kronologia
1990
- D ereduaren
Aldeko Koordinakundea sortu zen Bilbon, eredu honekiko politika salatzeko.
- EHEk informazio-buletina
osatu zuen Salaketa Telefonoa izeneko zerbitzuak urtebetean bildutako kexuekin.
- Xalbador ikastegia
zabaldu zuten Kanbon.

- Nafarroako
Ikastolen Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak akordioa sinatu zuten San Fermin
bezperetan. Akordioaren arabera, legez onartu gabeko 12 eskola ttipi eskola
publikoan integratuko ziren eta irakasleek funtzionario estatusa eskuratzeko
aukera izango zuten. Gabriel Urralburu lehendakariak eta Txomin Izko Ikastolen
ordezkariak hitz arras baikorrak izan zituzten akordioaz mintzatzerakoan.
Iñaki Etxezarreta Ikastolen konfederazioko bozeramaleak, berriz, harridura
erakutsi zuen, «ordura arte mantendutako filosofiaren kontrakoa zelako
eta erabakia egun batetik bestera hartu zelako».
- Nafarroako
Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Sailak AEKren errekonozimenduan eta dirulaguntzen
kontrol administratiboan oinarritutako akordioa sinatu zuen 1990eko irailaren
29an. Hitzarmenaren ondorioz, urtearen hasieratik zegozkion dirulaguntzak
jasoko zituela agindu zion AEKri.
- Hemen
eta Eguna astekariek, dirulaguntzarik gabe utzi zituztelarik, azken
zenbakiak plazaratu zituzten irailean. Iñaki Zarraoak adierazi zuenez,
bi astekarion dirua egunkari publikoaren lehen gastuak ordaintzeko erabiliko
zen. Eusko Jaurlaritzak Joxe Ramon Beloki hautatu zuen lan-taldea zuzentzeko.
- AEKtik kaleratutako
nafarrek Ikas eta Ari koordinakundea sortu zuten.
- Eusko Jaurlaritzako
Hizkuntz Politikarako Idazkaritzak hizkuntz profilak jarri zituen indarrean.
- Emilio Barberak
dimititu egin zuen EHUko errektoretzatik. Ertza kandidaturak Laura Mintegi
proposatu nahi izan zuen errektoretzarako, baina ez zitzaien aurkezten utzi.
- Jose Maria
Gorordok Parisko Centre Pompidou-ren antzeko gune bilakatu nahi izan zuen
Bilboko Alondegia. Alkatearen ustez, kultur eta ekintza artistikoentzat egoitza
erraldoi eta bateratzaile baten premia larria zegoen eta Sainz de Oiza, Fullando
eta Jorge Oteizari esku utzi zuen proiektua. Emaitza: kristalezko kubo ikaragarri
bat. Erantzuna berehala heldu zen, kultur elkarteek politika herritar baten
laguntzea larriagoa zela zioten asaldatuta, Alhondigaren interes historikoa
eta duintasuna suntsituko zutela salatzen zuten eta sinadurak bildu zituzten
protestatzeko. Plataforma honen iritziz, Bilbok behar zuen kultur zentroa,
baina koherentea eta arrazoizkoa. 1990eko urtarrilean, Bilboko Udalaren onespena
lortu zuen Gorordok, ez ordea, Joseba Arregirena.
- Arrasateko 40
bat elkartek beren hartu-emanak euskaraz izateko akordioa sinatu zuten.
- EITBk Euskadi
Gaztea irratia sortu zuen eta Bilboko Herri Irratiko talde batek Bizkaia Irratia.


- Euskal Kazetarien
Elkartea sortu zen. Txema Auzmendi lehendakari hautatu zuten, Elixabete Garmendia
lehendakari orde, Jon Basterra idazkari eta Iñaki Uria diruzain. Euskal
kazetaritzaren alde gogor egitea eta Kazetaritza Eskolako hutsunea betetzea
zuen xedea.
- Euskal Kultur
Erakundea sortu zen eta Ramuntxo Camblong izendatu zuten lehendakari. Iparraldeko
euskal kultur munduak gorabehera anitz jasan zituen ezagupen ofiziala lortzeko.
- Kataluniako
Generalitat-ek, Galizako Xunta-k eta Eusko Jaurlaritzak jarritako errekurtsoei
esker, Justizi Administrazioan autonomiek bertako hizkuntzen koofizialtasuna
erregulatzeko aukera zutela onartu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.
- EAJ alderdiak
diru-laguntza ukatu zion Ibilaldiari, zirkuitua HBkoek erabili zutela argudiatuz.
- Irulegi Irratiak
dirua biltzeko kanpaina egin zuen.
- Xorroxin eta
Euskalerria Irratia Nafarroako euskarazko bi irratiak lizentziarik gabe utzi
zituen Nafarroako Gobernuak.
- Frantziako
Ikusentzutegoen Kontseilu Gorenak ezezkoa eman zion Mixel Berdaitz Muskildiko
alkateari, ETB ikusi ahal izateko antena paratzeko eskaria luzatu ziolarik.

- Euskaldunon
Egunkaria-k lehen zenbakia plazaratu zuen abenduaren 6an.
- Porrot literatur
aldizkariak laugarren eta azken zenbakia plazaratu zuen.
- Basilio Pujana
eta Jose Alberdi bizkaitarrak omendu zituzten Bertsolari Egunean, urtarrilean.
- Bilboko Antzerki
Tailerra aurkeztu zuten bertako udaleko Euskara Zerbitzuak eta Maskarada taldeak.
- Beñat
Oihartzabal euskaltzain oso hautatu zuten.
- Euskal Zinemaren
Astea antolatu zuen Eihartzea kultur elkarteak. Filmak Hazparnen eta Heletan
erakutsi zituzten.
- Donostiako
Zinemaldian Tuduriren "Santa Kruz apaiza" eta Aizpeolearen "Loraldia" erakutsi
zituzten. Montxo Armendarizen "Cartas a Alou" filmak eraman zuen Urrezko Maskorra.

- Su Azia elkarteak
Zuberoako kantu zaharren bilketa, sailkapena eta hedapena burutzeko egitasmoa
aurkeztu zuen azaroan eta mugimendu zabala bildu zen egitasmoaren inguruan.
- Iñigo
eta Fermin Muguruza anaiek eta Kaki Arkarazok Negu Gorriak taldea sortu zuten.

- Iparraldeko
irratien laguntzaz, Izurako Haize Berri, Hazparneko Eihartze eta Zuberoako
Uhaitza elkarteek Iparrock lehiaketa antolatu zuten.
- Argitaratutako
diskoak: Tapia ta Leturiaren "Juergasmoan", Delirium Tremensen "Hiru aeroplano",
Pantxoa eta Peioren "Eguzkiaren musu", Txanbela taldearen "Hirugarren koxka",
Hertzainak taldearen "Amets prefabrikatuak", Eganen "Erromerian", "Baldin
Bada", M-ak taldearen "Gor", Minxoriak-en "Beste urrats bat", Guk taldearen
"Arrozten", Jojo eta Ramuntxoren "Haize andrea", Su ta Gar taldearen "Etsi
gabe"...
- "Abbadia Ürrüstoi"
pastorala eskaini zuten Maulen. Seaskak hogei urte bete zituela eta, erakunde
honen eskutik taularatu zen Davantek idatziriko lan hau.



- Karraka antzerki-taldeak
"Godot" obra estreinatu zuen, Kukubiltxok "Orreaga", Maskaradak "Marxkarada",
Bordaxurik Txomin Hegiren "Gure etxeko idiak eta orgak", Hika taldeak, "Alpargatak
euria ari duenean"...
- Argitaratutako
liburuen artean: Justo Mokoroaren "Ortik eta emendik", Junes Casenave-Harigileren
"Français-Eüskara hiztegia, Zuberotar eüskalkitik abiatzez",
Martin Ugalderen "Itzulera baten historia", Jose Luis Otamendiren "Poza eta
gero", Patziku Perurenaren "Harripilatan ezkutatzen zeneko apo ttipiaren burutazioak",
Gerardo Markuletaren "Larrosak, noizean behin", Pako Aristiren "Krisalida",
...
- Eusko Jaurlaritzak
Euskofilm erakunde publikoa aurkeztu zuen.
- Agustin Ibarrolaren
"Gure etxean" erakusketa antologikoa paratu zuten Basaurin eta Ricardo margolariaren
azken lanen sintesi ebolutiboa Donostian.
- Pierre
Betelu, Martzelino Garde,
Remigio Mendiburu, Jean
Hiriart-Urruti, Justo Mokoroa,
Sabin Muniategi, Jean Louis Caussade, Leon
Bilbao eta Joseba Elosegi
hil ziren.
Gure Mendea