kronologia
1991
- Iparraldeko
AEKren egoitza tirokatu zuten irailean.
- UA Arabako
alderdiak kereila jarri zuen Endrike Knörr eta Bernardo Atxagaren kontra,
alderdi honek «terrorismo linguistikoa» egiten zuela esan zutelako.
- Sozialistek
Eusko Jaurlaritza utziz geroztik areagotu egin ziren ikastolen eta instituzioen
arteko liskarrak. Ekainean, Ikastolen Federazioko arduradunek Jaurlaritzaren
«politika ez abertzalearen aurrean erresistentzia estrategia prestatzen
ari zirela» ezagutarazi zuten. «Ikastolen aurkako jarrera» leporatu
zioten Gasteizko gobernuari eta Oliveri Hezkuntza kontseilaria ikastolak banatzen
ahalegintzen ari zela gaineratu zuten. 3.166 milioi pezetako zorra zegoen
arazoaren muinean.
- Udal Ikastolako
gurasoek Iruñeko Udaletxea okupatu zuten maiatzean, toki faltagatik
47 haur kanpoan utzi zituztelako.
- Maribel Beriain
Iruñeko UPNko zinegotziak debekatu egin zituen haur euskaldunentzako
hiri-udalekuak.
- Nafarroako
Unibertsitate Publikoak irakasle ikasketetako lehen kurtsoan euskal adarrik
ez jartzea erabaki zuen. Ikasle kopuru urria jarri zuten arrazoitzat.
- "Euskarak AEK
behar du" lemapean, manifestazioa egin zen Bilbon, otsailaren 2an. Koordinakundearen
eta Administrazioaren arteko elkarrizketa eta AEKren lanaren errekonozimendua
eskatu ziren.

- Arrasateko
Udalak eta Lagun Aro aseguru-etxeak euskara hutsez prestaturiko lehen udal
aseguru-poliza izenpetu zuten.

- Gasteizko Gobernuak
lau mila funtzionario inguru euskalduntzeko 1.363 milioi pezeta finkatu zituela
esan zuen arren, istilua eta liskarra izan ziren EAEko administrazioaren euskalduntze
prozesuaren ezaugarri nagusiak. Eskakizunak bi urtez atzeratu, apaldu eta
kontsentsuatu bazituzten ere, eta batez ere PSOE eta PP alderdien jokabidearen
ondorioz, arazoak sortu ziren: programaren baitako 228 udaletatik 46tan bakarrik
onartu ziren hizkuntz eskakizunak eta benetan bideratu, apenas inon ez.
- Kultura Sailak
abenduan aurkeztutako aurrekontuak kezka sortu zuen. Euskal Kultur elkarteak
asaldatu egin ziren, besteak beste, Euskal Herriko Bertsolari eta Trikitilari
Elkarteek batere sosik gabe utziko zituztelako eta 1.300 milioi pezeta gehiago
banatzeko asmoa zegoen arren, lehentasunak iragarri zituztelako (EITB, Expo-92,
Anoetako Kirol Estadioa eta Guggenheim).
- EHEk Strasburgeko
legebiltzarrera eraman zuen Euskal Udal elebakarren auzia. Erakunde honek
berak deituta, manifestazioa egin zen Baionan ekainaren 15ean "Ofizialtasuna.
Bide seinaleak euskaraz orain" lemapean.
- Egunkariek
bereziki eta komunika-bideek oro har planteatzen dituzten arazo linguistikoei
buruz prestatutako txostena aurkeztu zuen Dionisio Amundarainek urtarrilean.
Jose Ramon Belokiren enkarguz burutu zuen lana.
- Joseba Arregi
euskal alderdi politikoetako ordezkariekin elkartu zen, euskarazko egunkariaren
proiektuaren berri emateko. Euskarari gelditzen zitzaion erronka handi bakarra
zela uste zuen kontseilariak. Euskarazko egunkari honek 900 milioi pezetako
kostua izango luke eta Euskaldunon Egunkaria ordezkatuko ez zukeen
egunkari alternatibo gisa aurkeztu zuen.
- Frantziako
Alderdi Sozialistako Jean Pierre Destrade sozialistak euskarazko irrati-katea
publikoa sortzeko eskakizuna egin zion Frantziako Komunikazio Ministerioari.
Destraderen hitzetan, «euskarazko zerbitu publikorako irratia izango litzatekeen
hau, Baionako Radio France Pays Basque-ren inguruan antolatu beharko litzateke,
emititzen ari diren hiru irrati euskaldunetatik erabat aparte».
- Frantziako
Alderdi Sozialistak, Ipar Euskal Herrian ETB ikusteko aukera eskatu zion Eusko
Jaurlaritzari azaroan. Aste batzuk lehenago, Frantziako Ikusentzutekoen Kontseilu
Nagusiak Zuberoan ETB-1 ikusteko aukera emango zuen errepikagailu baten ezarketa
ukatu zuen, ETB ikusteko era bakarra, kable bidezko kanala zela esanez.
- FR3 katea euskarazko
emanaldi laburra emititzen hasi zen urrian.
- Zuzendaritzak
betoa ezarri zion ETB-1eko "Terminus" programari, Jose Maria Gorordorekin
hitz egiteko zuen asmoagatik eta harekin batera Korrika 7-ri buruz egin nahi
zuten saioagatik. Programa honek ordea ez zuen betoa onartu eta zuzendaria
zen Elene Lizarraldek dimititu egin zuen. Biharamunean ETBko zuzendaritzak
ukatu egin zuen Gorordoren agerketari betoa jarri zionik. Aitortu zuen, halere,
«Korrikari buruz eman nahi zen informazioari eta gaiaren inguruko trataerari»
ezetza eman zitzaiola.
- EITBko zuzendaritza
berria hautatu zuten. Iñaki Zarraoa jarri zuten buru, Baltasar Marin
gerente eta Amatiño ETBko zuzendari.
- Alfonso Irigoien,
Federiko Krutwig eta Jose Antonio Arana Martija euskaltzain osoek eta Bizkaiko
beste zenbaitek "Euskara batuaren aspaldiko egoeraz" deitu gutun irekia igorri
zioten Euskaltzaindiari, Erakundeak batuaren garapenean hartutako bidea kritikatu
eta «lehenagoko bide demokratikoagoa» eskatzeko. Bestalde, «Mitxelena
hil ezkeroztik» hartutako dinamika gaitzesten zuen agiriak. Euskaltzaindiko
kide bizkaitarrek egindako kritikek berehala jaso zuten erantzuna. Beñat
Oihartzabalek bizkaierazko idazleei berei leporatu zion euskalki horrek batuan
daukan eragin txikiaren errua.
- Eusko Jaurlaritzako
Euskararen Sustapenerako Zuzendaritzak euskarazko bideokasete ez-didaktikoen
katalogoa argitaratu zuen.
- Josu Rekalde,
Patxi Bisquert eta Koldo Izagirrek "Zinesbaskope" euskal zinema bultzatzeko
proiektua jarri zuten abian Getxoko Kultur Aretoan.
- Ikastolen Elkartearen
Ikastola eta Galtzaundi Tolosaldeko herri-aldizkaria sortu ziren.

- Euskaldunon
Egunkariak Hizkuntza Minorizatuetako Egunkarien Topaketak antolatu zituen
apirilean.
- Pamiela argitaldariaren
ingurukoek Mazantini literatur aldizkaria plazaratu zuten.
- Argitaratutako
hainbat liburu: Joanes Urkijoren "Berbak legezko aitoak", Joxerra Garziaren
"Zotal egunak", Koldo Izagirreren "Metxa esaten dioten Agirretar baten ibili
herrenak", Aingeru Epaltzaren "Ur uherrak", Bernardo Atxagaren "Behi euskaldun
baten memoriak", Edorta Jimenezen "Speed gauak"...
- Etor eta Sendoa
argitaletxeek Bertsolaritzaren historiari buruzko bilduma bana prestatu zuten.
- Argitaratutako
hainbat disko: Kepa, Zabaleta eta Imanolen "Triki-up", Kaxianoren "Ongi etorri",
Gontzal Mendibilen "Zu zeu", Anje Duhalderen "Xabier Amurizarekin kantari",
Zaramaren "Sexkalestrik", Hertzainak taldearen "91-I-19 zuzenean", Negu Gorriak
taldearen "Gure jarrera", Ruper Ordorikaren "Ez da posible", Pantxoa eta Peioren
abesti ezagunenen bilduma-disko bikoitza...
- Ipar Euskal
Herriko 28 kantarik emanaldi berezia eskaini zuten Saran, Elizanbururen ehunurteurrena
zela eta. Idazlearen poemetan oinarritutako saio haren diskoa Euskal Kultur
Erakundeak plazaratu zuen handik gutxira.

- Euskal Herriko
12.000 kantari inguru bildu ziren irailean Donapaleun, Abesbatzen Topaketan.
- Delirium Tremens
taldeak agur esan zuen betiko, Saturraranen emandako azken kontzertuan.

- Barakaldo Folk
deituriko Herri Musikako Lehen Topaketa burutu zen apirilean.
- Txistulari
eta Dantzari aldizkarien elkartzearekin osatutako kazeta berria kaleratu
zen uztailean.
- Ekarle dantza-taldeak
"Zumezko eskuak" ikuskizuna estreinatu zuen Baionan eta Araba dantza-taldeak
eta Ezberdinak musika-taldeak, berriz, "Araba Arakatzen" ikuskizuna, Gasteizen.
- Bertsolari
Elkarteak batzar Nagusia egin zuen otsailean Lesakan. Gai garrantzitsuak eztabaidatu
zituzten. Esate baterako: idazkari bat liberatzea, bertsolaritzari buruzko
artxibategia zehaztea, doinuen katalogoa osatzea eta ikerketa alor bat zabaltzea.
- Unai Iturriagak
eta Ibon Ajuriak irabazi zuten Euskal Herriko Gazte eta Haur Bertsolarien
Txapelketa.
- Patxi Iraolak
eta Florentino Goiburuk omenaldia jaso zuten Bertsolari Egunean.

- Bertsozale
Kultur Elkarteak Bertsolari aldizkariaren lehen zenbakia plazaratu
zuen maiatzean.
- Antzerki-talde
elebidunak erabat nagusitu ziren eta euskara hutsezkoak ia desagertu. Taularatu
ziren obren artean, Xilipurdi taldeak "Xilipurdikaria S.L." estreinatu
zuen Azpeitiko Antzerki Topaketan. Ttanttaka taldeak "Hansel eta Grettel
bezala" eta Mikel Laboaren kantuetan oinarrituriko "Zilbor Estea"
obra antzeztu zituen, Txotxongilo taldeak "Julia andereñoa",
Agerre Kolektiboak "Pantzart", Kandela taldeak "Nadira eta
kristalezko bola", Ane Gabarain, Olatz Beobidek eta Idoia Sagarzazuk
"In Fraganti"...



- "Ama begira
zazu" antzezlanak Ercilla'90 saria jaso zuen.


- Zuberoako herri
antzerkiak sekulako gorakada jo zuen 1991n: maskaradak edo toberak inoiz baino
indartsuago eta bi pastoral urte berean (Pierre Paul Berzaitzek idatzitako
"Harizpe" Muskildin eta Roger Idiarten "Xalbador" Larrainen).
- Hil ziren:
-
Lino Akesolo hizkuntzalari eta ikertzaile arratiarra.
- Xanti Belar Begi bertsolaria.
- Sabin Gaztañaga AEK-ko Bizkaiko arduraduna.
-
Jose Migel Barandiaran antropologoa.
-
Cesareo Gabarain kantaria.
Gure Mendea