kronologia
1993
- Nekane San
Miguel Tolosako epaitegiko epaile titularrak, euskarazko lehen bi sententziak
erredaktatu zituen 1993ko otsailean.
- Ezpeletako
Herriko Etxean EHEk proposaturiko "Euskaldunei euskaraz" hitzarmena sinatu
zuten 32 elkartetako ordezkariek.
- Euskara bultzatzeko
hainbat elkarte sortu ziren, besteak beste: Ttiki-Ttaka, Arabako Errioxan;
Dobera, Hernanin; Ai Geala, Beasainen.

- HABEk AEK-ko
363 ikasle utzi zituen diru-laguntzarik gabe eta Nafarroako Gobernuak beste
642 ikasle. Gainera, Joseba Arregi Kultura Sailburuak AEK-k homologazio prozesuari
1984an uko eginez "trena galdu" zuela adierazi zuen urrian, euskaltegi libreak
dirulaguntzarik gabe uzteko erabakia, hizkuntz politikaren arabera, krisiak
eragindakoa zela arrazoituz. Erramun Osa Bizkaiko AEK-ko buruak Joseba Arregi
«euskalgintzaren oztopo nagusienetakotzat» jo zuen.
- Otsailean,
kontsentsua lor zedin egindako saioek huts egin ostean, Eusko Legebiltzarrak
Euskal Eskola Publikoaren Legea onartu zuen EAJ, PSOE eta EEren botoekin,
eta hiru hilabeteko epea eman zitzaien ikastolei sare publikoa edo pribatua
aukera zezaten.
- Nafarroako
Diputazioko Marmari, Estatuko Administrazioko Adaka eta Telefonicako Ozenki
taldeek euskara ikasteko aukerarik gabe gelditu izana salatu zuten.
- Argia Ikastolaren
Lagunen Elkartea sortu zuten Tuteran, ikastolari sostengu ekonomikoa eman
eta giro egokia lortu asmoz.

- Seaskak buruzagitza
berria aukeratu zuen. Jean Louis Maitiak kargu nagusia utzi eta Filipe Goietxek
hartu zuen.
- Ilargi Zubiriren
Ikastxip, euskara ordenadorez eta bakarka ikasteko programa aurkeztu zuen
urtarrilean Didaktikerrek.
- Korrika 8-k
Martin Ugalde omendu zuen.

- Aezkoa bailarako
Irati irrati libreak bere lehen saioa emititu zuen urtarrilean.

- Maiatzek
Literatur Solasaldiak antolatu zituen Baionako Bil Txokon ekainean. Xarritonek,
Beltzak eta Patziku Perurenak literaturaren azken 25 urteetako aldakuntzak
aztertu zituzten.

- Euskaltzaindiak
ohorezko euskaltzain izendatu zituen Bernardo Estornes Lasa, Jean Baptiste
Etxeberri, Karlos Santamaria, Martin Ugalde eta Augustin Zubikarai. Xabier
Kintana, berriz, euskaltzain oso hautatu zuten.

- EHUk baliorik
gabe utzi zituen Kazetaritza Fakultateko 500 ikasleen ekaineko azterketak,
erakunde akademiko honetatik kaleratutako irakasleek zuzendu zituztelako.
Ikasle, irakasle eta EHUko Gobernu Batzordearen arteko tentsioak azken muturreraino
heldu ziren Azkargorta eta Xamardo irakasle kaleratuek gose grebari ekin ziotenean.
Istilu gogorren ostean eta mobilizazioak jada baretzen ari zirela, EHUko Gobernu
batzordeak onartu egin zituen ekaineko azterketak.
- Jean Pierre
Destrade Hiriburu eskualdeko kontseilariak unibertsitate autonomoa eskatu
zuen Pirinio Atlantiarretako Departamentuko Kontseilu Nagusiaren bileran.
- Joxerra Garziak
Patri Urkizuren erreleboa hartu zuen Idazleen Elkarteko lehendakaritzan.
- Argitaratutako
hainbat liburu: Mikel Lasaren "Memory Dump", Jokin Urainen "Adlotse", Bostak
Bat taldearen "Europa hiztegia", Andolin Eguzkitzaren "Mila urte igaro eta
ura bere bidean", Bernardo Atxagaren "Gizona bere bakardadean", Philippe Oihanbururen
"Miarritzetik Tbilisira Rion barrena", Asisko Urmenetaren "Erraondo", Rosa
Miren Pagolaren "Euskal fonetika Nafarroan", Elhuyarren "Hiztegi Entziklopedikoa"...
- Andoni Egañak
irabazi zuen azaroan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euzkitze,
Lizaso, Iturriaga, Sorozabal, Enbeita eta Haritz Lopategi lehiatu ziren finalean.
Jon Sarasuak uko egin zion txapelketan parte hartzeari eta Aitor Sarasuak
jardun zuen bere ordez.
- Euskal Herriko
Bertsolari Elkarteak Bertsolamintza deituriko jardunaldiak antolatu zituen
Donostian eta Zestoan. Bertsolaritzaren geroari buruzko hausnarketen topaleku
izan asmoz sortu zen Bertsolamintza eta hizlari lanetan, besteak beste, Joxerra
Garzia, Jon Sarasua, Antton Kazabon, Pello Esnal, Luis Baraiazarra eta Andoni
Egaña aritu ziren.
- Bertsolari
Egunean Alfonso Irigoien eta Santiago Onaindia omendu zituzten.

- Bertsolarien
Elkarteak, azken aldiko bertsolaritzaren booma aipatzen zelarik, eta
"Hitzetik hortzera" programak zuen arrakasta ikusita, inkesta eskatu zion
Siadeco enpresari. Azterketaren emaitzaren arabera, %78 bertsozale dira.
- Zuberotarrek
abenduaren 30ean ETB-1en seinalea jaso zuten lehendabizikoz.
- Nafarroako
Parlamentuak baietza eman zion Nafarroan ETB ikusteari. UPN alderdiak bakarrik
eman zuen mozioaren kontrako botoa. Bestalde, EITBk ordezkaritza ofiziala
jarri zuten Baionan.
- Markinan Gauzi
Ok Au aldizkaria sortu zuten, Donostian Irutxulo, Garesen Murugarren,
Durangaldean Eraz, Arabako Errioxan Ttiki-Ttaka eta Urretxu-Zumarragan
Otamotz. HEDAk, berriz, Irati izeneko aldizkari elebiduna plazaratu
zuen Iruñean.
- Sei herri-aldizkarik
(Arrasate Press, Aretxagazeta, Berrigara, Elgoibarren, Eraz eta ...eta
Kitto!) koordinakundea sortu zuten.
- Jose Migel
Barandiaranek 1946 urtean sortu zuen Ikuska aldizkaria plazaratzen
hasi ziren berriro Saran.
- Berrogeita
bi kazetari eta irakaslek "Komunikabideetako askatasun eta aniztasunaren aldeko
manifestua" plazaratu zuten Bilbon.

- Ikusentzunezko
Ikasketa eta Ekoizpen Zentroak Euskal Herriko lehen bikoizketa eskola zabaldu
zuen maiatzean.
- Paxkal Bourgoin
komikigileak "Sara" bere lehen obra aurkeztu zuen Marrazkirri erakusketan.
Haize Berria elkarteak antolatutako laugarren edizio hau Oztibarreko Izuran
egin zen.
- Ainhoa Arteta
sopranoak National Council Audition izeneko lehiaketa irabazi zuen New Yorken.
- Francisco Escudero
konpositoreak Jose Migel Barandiaranen ipuin mitikoetan oinarritutako sinfonia
berria sortu zuen Gipuzkoako Abesbatzen Elkartearen enkarguz.
- Sabino Arana
Fundazioak Bosniarrak laguntzeko antolatutako "Alakiketan" euskal dantza festibalak
3.000 lagun inguru bildu zituen.
- Anje Duhalde
kantariari ez zioten kontraturik berritu Herriz Herri zirkuituan, 1993ko urrian
ekitaldi batean polizien eskuetan eta torturatuta hil ziren Gurutze Iantzi
eta Xabier Kalparsoro gogoan izan zituelako. Bizkaiko Foru Aldundiko Tomas
Uribetxebarriaren erabaki honek hautsak harrotu zuen.

- Euskal Kultur
Erakundearen babesean II Herri Uzta Jaialdia burutu zen Uztaritzen. Hiru egunez,
usadiozko musika eta kantuak entzun ahal izan ziren.
- Galindo Guardia
Zibilaren koronelak auzitara eraman zuen Negu Gorriak taldea "Ustelkeria"
kantuagatik. 15 milioi pezeta eskatu zituen.
- Hertzainak
taldeak bere azken kontzertua eskaini zuen urtarrilean Donostian.

- Argitaratutako
hainbat disko: Bap!-en "Zuria beltzez", Eganen "Queen omenduz", "Ruper Ordorika
eta Mugalaris", Gontzan Mendibilen "Iparragirre hegalaria" disko bikoitza,
Negu Gorriak taldearen "Borreroak baditu milaka aurpegi", Ama Say taldearen
"Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen", Erramun Martikorenaren "Olerkarien
oihartzuna", Anje Duhalderen "Su gainean dantzan", "Sorotan Bele", Txakun
taldearen "Zapatak ari ziren", Joxan Goikoetxea eta Juan Mari Beltranen "Egurraren
orpotik dator", Bizkar Hezurra taldearen "Informazio pozoindua", "Exkixu"...
- Donostiako
Zinemaldiko Zabaltegi sailean Arantxa Lazkanoren "Urte ilunak" filma estreinatu
zen.
- Hil ziren:
- Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki
bertsolaria.
- Estitxu Robles Arangiz kantaria.
- Eusebio Erkiaga idazlea.
- Timoteo de Urrengoetxea.
- Nikanor Zabaleta harpa-jolea.
- Joxemi Zumalabe, kultur eragilea,
Argia aldizkariko partaidea. Euskaldunon Egunkaria-ren eragilea,
bertako Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria izan zen hil bitartean.
- Andres
Irujo Ollo Ekin argitaletxearen sortzailea eta euskal kulturaren eragilea
Amerikan.
- Andoni Urrestarazu Umandi idazle arabarra. Araian sortu zen. 17 urte
zituela euskara ikasi eta euskara-irakasle jardun zuen Gasteizen. Euskara
ikasteko gramatika liburuak dira bere lanik esanguratsuenak.

Gure Mendea