kronologia
1995
- ETAk Gregorio
Ordoñez PPko parlamentario eta Donostiako zinegotzia hil zuen.
- Mari Karmen
Garmendia Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu berriak Funtzionarioen Euskalduntze
Plana egokitu behar izan zuen, otsaileko azterketetan %54ak ez baitzuen zegokion
hizkuntz profila erdietsi. Piztutako eztabaida baretu nahian, inor kaleratzeko
asmorik ez zegoela adierazi ondoren, kontsentsua eskatu zuen euskaldundu ez
ziren funtzionarioen arazoa konpontzeko.
- Toubon Kultura
ministroak, Frantziak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna ez zuela sinatuko
jakinarazi zion Europako Bulegoari.
- Euskararen
aurkako erasoak salatzeko manifestazioak egin ziren urtarrilean Gasteizen.
EHEk eta HBk euskararen kontrako frontea osatu izana leporatu zieten PSE-EE,
PP eta UA alderdiei. Kultura eta Unibertsitate arloetatik Tolerantzia eta
Elebitasunaren Aldeko Agiria heldu zen otsailean. Hilabete beranduago, Geu
Gasteiz elkarteak euskararen idatzizko erabilera bermatzeko plana eratu eta
aurkeztu zuen, "Bada garaia. Gurekin euskaraz!" lemapean.
- Metroaren enpresak
euskararik erabiltzen ez zuela salatu zuten Bilboko euskaltzaleek. Bestalde,
Zenbat Gara kultur elkarteak euskarazko lehen kafe-antzokia jarri zuen Bizkaiko
hiriburuan.

- Euskal Kultura
sostengatzeko sortu berri zen Herrien Arteko elkarteak biltzar nagusia egin
zuen Urruñan. Euskararen aldeko hainbat ekintza aurkeztu zituen.
- Bermeoko Udalerri
Euskaldunen Festan UEMA bultzatzeko konpromezua hartu zuten EAJ, HB eta EA
alderdiek eta Eusko Jaurlaritzak.

- Nafarroako
Gobernuak euskalduntze-alfabetatze arloko diru-partidak murriztu egin zituen.
AEK eta IKA erakundeek eta Oinarriak plataformak UPNren helduen euskalduntzea
arautzeko planik eza salatu zuten.
- AEK-k Bentaberri
izeneko barnetegia zabaldu zuen Bizkaiko Foruan eta Urtats izeneko euskaltegi
berria Bilboko Irala auzoan. Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako
1.250 milioi pezetatik 351 milioi jaso zituen abenduan.
- Frantziako
gobernuak Euskaltzaindiaren ofizialtasuna onetsi zuen otsailean. Apirilean,
berriz, estuasun ekonomikoa samurtzeko moduko akordioa lortu zuen Hego Euskal
Herriko erakunde publikoekin. 154 milioi pezetako diru-laguntzaz gain, 65
milioiko zorra kitatuko zitzaiola agindu zitzaion akademiari.
- UZEI eta Elhuyar
erakundeek Windows-erako Word 6.0 programaren euskarazko bertsioa aurkeztu
zuten uztailean. Eusko Jaurlaritzaren babesean egin zen itzulpena.

- Seaska, Ikas-Bi
eta Irakaskuntza Katolikoko kideak Kanbon bildurik, Brevet eta Baxoa azterketak
euskaraz egin ahal izateko eskaria luzatu zioten Frantziako Hezkuntza Ministerioari.
- Azpeita, Azkoitia
eta Zestoa aldeko Izarraizpe ikastolako kideak, konponezinez, banatu egin
ziren eta pribatuaren aldekoek ikastetxe berria sortu zuten. Bilboko Gobela
ikastolan ere beste horrenbeste gertatu zen. Beasainen, berriz, ikastola sare
pribatuan geratzearen aldeko ikasle, irakasle eta gurasoek itxita aurkitu
zuten egoitza eta elizak utzitako hiru lokaletara eraman behar izan zituzten
haurrak ikasturte hasieran.
- Maila ez unibertsitarioan
ari diren irakasleentzat, Hik Hasi pedagogia-aldizkaria sortu zen.

- Bergarako UNEDeko
langileek kritika gogorrak egin zizkioten zentroa kudeatzen zuen patronatuari
eta Euskara Departamentua ixtearen aurka agertu ziren.
- Pello Salaburu
EHUko errektore hautatu zuten urrian eta Antonio Perez Prados NUPeko errektore.
- Ipar Euskal
Herriko Ikasleen Elkarteak bi hilabeteko ekinaldia burutu zuen Iparraldeko
unibertsitatearen eskakizunaz.
- Nikolas Xamardok
hasitakoari segida emanez, Jose Ramon Etxebarria irakasle kaleratuak gose
greba egin zuen hamabost egunez.
- Akitaniako
Komisio Iraunkorrak 550.000 liberako diru-laguntza eman zion Euskal Kultur
Erakundeari.
- Telepolis jardunaldiak
antolatu zituzten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean.
- Nafarroako
Aurrezki Kutxak Leizarragaren "Testamendu Berria" erosi zuen Londresko Christie's-eko
enkantean. 343 milioi pezeta pagatu zituen.
- Pizkundea eta
Deiadar erakundeek Euskal Konfederakundea osatzeko biltzarra egin zuten Kanbon.
Jean Louis Laka bertsolaria hautatu zuten lehendakariari.
- 35.000 euskaltzale
bildu ziren EEBBetako Boisen, Euskal Asteburua deiturikoan.
- Korrikaren
9. edizioak Mikel Laboa omendu zuen.

- Euskal Idazleen
Elkarteak Lubaki Bandak prestaturiko 1996rako literatur egutegia aurkeztu
zuen irailean.

- Euskarazko
entziklopedia orokorren urtea izan zen 1995. Urtarrilean "Lur Hiztegi Entziklopedikoa"
aurkeztu zuten egileek. Klaudio Harluxet Fundazioaren "Euskal Hiztegi entziklopedikoa"
abenduan heldu zen, Egunkaria-ren eskutik eta atalka.
- Argitaratutako
hainbat liburu: Joseba Etxarriren "Euskaldunon Amerika", Arantxa Iturberen
"Lehenago zen berandu", Koldo Izagirreren "Ez duk erraza, konpai", Jose Luis
Otamendiren "Lur bat zure minari", Juan Garziaren "Fadoa Coimbran", Patxi
Zabaletaren "Badena dena da"...
- Euskaldunon
Egunkariak itxura eta mamia berritu zituen.
- Paperzaleak
elkarteak Ostiela! aldizkaria plazaratu zuen.

- Radio 5-Navarra
irratiak euskarazko emanaldiak eten egin zituen «informazio-erritmoa hausten
zuelako».
- Amatiñok
utzi ostean, Iñaki Zarraoak hartu zuen ETBko zuzendaritza.
- Zabale anaiek
Trikiti Pieza Berrien Txapelketa irabazi zuten, Alazne Oiartzabal oiartzuarrak
Espainiako Akordeoi Sariketa eta Mungiako Pi L.T. taldeak Euskadi Gazteak
antolatutako Bosgarren Maketa Lehiaketa.

- Carmelo Bernaola
konpositoreak Antxon Zubikarairen lanean oinarrituriko "Euskadi" kantata aurkeztu
zuen Sabino Arana Fundazioan.
- Pedro Iturralde
Faltzesko jazzlariari omenaldia eskaini zitzaion Tuteran, Nafarroako Jaialdien
egitarauaren baitan.

- Negu Gorriak
taldeak eta Esan Ozenki diskoetxeak, "Hitz Egin" musika-jaialdia antolatu
zuten Oiartzunen, "Ustelkeria" kantuaren aferan jaso zuten epaiaren aurka
eta zigorra ekonomikoki estali ahal izateko. Bost bertsolari, bi kantari eta
hamabost talde aritu ziren aurreikuspen guztiak gainditu ziren kontzertu hartan.
- Argitaratutako
hainbat disko: Mixel Bedaxagarren "Otea lili denean", Andoni Egañaren
"Tximeletak sabelean", Parabellum taldearen "Txarriboda", "Gozategi", Zazpi
Eskale taldearen "Bertso berriak pobreziari jarriak", Negu Gorriak taldearen
"Ideia zabaldu", "Tapia eta Leturia Band", "Dut", Bittor Aiaperen "Gaztea
naiz, eta zer!", Jon eta Aitor Sarasuaren "Fauna txiki bat bertso berritan",
Xabier Montoiaren "Beti oporretan"...
- Oldarra taldeak
"Arranoa" koreografia aurkeztu zuen Xiru-6 jaialdian Gotañen.
- Philippe Oihanburu
dantzariak zuzendutako talde desberdinetako 200 dantzari talde bakar batean
bildu eta dantza emanaldiak eskaini zituzten Miarritzen.
- Lazkao Txikiri
omenaldi beroa eskaini zitzaion Lazkaon urtarrilean. Bertsolari Elkarteak
ez zuen parte hartu omenaldian, "Hitzetik hortzera" saioa zela eta, ETBrekin
zituen arazoengatik.
- Estitxu Arozenak
eskuratu zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketako sari nagusia, aitarekin lehiatu
ondoren. Estitxu eta Manolo Arozenaz gain, Bitor Elizagoien, Jexux Arzallus,
Amaia Telletxea, Mixel Aire, Alkar eta Xabier Silveira aritu ziren Leitzako
finaleko saioan.

- Joanito Dorronsorok
"Bertso doinutegia", hamabost urteko lanaren fruitua plazaratu zuen.
- Maialen Lujanbiok
eta Jon Maiak "Bertso berriak beharrari jarriak" ikuskizuna aurkeztu zuten
Basaurin.
- 300 haur inguru
bildu ziren Hendaian, Bertso Lagunak elkarteak antolaturiko Bertso Txiki Egunean,
ekainean.
- Juanba Berasategik
eta Eduardo Elosegik "Fernando Amezketarra" marrazki bizidunen seriea egin
zuten.

- Donostiako
Kultura eta Euskara patronatuek Zazpiki zinemagintzari buruzko euskarazko
aldizkaria sortu zuten.
- Euskal Herriko
Gidoigileen Elkarte Profesionala sortu zuen.
- Baionako Euskal
Museoak eta EKEk euskal bizimoduari buruzko erakusketa zabaldu zuten Baionan.
- Rafael Moneo
nafarrak Donostiako Kursaalerako egin proiektuaren aurka, Gran Kursaal Hiritar
Plataforma eratu zuten Donostian. Eusko Jaurlaritzak ere proiektua uztea erabaki
zuen azaroan. Hala ere, 1.500 milioi pezetako diru-laguntza eman zion proiektuari.
- Martxoan bi
pertsona atxilotu zituzten Zarautzen Oteizaren lau eskultura faltsutu izanaren
akusaziopean. "Cajas vacias" obraren kopia atzeman zuten Madrilen.
- Arte deituriko
Euskal Herriko lehen arte-supermerkatua ireki zuten Bilbon.
- Hil ziren:
-
Gabriel Ramos Uranga pintore eta grabatugile bilbotarra.
- Karmen Larunbe koreografo eta dantzari nafarra.
- Julio Caro Baroja antropologo, idazle eta historialaria.
- Faustino Azpiazu Sakabi trikitilaria.
- Carlos Villagran eta Arturo Delgado argazkilariak.
- Primi Erostarbe pandero-jole eta irrintzilaria.
- Gabriel Lertxundi musikagile ziburutarra.
Fraile beneditarra, mezarako kantu askoren egilea. euskal Herrian herriz herri
kantuak biltzen jardun ondoren, 1947an euskal kantuaren izaera azaltzen zuen
"Kantikak" liburua argitaratu zuen.

1995,
Arrokiaga - Agirreren seme-alabak

Jean
Haritxelharri elkarrizketa | Julen Kaltzadari
elkarrizketa | Kontxu Odriozolari elkarrizketa
| Martin Ugalderi elkarrizketa | Xanpuni
elkarrizketa
Gure Mendea