kronologia
1988
- Udalerri Euskaldunen
Mankomunitatea (UEMA) sortu zen.
- Txomin Peillen,
Jose Antonio Arana Martija eta Ibon Sarasola euskaltzain oso hautatu zituzten
eta Jean Haritxelhar, berriz, euskaltzainburu.

- EKBk eta Ikastolen
Federazioak "Bateginik" kanpaina bultzatu zuten. Hiru ardatz nagusi zituen
martxoan hasi eta maiatzean bukatu zen kanpaina erraldoiak: dirua biltzea,
inguru erdaldunetan euskararen aldeko kontzientzia sortzea eta sektore euskaldunen
batasuna lortzea. Ikastolen premia larriari aurre egiteko, kanpaina honen
bidez 100 milioi pezeta bildu nahi ziren Seaskarentzat eta beste 200 milioi
Nafarroako ikastolentzat. Kanpainan zehar jasotako 600.000 sinaduren agiria
Europako Parlamentuan aurkeztu zen.
- Euskara suspertzeko,
Bagare taldea sortu zen Gasteizen.
- AEK-k eta EAJk
akordiora heltzeko saioa egin zuten. AEKrentzat hainbat urtetako lanaren errekonozimendua
lortu nahi zen eta baita, etorkizunari begira, legezko normalizaziorako baldintzak
ere. Baina ahaleginak berehala zapuztu ziren. Sei hilabete eskas iraun zuen
barealdiaren ostean garai latzak heldu ziren AEKrentzat, Instituzioen eta
erakundearen arteko tentsioa azken muturreraino heldu baitzen.
- Rikardo Arregi
Euskaltegia pribatizatu nahi izan zuten irakasleak bidali egin zituzten AEKtik.
- Nafarroako
Gobernuak Euskararen Legea garatu asmoz Hizkuntz Politikarako Idazkaritza
sortu zuen. Estebe Petrizan hautatu zuten idazkari.
- "Erasoen aurka
eutsi euskarari" lemapean, Espainiako Konstituzioaren eta Euskararen Legearen
kontrako manifestaldia burutu zuten Iruñean.
- AEDren ekimenez,
Arrasate Press astekaria sortu zen.
- EKBk Prentsa
Dokumentazio Zerbitzua sortu zuen.
- Heda berri-agentzia
sortu zen Baionan.
- Hala Bedi Gasteizko
irrati librearen tresneria eraman zuen poliziak. Espainiako gobernuak onartu
berri zuen Irratidifusio Plangintza Teknikoaren eta Telekomunikabideen Ordenakuntza
Legearen aginduz, lizentziarik gabeko irrati guztiak itxi egin zituzten, frekuentzia
berriak banatu bitartean.
- Eusko Legebiltzarrak
EITB Nafarrora hedatzeko aukerari uko egin zion. Nafarroako Legebiltzarra
ere ETBren kaptazio ofizialaren aurka agertu zen.
- Gasteizko Legebiltzarrak
6 milioi pezetako partida onartu zuen euskarazko egunkariaren bideragarritasuna
aztertzeko.

- Argiak
"Euskal prentsaren eguna" bilakatu zuen bere ohizko Argia Eguna. Beste ekitaldi
batzuen artean, lehendabiziko aldiz euskal hedabideen inguruko Argia Sariak
banatu zituen. Luzien Etxezaharreta (Irratia), Martin Ugalde (Prentsa idatzia)
eta Mikel Olazabal (Telebista) izan ziren sarituak. Aipamen berezia jaso zuten,
gainera, Euskalerria irratia Nafarroako irrati sortu berriak eta Eguna
euskarazko lehen egunkarian jardundakoek (Zubikarai, Erkiaga, Basarri eta
Uzturre).
- EIZIE Euskal
Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak bere lehen Biltzar Nagusia
egin zuen.
- Antxeta argitaldaria
sortu zen Baionan. Otsailerako helduentzako euskarazko bi komiki jarri zituzten
salgai: F. Burgeonen "Haizearen bidaiariak" eta Buckoy-ren "Jaunes".
- Argitaratutako
liburuen artean: Eduardo Gil Beraren "Atea bere erroetan bezala", Gorka Aulestiaren
"Euskara-Ingelesa hiztegia", Andoni Egañaren "Sokratikoek ere badute
ama", Joan Mari Irigoienen "Babilonia" nobela, Alfonso Irigoienen "Hi ta ni
gerade zu, to ez date no", Pilar Iparragirreren "Hilerriko jolasak", Patri
Urkizuren "Zuberoako irri teatroa: astolasterrak"...
- Estatu Batuetako
Bertsolarien Lehen Txapelketa jokatu zen Nevadako Gardnevillen. Jesus Goñik
irabazi zuen.
- Joserra Garzia
buru eta aurkezle zuela, "Hitzetik hortzera" bertsolaritzaren inguruko saioa
emititzen hasi zen ETB.
- Ipuin-kontalariak
biltzen dituen Hitza Pitz jaialdia antolatu zuten estreinakoz Hazparnen.
- Asunak kultur
elkarteak Tobera antzerki-mota tradizionala berreskuratu nahi izan zuen "Deabruaren
boketak" obrarekin. Eiheralarren estreinatu zen martxoaren 20an.


- Maskarada taldeak
Patric Süskin-en "Kontrabaxua" taularatu zuen, Ttanttaka eta
Topo taldeek "Agur, Eire, agur", Hiruak Bat taldeak Gillaume Irigoienen
"Poluzione Pullozione", Goaz taldeak "Kanpotarrak maisu",
"Bordaxuri taldeak "Bidean hitz bat edo bi", Bederen 1 taldeak
Gabriel Zelaiaren "Erreleboa"...
- Euskal Aktoreen
Batasuna sortu zuten 60 bat antzezlek. Lehen helburua aktoreen lanbidearekiko
begirune eta duintasuna erdiestea zen, kontratu-baldintzei nahiz sormen-lanari
zegokionez.
- Jean Mixel
Bedaxagarrek ondutako "Agosti Xaho" pastorala eskaini zuten Urdiñarben.

- Euskal Zine
Ekoizleen Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren politika salatu zuen. Ez zitzaien
ongi iruditzen gidoi lehiaketa antolatu eta hor hautatutako lehen hiruak ehuneko
ehun finantzatzea eta gainerakoak ezer gabe uztea. Dirulaguntzen banaketa
"atzamarrez" erabaki izana leporatu zioten gobernuari. Ekoizleen Elkartearen
eskutik heldu zen liskarraren bigarren kapitulua, Eusko Jaurlaritzaren politikari
oniritzia eman zionean. Angel Amigo lehiaketaren irabazlea ere bat etorri
zen Gasteizko erabakiekin.
- "Sorterriko
koplak" filmak jaso zuen sari nagusia Lekeitioko Bideo eta Zinema Bileran.
- Ernesto Telleriaren
"Arrubioa" filma estreinatu zuten Eibarren, eta J.M. Tuduriren "Karlistaden
kronika" Bilbon.
- Juan Antonio
Urbeltzek "Zortziko" ikuskizuna sortu eta zuzendu zuen.
- Iruñeko
Udal Dantzari taldea desegin zuten ikurrinaren defentsan ari izanagatik. Berrogei
urtez aritu ostean, urriaren 14an burututako udal plenoan taldea aurrerantzean
ez zela berriz taularatuko adierazi zuten ikurrinaren kontrakoek. San Fermin
eta San Saturninoren prozesioetan udal korporazioarekin batera irtetea debekatu
zitzaion dantza-taldeari.
- Plazaratutako
diskoen artean: Txomin Artolaren "Berriz arte", Oskorriren "Datorrena datorrela",
Joxan Goikoetxearen "Lehengo geltokian", Irigoien anaien "Ziminoa gizondu?",
Zarama-ren "Bostak bat", "Tapiatarren trikitixa", Xaximiku taldearen "Musikaren
indarrean gatoz", J. Leon Kazabonen "Marigaizto", Mikel Laboaren "12", Txanbela
taldearen "Hirugarren koxkan", Benito Lertxundiren "Pazko gauerdi ordua",
Lauburu taldearen "Ur eta lur", Ganbara taldearen "Ganbaratik", Kortaturen
"Kolpez kolpe"...
- Bi talde esanguratsuk,
Itoizek eta Kortatuk, zuzeneko diskoa grabatuz agur esan zuten.


- Jorge Oteizaren
erakusketa antologikoa jarri zuten Madrilen eta Txillidaren "Gure Aitaren
Etxea" obra inauguratu zuten Gernikan.
- Hil ziren:
-
André-Nicolas Navarre musikari lapurtarra.
- Migel Javier Urmeneta politikari euskaltzalea. Diputatu kargua utzi aurretik
herri euskaldunetara mediku eta idazkari euskaldunak edukitzeko legea onartu
zuen, baina ondorengoek zokoratu egin zuten lege hori bera.
- Piarres Lartzabal antzerkigilea.
- Eleuterio Tapia trikitilari asteasuarra. Oria eskualdeko herri gehienetako
festak alaitzen ibili zen.
- Nikolas Barrenetxea, Damaso Intzarekin batera Zeruko Argia-ren sortzaile
eta zuzendari. Euskal Esnalea, Egan, Karmel eta Herria aldizkarietan
ere idatzi zuen.
- Joxe Joakin Mitxelena bertsolari oiartzuarra.
- Pablo Sorozabal musikari eta orkestra-zuzendaria.
- Maritxu Barriola, Emakume Abertzale Batzako kide eta euskal kulturaren eragilea.
- Alberto Onaindia apaiz eta politikaria,
Euzko Jaurlaritzako kontseilaria 36ko Gerra Zibilaren garaian.
Gure Mendea