kronologia
1989

- ETA eta Madrilgo
Gobernuaren arteko negoziaketa-saioak porrot egin zuen. Apirilaren 4an «fronte
guztiak zabalik zituela» agertu zuen erakundeak.
- Josu Muguruza
HBko parlamentarioa hil zuten Madrilen eta Iñaki Esnaola balaz zauritu.
- Martin Etxeberria
HABEko buru izendatu zuten.
- Eusko Jaurlaritzak
eta Ikastolen Federazioak sare publikoari begira akordio politikoa adostu
zuten.
- EKBk "Etorkizuna
euskaraz dator" izenburupean B eta D ereduen aldeko kanpaina aurkeztu zuen.
- Zangozako ikastola
eraiki zuten.
- Hego Euskal
Herriko unibertsitarioek euskararekiko politika serio baten falta salatu zuten.
- AEK-k Borroka
Eguna antolatu zuen maiatzean, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren
jarrera ezkorra salatzeko. Martxoaren 3an itxialdiak apailatu zituzten hainbat
udaletan eta biharamunean "AEKri erasorik ez" lemapean manifestazioak egin
zituzten Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Donostian.
- Eztabaida latzak
AEK-ko Batzar Nazionalean ekainaren 29an eta 30an. 1989-90eko ikasturterako
plangintza onartu ondoren, erakundetzeari buruzko joera ezberdinak agertu
zituzten Nafarroako AEK-koek. Nafarroako Batzarraren ordezkarien ustez, Arturo
Campion, Donibane, Barañain, IPES eta Malerreka zentroek ez zuten errespetatu
Nafarroako Gobernuaren aurrean AEKren borroka-jarrera eta beren aldetik aurkeztu
zituzten diru-kontuak,diru-laguntza kobratu ahal izateko. Zentro hauek AEKtik
kanporatzea erabaki zen bozkan.
- Eskola Txikien
Festa ospatu zuten Berastegin.
- Bordeleko errektorea
eta Seaskako ordezkariak elkarrekin bildu ziren uztailean, Administrazio Frantseseko
Hezkuntza Ministerioarekin sinatzeko hitzarmenaren lehen oinarriak ipintzearren.
Urrian sinatu zen komenioa eta 1990eko lehen egunean jarri zen indarrean.
- Haize Berri,
Eihartzea eta Uhaitza kultur elkarteek ekintzen antolakuntzari utzi behar
izan zioten diru faltaz.
- AEK-k, Seaskak
eta Pizkundeak, Deiadar kanpainaren baitan, euskara eta euskal kulturaren
defentsarako manifestaziora deitu zuten Baionan.
- Jose Antonio
Arana Martijak eta Txomin Peillenek aulki bana hartu zuten Euskaltzaindian.
- Pizkundea erakundeak
Baionako Kultur Etxearen alternatiba aurkeztu zuen urteko bileran, Hazparnen.
Administrazio frantziarreko buru zen Pierre Joxeren bisitaren ondotik, esperantzak
piztu ziren Ipar Euskal Herrian, Parisko diruz euskal kulturgintza sustatuko
zuen erakunde berri bati buruz.
- Udaletan Euskara
baloratzearen kontrako errekurtsoak. Gipuzkoako diputatuen kontseiluak, alkate
eta zinegotziek eta EHE taldeak Madrilgo Administrazioak euskararekiko zeraman
jarrera bortitza salatu zuten. Hego Euskal Herriko udal askok zuten errekurtsoren
bat, elebakar izateagatik (Aulestiko udala kasu), langileak hartzerakoan euskara
baloratzeagatik edo dena delakoagatik. Gipuzkoako Foru Diputazioari ere helegitea
jarri zioten, 1988ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Kanpaina
aurrera eramateko 35 administrari laguntzaileen sei hilabeterako kontratazio
deiaren aurka. Imanol Murua diputatu nagusiak probokaziotzat jo zuen.
- Udal Elebakarren
Eguna antolatu zuten azaroaren 19an EHEk eta UEMAk; 21ean "Euskararen aurka
errekurtsorik ez" lemapean, manifestazioak egin ziren gobernu zibilen aurrean.
- "Euskara denona"
lelopean, Nafarroako euskarari buruzko lehen erakusketa aurkeztu zuen Nafarroako
Gobernuak Iruñean.
- Lapurdiko hiru
herrik ETB hartzeko errepikagailua jarri zuten. Nafarroako Gobernuak, berriz,
ETB har zedin laguntzarik emateko borondate eza agertu zuen.
- Bi urteko etenaldiaren
ondoren, Ipar Euskal Herriko hiru euskal irratiak Frantziatik zor zitzaien
dirua jasotzen hasi ziren berriro.
- Gaur Express
egunkari elebiduna plazaratu zen apirilean.
- Herria
aldizkariak 2.000. zenbakia plazaratu zuen.

- Espainiako
Gobernuak onartutako Irratidifusio Plangintza Teknikoari jarraiki, gobernadore
zibilek zenbait irrati libre ixteko saioak bultzatu zituzten urtearen hasieran.
Martxoaren erdialdean Irrati Libreen Koordinakundean biltzen ziren 33 irrati
libreetako ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten emititzeari ez ziotela utziko
adierazteko. Eusko Jaurlaritzari, Espainiako gobernuaren konplize izatea leporatu
zioten.
- Gorabehera
ugariren ondoren, Egin Irratia emititzen hasi zen maiatzean.
- Kazetari Euskaldunen
Bilera egin zuten UEUn.
- Rikardo Arregi
Kazetaritza Sariketa antolatu zen estreinakoz.
- ETBko zuzendaritzak
Eugenio Ibarzabal bota zuen, Nafarroari buruzko eztabaida zela kausa. Uztailean
Koldo Anasagasti telebistako zuzendari hautatu zuten.
- Euskaldunon
Egunkaria bultzatuko zuen Egunkaria Sortzen talde eragilea sortu zen azaroan.
- Junes Casenave-Harigileren
"Zumalakarregi" pastorala taularatu zuten Altzain.

- Umorezko Antzerki
Jardunaldiak antolatu zituzten Pasaian.
- Mikel Garmendiak,
Kontxu Odriozolak, Joxerramon Soroizek eta Elena Iruretak "Ama begira zazu"
ordu t'erdiko komedia taularatu zuten Zestoan. Eguneroko gertakizunetan oinarrituriko
umore xume eta bizkorra, antzerki mailako ikuskizunik arrakastatsuenetariko
bat izan zen obra.

- Xirristi Mirristi
taldeak Piarres Lartzabalen "Herriko botzak" antzeztu zuen, Koldo
Ameztoi kontalariak "Zeharbideko berri", Maskaradak "Akerlarru",
Oztibarreko taldeak "Suediako neskatxa", Maite Agirre kolektiboak
"Pelotari" eta Bederen 1 taldeak "Gillen Tellek triste ditu
begiak".




- "Ke arteko
egunak" Antton Ezeizak zuzendu eta Trenbideko Filmeak eta Bertan Filmeak etxeek
ekoizturiko filma aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian.

- Ihauterietako
"Txantxo Dantza" berreskuratu zuten Abaltzisketan.
- Olaeta Balletak
"Urbeltzeko lamiñak" obra aurkeztu zuen Bilbon.
- Juan Antonio
Urbeltzen "Murixka" dantza-ikuskizuna estreinatu zen.
- Euskaltzaindiak
"Kontapoesia" deituriko Herri Literatur Jardunaldiak antolatu zituen estreinakoz.
- Patri Urkizu
Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izendatu zuten.
- Eusko Jaurlaritzak
"Bidegileak" euskaltzaleen historia bilduma plazaratzeari ekin zion.
- Eusko Jaurlaritzak,
EIZIEk eta Editoreen Elkarteak ehun literatur obra unibertsal euskaratzeko
plangintza aurkeztu zuten.
- Argitaratutako
liburuen artean: Andoni Egañaren "Sokratikoek ere badute ama",
Juan Mari Irigoienen "Babilonia", Jimu Iturralderen "Izua hemen",
Juan Kruz Igerabideren "Bizitzarekin solasean", Aingeru Epaltzaren
"Garretatik erauzitakoak", Henriette aireren "Egiaren egarriz",
Joxe Austin Arrietaren "Mintzoaren mintzak", Joxe Martin Elexpururen
"Txakur zaunkak atean", Hasier Etxeberriaren "Mugetan",
Eduardo Gil Beraren "O Tempora! O Mores!",...
-
Juan Luis Zabalaren "Kaka esplikatzen", Anjel Lertxundiren "Carla", Koldo
Izagirreren "Balizko Erroten Erresuma" poesi liburua...
- Joxan Elosegi
eta Luis Manterolak Enbido denborapasa-aldizkaria plazaratu zuten.
- Txalaparta
argitaletxea sortu zen Tafallan.
- Beste disko
askoren artean plazaratu ziren: M-ak taldearen "Barkatu ama", Delirium Tremens-en
"Ikusi eta Ikasi", Jo ta Kie taldearen "Joxemai beltza", Anje Duhaldereren
"Nahas Mahas", Oskorriren "Datorrena datorrela", Zaramaren "Bostak
bat", Xaximiku taldearen "Musikaren indarrean gatoz", Benito
Lertxundiren "Pazko gauerdi ondua", Ganbararen "Ganbaratik"...
- ETB-1 katea
"Funtzioa" deituriko saioa, euskarazko lehendabiziko euskal show-a emititzen
hasi zen.
- Bertsolari
Txapelketa Nagusiaren atarian istiluak piztu ziren bertsolarien artean, epaileen
hautaketak ia bizkaitarrik gabe utzi baitzuen txapelketa. Bertsolariek, probintzialkeria
gainditu nahian, lurraldetasunaren irizpideak alde batera uztea erabaki zuten.
Epaimahaia hautatzeko egindako lehen asanbladan, bertsolari bizkaitar esanguratsurik
ez zen agertu, eta epaimahaian gipuzkoarrak nagusitu ziren. Bizkaitarrek,
horren aurrean asaldaturik, txapelketan ez agertzea erabaki zuten. Hiruzpalau
bilera egin behar izan zituzten konponezin horri aurre egiteko. Besteak beste,
txapelketa nagusiak lau urtetik behin jokatuko zirela deliberatu zen eta bertsolari
guztiek final laurdenetan ekin beharko ziotela txapelketari. Abenduan jokatu
zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bizkaitar batek jantzi zuen
txapela: Jon Lopategik.

- Bilboko Arte
Ederretako eta Arte Modernoaren Museoa Euskadiko Museo Nazional izendatu zuen
Eusko Jaurlaritzak.

- Kultur Txou
taldeak Euskadiko komikigintzaren erakusketa antolatu zuen Gernikako Kultur
Etxean.
- Tomas
Garbizu musikari eta konpositorea eta Eugene
Goihenetxe historiagilea hil ziren.
Gure Mendea