kronologia
1994
- 1994ko maiatzean
Frantziako Asanbladak onartu berri zuen Toubon legeak euskaltzaleen kezkak
piztu zituen, frantsesaren defentsarako egindako legetzat ez ezik, hizkuntza
gutxituen aurkako erasotzat hartu baitzuten. Jacques Toubon ministroaren proposamenak
frantsesa derrigorrezkotzat arautzen zuen ekitaldi, argitalpen edo idatzi
publiko guztietarako.
- Xuxen deituriko
euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoa aurkeztu zuten Donostian. Programa
UZEI, Hizkia eta Informatika Fakultateko Ixa taldearen arteko lanaren fruitua
da.
- Juan Mari Mendizabal
AEK-ko ordezkariak eta Joseba Arregi Kultura Sailburuak AEK eta HABEren arteko
akordio historikoa sinatu zuten Bilbon.

- Eusko Jaurlaritzako
Gobernu Kontseiluak HABEko euskaltegiak ixtea erabaki zuen. Fernando Buesa
sozialistak irakaskuntza publikorik nahi ez izatea leporatu zion EAJri.
- IKAk helduak
euskalduntzeko "Etxetik plazara" gehigarri didaktikoa plazaratu zuen.
- Herriko Etxeak
eraikitako ikastola berria estreinatu zen Hendaian.
- Iparraldeko
Erakasleak deituriko elkarteak euskarazko irakasleak prestatzeko eskola eskatu
zuen prentsaurrean Baionan.
- Urtea hastearekin
batera, sare publikoan sartu ez ziren ikastoletako 87 gela diru-laguntzarik
gabe utzi zituen Gasteizko gobernuak. Neurriak, Errioxako zentroak kaltetu
zituen bereziki. Halaber, EAEko 57 ikastolen publifikazio-dekretuak onartu
zituen. Gobernuak 2.500 milioi pezetako zorra hartu zuen bere gain.
- Uztailean,
eztabaida luze baten ondoren sare pribatuko ikastolen finantzabideari buruzko
akordioa lortu zuten Lehendakaritzak eta Hezkuntza Sailak, hots, EAJ eta PSE-EEk.
Ikastolen Elkarteak ere ontzat eman zuen akordioa.
- UEMAk "Udalerri
euskaldunak: oraina eta geroa" jardunaldiak antolatu zituen otsailean.
- Bermeo hogeita
bigarren udalerri euskalduna bilakatu zen abenduan.
- Euskararen
Jardunaldien karietara Baionan bildutako elkarteek Deiadar kolektiboak sorturiko
Euskararen Agiria hitzarmena sinatu zuten.
- Europako Legebiltzarrak
gutxien zabalduta dauden hizkuntzentzat babes juridikoa eta diru-laguntzak
lortzea helburu duen "Killilea txostena" onartu zuten. Horren arabera, 100
hizkuntzatik gora daude Europan, eta 50 milioi pertsona bere estatuan ofiziala
ez den hizkuntza batean mintzo dira.
- EHUko Arte
Ederretako ikasleek protestaldia egin zuten Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren
aurrean. Irakasle euskaldunen kontratazioa eskatzen zuten.

- Unibertsitatea
Euskalduntzeko Plataforma eratu zuten.
- Eusko Ikaskuntzak
hizkuntzaren kalitateari buruzko jardunaldiak antolatu zituen Bilbon.
- Mari Karmen
Garmendiak zuzentzen zuen HPIN departamentuaren eta Luis Mari Bandresen ardurapeko
EAJko kultura batzordearen alde jartzea leporatu zion Joseba Arregik Ardanza
lehendakariari. Euskal kulturaren mundutik zenbaitek -Kultur Kezkari buruz-
berari eraso egiten zioten bitartean, Mari Karmen Garmendia haiekin hizketan
aritzea ere salatzen zuen gutunean, bera gaiztoa eta Mari Karmen zintzoa izatearen
irudi zabalduarekiko mina agertuz. Gutuna filtratu zenerako, ordea, Arregik
arazoak konponduta zeudela eta lehendakariaren konfidantza osoa zuela adierazi
zuen.
- Euskal Kultur
Bidea, euskal kultura sustatu eta erakusteko Pariseko etxea itxi egin zuten
diru faltaz.
- Azaroan, hizkuntz
eskakizuna lortu ez zutela eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazioko
646 funtzionariok lan-postua galdu eta euren lekualdatzea iragarri zen istilu
artean. Eman berri ziren datuen arabera, lau urteetan 7.860 hizkuntz eskakizun
bete ziren.
- Nafarroako
eta Ipar Euskal Herriko euskarazko irratiek topaketak egin zituzten azaroan.
Xorroxin, Euskalerria, Aralar, Irati, Karrape, Irulegi eta Xiberoko Botza
irratiko ordezkariek parte hartu zuten.
- Euskadi Gaztearen
gaztelaniazko irratsaioak desagertu eta Donostiako eta Bilboko emisorek bat
egin zuten.
- Nafarroako
Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Administrazio
Zentralak EITB Nafarroan ofizialki jasotzeko akordiorako bideak zabaldu zituzten
martxoan. Urrian, ordea, Nafarroako Gobernuak ETBren seinalea hartzeko erabakia
atzeratzea deliberatu zuen, arrazoi politikoak argudiatu ostean.
- Jose Mari Oterminek
"Hitzetik hortzera" bertsolaritzari buruzko saioa mozteko agindua eman zuen.
Bat-bateko etenak sumindura sortu zuen: HBk eta EAk zentsura salatu zuten
eta Gazte Abertzaleak eta Jarrai gazte-erakundeek ETBren manipulazioa gogor
kritikatu zuten.
- Iñaki
Zarraoa EITBko zuzendariak milioi bat pezetako gainsoldata jaso zuela aitortu
zuen Joseba Arregik Eusko Legebiltzarrean.
- Pausoka ekoiztetxea
eta ETB "Goenkale" telesaila filmatzen hasi ziren ekainean.

- Argazkilarien
II. Biltzarra, Donibane-Garazin. Profesionalen erakusketan 30 obra ikusi ahal
izan ziren eta lehiaketako lehen saria Pierre Chaleon angeluarrak eraman zuen.
- Euskal Idazleen
Elkarteak Euskal Herriko Lehen Poesia Eguna antolatu zuen Donostiako Trinitate
plazan.

- Bilintx liburudendak
Euskal Herriko lehen megadenda zabaldu zuen Donostian.
- Argitaratutako
hainbat liburu: Joxean Sagastizabalen "Kutsidazu bidea Ixabel",
Anjel Lertxundiren "Otto Pette", Itxaro Bordaren "Bakean ützi
arte", Martin Ugalderen "Pedrotxo", Edorta Jimenezen "Azken
fusila", Juan Luis Zabalaren "Sakoneta", Patxi Zabaletaren
"Ukoreka"...
- Euskadiko Orkestra
Sinfonikoak "Orkestra eta biolinerako kontzertua" estreinatu zuen Gasteizko
Principal antzokian.
- Abenduan, Igor
Elorza eta Unai Iturriaga bertsolariek eta Txapel Okerrak musika boskoteak
Zazpi Eskale izeneko bertso eta musika ikuskizuna aurkeztu zuten Durangon
eta Aitor eta Jon Sarasuak "Fauna txiki bat bertso berritan" ikuskizuna.

- Gontzal Mendibilen
zuzendaritzapean "Olentzaro" musika-antzerki emanaldia eskaini zuten Bilbon
eta Joxan Artzek "Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat"
ikuskizuna, Donostian.
- Bixente Martinez,
Ruper Ordorika eta Joseba Tapiak Hiru Truku taldea sortu zuten.
- Argitaratutako
diskoen artean: Su ta Gar taldearen "Munstro Hilak", Imanol eta
Zabaletaren "Gaueko errondea", "Anje Duhalderen "Su gainean
dantzan", Aitor eta Jon Sarasuaren "Fauna txiki bat bertso berritan",
Juan Carlos Perezen "Atlantic River", Bap! taldearen "Lehertzeko
garaia", Hor Konpon taldearen "Gizaki standar 7534 zenbakiduna",
Beti Mugan taldearen "Oreka desorekan", Zaramaren "Binilo bala",
Mikel Markezen "Oroitzapenak oparitzen ditut"...
- Egan plaza-taldea
bitan banatzearen ondorioz, Trabuko eta Egan Berri sortu ziren.
- Donaixti-Ibarrekoek
"San Mixel Garikoitz" pastorala eskaini zuten.
- Euskarazko
antzerkia bultzatu nahian, Maskarada taldeak "Bilbon Antzerkia Euskaraz" ekitaldia
antolatu zuen. "Logalea zeukan ekilibristaren kasua" eta "Monstruo sakratuak"
obrak eskaini zituen.

- Bergarako Musika
Eskolak Victor Hugoren "Miserableak" lanaren euskarazko bertsioa eskaini zuen
Eibarko 17. Nazioarteko Antzerki Jaialdian.
- Bederen 1 taldeak
Ramon Agirreren "Errenta" obra estreinatu zuen Ordizian, In Fragantik
David Mamet-en "Oleanna" Azpeitiko Antzerki Topaketan eta Maskaradak
Oscar Wilderen "Ernesto izatearen garrantzia".

- Mixel Theret-ek
zuzenduriko Ekarle Baletak "Ozkak pikondo enborretan" obra estreinatu zuen
Baionan.
- 200 dantzari
bildu ziren Ezpeletan "Herri Dantzari" egunean.

- ETB eta Sogedasa
enpresa banatzailearen ekimenez, "Alargunaren Gailurra" filma eskaini zen
Euskal Herriko zine-aretoetan. Lehen aldia zen atzerriko film bat euskaraz
pantailaratzen zela.
- Eneko Olasagasti
eta Carlos Zabalak zuzendutako "Maité" film arrakastatsua, kubatarrekin
batera produzitua, estreinatu zen urrian.

- Elhuyarrek
"Ezagutu Gipuzkoa" euskaraz eginiko lehen CD-ROMa aurkeztu zuen.
- Baionako Euskaraz
Bizi elkarteak BAM euskara hutsezko aldizkariaren lehen zenbakia plazaratu
zuen urrian.
- Herrietako
aldizkariak euskal prentsaren adarrik inportanteena bilakatu ziren: 40tik
gora aldizkari zirela euskara hutsezko aldizkariak 40tik gora zirela eta guztien
artean 300.000 irakurle biltzen zituztela zioten datuek.
- PSE-EEk publizitate
instituzionalaren alorrean Egunkaria-rekiko zegoen boikota altxatzea
erabaki zuen apirilean, EAJ gobernukidearekiko arazoak sortuta ere. Handik
bi hilabetera heldu zen Euskaldunon Egunkariako ordezkarien eta Eusko
Jaurlaritzako Kultura Sailaren arteko elkarlanerako hitzarmena.

- EHUko bost
irakasle kaleratuek, kanpusean sartzea debekatu zitzaien arren, Ostalaritza
eskolako sukalderaino sartzea lortu zuten otsailean, "Errepresiorik ez" zioen
pankarta zeramatela.
- Maiatzean fiskaltzak
sei urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu zuen EHUko irakasle kaleratuentzat,
Gizarte eta Informazio Zientzia fakultatean egindako itxialdiak ekarri zituen
istiluengatik. Unibertsitateko buruek Nikolas Xamardo bere postutik bi urtez
kentzea erabaki zuten, irakasle kaleratuei emandako laguntzagatik.
- Ekoizpenetan
inbertsioak egitea helburu zuen Euskal Media desagertu eta Euskal Ikus-entzunezko
Institutuaren Fundazioa sortu zen.
- Eremuak 94
deituriko Eremu Urriko Hizkuntzen Zinemaldia antolatu zuten Zarautzen.

- Hil ziren:
-
Jon Bilbao bibliografo eta irakaslea.
-
Justo Garate Arriola mediku bergararra, erbesteko euskal kulturaren bultzatzaile
handia.
-
Pedro Diez de Ulzurrun mediku euskaltzalea, "Principe de Viana" aldizkariaren
sortzailea.
-
Joxe Mari Goikoetxea, Elkar argitaletxeko musika-arduraduna.
-
Teodoro Hernandorena bertsolaritza-sustatzaile zizurkildarra.

1994,
Bilbo - Liluraren indarra

Joseba
Arregiri elkarrizketa | Erramun Baxoki elkarrizketa
| Xabier Kintanari elkarrizketa | Esteban
Larrañagari elkarrizketa | Atxagarenekoak
| Pello Salabururi elkarrizketa | Alberto
Schommer-i elkarrizketa
Gure Mendea