Ttapa
aldizkaria Internet sarean sartu eta orrialdea zabaldu zuen irailean. Euskarazko
lehen komunikabidea dugu web gisa argitaratua.
- Entzun!
euskara hutsezko musika-aldizkaria sortu zen.
- Iñaki
Alberdik Munduko Akordeoi Lehiaketa irabazi zuen Moskun.
- Peio Zabalettek
eta Jon Casenavek idatzitako "Ilargi Xendera" euskarazko opera taularatu zen
Baionan.
- Arrosan Euskal
Herria Zuzenean musika-jaialdia egin zen hiru egunez. Musika folklorikoa,
rocka eta soinu afrikarrak nagusitu ziren.
- Y Oskorrik mende
laurdena ospatu zuen Getxoko Folk Jaialdian.
- Sorotan Bele,
BAP! eta Negu Gorriak taldeek agur esan zuten.
- Berdantzaki
talde gasteiztarrak Gabriel Arestiren "Nire aitaren etxea" poeman oinarritutako
dantzaldia prestatu zuen urtarrilean.
- Aurtzaka dantza-taldeak
"Dantza berriak, doinu berriei jarriak" ikuskizuna eskaini zuen azaroan.
- Euskadiko Antzoki
Sareak 55 milioi pezeta banatu zituen 23 antzerki talderen artean. Diru-kopuruaren
%73, gazteleraz bakarrik aritzen ziren bederatzi taldek jaso zuten.
- Nafarroako
Antzerki Eskolak eta Iruñeko Udalak antzerkiarekin zerikusia duten
ekitaldiak euskaraz egin ahal izateko hitzarmena sinatu zuten.
- Euskal Antzerki
Talde Amateurren Elkartea aurkeztu zuten Diman. Afizionatua izateaz gain,
euskaraz aritzea eskatzen zitzaien kideei.
- Ttanttaka taldeak
Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetako saria irabazi zuen "El florido pensil"
lanari esker.
- Mutrikun Juan
Pison Pagoaga Juan de Landa aktorea omendu zuten. Besteak beste, Buster
Keaton, Greta Garbo eta Luchino Viscontirekin lan egin zuen.
- Zinea Euskaraz-ek
"Rainbow", "A close shave" eta "Ratty" filmak bikoiztu zituen zine-areto komertzialetan
pantailaratzeko. Banatzaile handiek, ordea, beraien filmak euskaratu ahal
izateko eskaerari ezezkoa eman zioten.
- Txillidaren
proiektuak eztabaida piztu zuen Kanariar uharteetan. Tindaya mendia hustea
eta honen barruan arte-gune bat sortzea zen hasierako asmoa baina zenbait
geologo, ekologista eta arkeologo kontra jarri zitzaizkion.
- Bilboko Guggenheim
Fundazioak Picassoren "Guernica" Bilbora ekartzea eskatu zion Reina Sofia
zentroari. Josu Bergara Bizkaiko diputatu nagusia ere Esperanza Agirre Espainiako
Kultura ministroarekin bildu zen gauza bera eskatzeko
- Hil ziren:
- Jose Antonio Arkotxa Atxukale antzerkigile eta euskaltzain urgazle
mutrikuarra.
- Marcelin Hegiapal, pastoraletako errejenta.
- Alejandro Aldekoa Aranburu txistularia.
- Jean Battitt Etxeberri euskaltzain urgazlea.
- Joseba Jaka Elkar eta Zabaltzen enpresetako gerentea.
- Juan Angel Etxebarria idazlea.
- Karmelo Iturria idazle eta musikaria.
- Martin Ugarte Azurmendi Saletxe idazlea.
- Estanislao de Aranzadi, Aranzadi argitaldariaren zuzendaria.
- Imanol Zaldua idazlea.
- Enrike Jorda Euskadiko Orkestra Sinfonikoko lehen zuzendaria.
- Pierrot Xerberro Lohidoi kantari zuberotarra.
- Karmelo Zubizarreta Karmel aldizkariaren zuzendari izandakoa.
- Alfonso Irigoien euskaltzaina.
- Xabier Azurmendi poeta, historialari eta ikerlaria.

1996,
Zarautz - Eremuak

Zinpekoen
epaimahaia eta hizkuntz eskubideak | Fito
Rodriguezi elkarrizketa | Gozategi taldeari
elkarrizketa | San Martzialetako alardea,
edo lehendik pattal zebilena nola txartu | Belarria
falta | Unai Iturriagari elkarrizketa
| Antonio Zabalari elkarrizketa
Gure Mendea