kronologia
1992
- Iruñeko
kaleen izenak euskaraz ere agertzeko erabakia hartu zuten Udalak eta Nafarroako
Gobernuak.
- RPR alderdia
Iparraldeko ikastetxe eta bide-seinale elebidunen alde agertu zen.
- Arabako enpresa
pribatuetan euskararen erabilpena bultzatzeko kanpainari ekin zion Foru Aldundiak.
- Euskal Autonomi
Erkidegoko Justizi Auzitegi Nagusiak udal euskaldunek euskaraz funtzionatzeko
eskubide osoa zutela erabaki zuen 1992ko apirilean. Modu honetan baztertu
zuen Gipuzkoako Gobernu Zibilak Beasaingo udalaren kontra jarritako errekurtsoa.
Epaiaren arabera, «euskaraz bizi eta funtzionatzeak ez du esan nahi gazteleraren
erabilera baztertuko denik; eta hartu-eman tresna gisa euskarari lehentasuna
emanda ere, ezin daiteke esan gazteleraren aurkakoa denik».
- Gipuzkoako
Batzar Nagusietan oposizioak euskara sustatzeko egindako proposamena onartu
zen: 311 milioi pezeta administrazioa euskalduntzeko erabiliko ziren eta kultura
ekimenetarako 694 milioi (horietarik 50 Egunkaria-rentzat).
- Frantziako
Hezkuntza Ministerioa auzitegira eraman zuen Ikas-Bi elkarteak, Donibane-Lohizuneko
zortzi ikasleri "Brevet" azterketa euskaraz ez onartzeagatik.
- Bizkaiko Aulesti
herrian Udalerri Euskaldunen Lehen Eguna ospatu zuten.

- Fernando Buesa
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak piztutako haserreak goia jo zuen
martxoan, euskal haurrentzat euskara baino ingelesa ikastea komenigarriagoa
zela adierazi zuenean. Ikastolen Federazioak eta EA, HB eta EUE alderdiek
Buesa kargutik kentzeko kanpaina bati ekin zioten. «Haurrak helburu politikoekin
erabiltzea» leporatzen zitzaion Hezkuntza kontseilariari.
- Miren Azkarate
euskaltzain oso bilakatu zen apirilean.

- Nafarroako
Hizkuntz Plangintzako arduradunek "Nafarroa eta euskara" multimedia programa
aurkeztu zuten.
- Arabako Foru
Aldundiak euskalduntzearen prozesua leuntzea erabaki zuen, funtzionarioen
%78k exijitutako maila eskuratu ezin izana argudiatuz.
- François
Bayrou Pirinio Atlantiarretako Kontseilu Nagusiko lehendakari hautatu berriak
«Euskal ondarean premiazkoena hizkuntza dela» deklaratu zuen Irisarrin,
Ondarearen Egunean. Bost puntu gogoangarri aipatu zituen Kultura Sailari dagokionez:
aurrekontua %25 handitzea; eskola guztiak berdin tratatzea eta ahal delarik
ikastolen garraioa ordaintzea; Kontseilu Nagusiak Euskaltzaindia ofizialki
onartzea; euskal irratiak besteak bezala eta «irizpide objektiboen» arabera
laguntzea, eta azkenik, bide seinaleak elebitan jartzea. Hiruzpalau urteko
plangintza aipatu zuen azken honetarako.
- Euskal Kultur
Bideetan deitu zentro kulturala zabaldu zuten Parisen.
- Kultur arloko
hainbat lagunek Kultur Kezka elkargunea sortu zuten urtarrilaren 25ean Eusko
Jaurlaritzak EAEko Legebiltzarrean aurkeztutako aurrekontuen aurrean erantzun
bateratua ematekotan. Kultur Kezka elkarguneak garbi utzi nahi izan zuen ez
zirela Guggenheimen kontra bildu, aurrekontuen ondorioz jasan beharko zituzten
diru-estuasunak izan zirela helburu horretara bultzatu zituena.
- Geroa Elkarrekin
Lantzen deitu kulturgunea sortu zen Gasteizen eta Lau Haizeetara euskaldunen
elkartea, Errenteria-Oreretan.
- Baionako Lizeoko
ikasleek kalera jo zuten "Jospin Legearen" aurkako jarrera erakusteko.
- Ikasle Abertzaleak
erakundeak benetako unibertsitate publikoa aldarrikatu zuen kalean.
- EGArako probak
HABEren mesederako eratzea salatu zuten Labayru Ikastegiak, Bergarako UNEDek,
AEK-k eta IKAk.
- Vasco Press
berri-agentziak bertan behera utzi zuen euskarazko albisteen zerbitzua, Jaurlaritzak
horretarako ematen zion diru-laguntza gehiago ez ematea erabaki zuelako.
- Arabako Diputazioak
murriztu egin zuen euskararen ezagupena frogatu behar zuten langileen kopurua.
- Ikastolen Elkarteak
Euskal Eskola Publikoaren inguruan egindako lege proiektua aurkeztu zuen Iruñean
II. Biltzar Nazionalean.
- Ikasketa ertainak
euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko 550 bat irakasle, guraso
eta ikasle bildu ziren Eusko Legebiltzarraren aurrean.
- AEK-k Iparraldeko
lehen barnetegia antolatu zuen Alduden.
- Emakumeen lehen
maskaradak egin ziren Eskiulan eta Altzürükün.
- Bertsolari
Egunean Teodoro Hernandorena, Mariano Izeta eta Emile Larre omendu zituzten.

- Lekeitioko
Lehen Kopla Lehiaketa jokatu zen. Jesus Mari Mendizabalek jantzi zuen txapela.
- Emak Bakia
Baita literatur taldea aurkeztu zuten abenduan Etxalarren. Gasteizen, berriz,
Haritza literatur aldizkaria sortu zen.
- Maiatz
literatur aldizkariak, 10 urte bete zituelarik, Iparraldeko Idazleen bilduma
plazaratu zuen 20. zenbakian.

- UZEI, Elhuyar,
Elkar eta Ikastolen Elkarteak Eusenor enpresa sortu zuten, Euskal Entziklopedia
Nagusia osatzeko asmoz.
- "Ostrukaren
pausoak" poesi errezitala eskaini zuen Bernardo Atxagak Baionan.
- Juan Cruz Alliren
gobernu eratu berriaren erabakiz, sozialistek izendatutako Pedro Burillo kargugabetu
eta Alberto Gonzalez Nafarroako Uniber-tsitate Publikoko errektore izendatu
zuten. Gipuzkoar honek, sei hilabete eta lau egun egin zituen karguan. Irakasleen
eta UPN ez besteko alderdien oposizioa jasan ezinik alde egin zuen.
- Jose Ramon
Etxebarria, Jose Luis Herrero, Josu Izko de la Iglesia, Antton Azkargorta
eta Enrike Lopez EHUtik kaleratutako irakasleek mugagabeko itxialdiari ekin
zion irailean.
- Joakin Atxukarro
pianojole bilbotarrak Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi zuen.
- Soinu Zaharren
Lehen Txapelketa jokatu zen Donostian. Itziar Arretxek irabazi zuen. Uztaritzen,
berriz, Ohiturazko Musika eta Kantuen Lehen Jaialdia antolatu zuten.
- Pantxoa eta
Peiok abesteari utzi zioten.
- Argitaratu
hainbat disko: Broken Bihotz taldearen "Desioak bere izena gradua galtzen
duenean", Oskorriren "Ba dok Amahiru", Pottokaren "La revoluzione de la tradizione",
Mikel Markezen "...eta etorri zait", Xabier Leteren "Hurbil iragana", Etsaiak
taldearen "Etsaien etsaiak", Piztiak taldearen "Hasi orduko"...
- Argitaratutako
hainbat liburu: Euskaldunon Egunkaria-ren "Estilo Liburua", Xabier
Mendigurenen "Patakon", Xabier Montoiaren "Emakume biboteduna", Bernardo Estornes
Lasaren "Gaztelania-erronkariera" hiztegia, Gorka Aulestia eta Linda Whiteren
"euskara-ingelesa hiztegia", Xabier Mendiguren Bereziarturen "Itzulpengintza,
historia eta teknika"...
- Patxi Bisquerten
zuzendaritzapean "Betizu" taularatu zen. Kukubiltxok "Malintxe
madarikarioa" obra antzeztu zuen, Xirristi-Mirristi taldeak "Gezur-Mezur",
Amikuzeko gazteek "Bethi gibelekoz aitzina" tobera", Goaz taldeak
"Pernando, bizirik hago oraindio", Maskaradak "Logalea zeukan
ekilibristaren kasua", Antxietak "Nornorinork"...
- Koldo Ameztoi
ipuin-kontalariak "Apanize" ikuskaria eskaini zuen eta Claude Iruretagoienak
"Xirula Mirula".
- Etxahun-Irurik
idatzitako "De Treville" pastorala eskaini zuten Irurin eta Santa
Graziko herriak Junes Casenavek idatzitako "Santa Kruz" pastorala.
- Donibane-Lohizuneko
Oldarra taldeak "Nafarroa" ikuskizuna eskaini zuen Estatu Batuetan.
- Euskadiko Balletak
"Giselle" dantza garaikideko ikuskizuna estreinatu zuen Bilboko Arriaga Antzokian
eta Juan Antonio Urbeltzen "Alakiketan" Donostiako Victoria Eugenian.


- Yauzkari taldeak
dantzatzeari utzi zion. Dantza garaikideko talde nafar hau, talde profesional
bakarrenetariko bat zen eta ez zuen apenas dirulaguntzarik jasotzen.

- TVE katearen
Telenavarra "Astean behin" 15 minutuko euskarazko saioa eskaintzen hasi zen.
- Eusko Legebiltzarrak
Egunkaria-ri dirulaguntzarik ez ematea erabaki zuen urtarrilean, EAk
150 milioi pezetako laguntza emateko proposamena aurkeztu zuelarik. Joseba
Arregik ere, Egunkaria diruz laguntzeko asmorik ez zuela adierazi zuen
martxoan.
- Egunkaria-k
publizitate-diskriminazioa salatu zuen Egunkari Festan, ekainean.
- Kristauek sortutako
Lapurdi Irratia emititzen hasi zen urrian. Bestalde, Kontseilu Nagusiak dirulaguntzen
banaketan diskriminatu egin zituela salatu zuten Iparraldeko euskarazko hiru
irratiek.
- Euskal Kultur
Erakundeak Xirrista haurrentzako aldizkaria plazaratu zuen.

- Gasteizen Geu
Gasteiz hilabetekaria sortu zen.
- Arrasate Komunikabideak
erakundeak Herri Komunikabideen Lehen Jardunaldia antolatu zuen.
- Jorge Oteizak
Nafarroari eman zizkion bere arte-lan guztiak.

- Gernikako Bonbaketaren
Ikerketa Batzordeak Picassoren "Guernica" Gernikara ekartzeko eskaera luzatu
zuten.
- Euskal Herri
osoko artisten lanez osaturiko Edergintza erakusketa zabaldu zuten Ziburun.
- Santos Iñurrieta
eskultore gasteiztarrak Agustin Ibarrolaren eskultura bat lurrera bota zuen
Andra Mari Zuriaren plazan. Iñurrietak berak azaldu zuenez, ez zuen
ezer Ibarrolaren lanaren aurka eta ekintza Gasteizko Udalaren politika kulturala
salatzeko egin zuen. Ibarrolak aldiz, «terrorismo kulturalaren» barruan
kokatu zuen erasoa. Bi hilabeteko arrestoa eta 200.000 pezetako diru-zigorra
ezarri zioten. Bigarren eraso bat ere gertatu zen abenduan: Aralar Komando
Kulturala delako batek Jorge Oteizak 1958an Nafarroako Agiña mendian
Aita Donostiaren omenez jarritako hilarria puskatu zuen mailukadaka. Oteizak,
lehen Debako Eskolan berarekin ibilitako Koldo Azpiazu jo zuen erasoaren egiletzat.
Azpiazuk, ostera, ekintzarekin bat zetorrela baina bera ez zela izan. Koldo
Azpiazuk sei hilabete eman zituen preso eta fidantza ordainduta irten zuen
1993ko ekainean.

- Julio Medenek
"Behiak" bere lehen filma aurkeztu zuen Berlinen.

- Koldo Izagirreren
"Off-eko maitasuna" eta Maite Ruiz de Alegriaren "Ifar Haizearen kondaira"
marrazki bizidunen filma estreinatu ziren.

- Negu Gorriak
taldearen "Gora Herria" bideoklipak irabazi zuen Gasteizko VII. Bideoaldiko
euskal ekoizpenen saria.
- Karlos Santamaria
EHUko honoris causa doktore izendatu zuten Donostian.
- Hil ziren:
-
Maurizio Elizalde txistulari eta folklore biltzailea.
- Sigfrido Koch argazkilaria.
- Joxe Migel Zumalabe Mendiburu euskaltzain urgazle, arkitekto eta pintorea.
- Jean Lahargou Herria astekariaren bultzatzaile eta berpizlea.
- Emilio Urzelai Agirre bertsolari oñatiarra.
- Jorge Riezu musikologo nafarra.
Gure Mendea