kronologia
1987

- Apirilean,
Gernikako txikizioaren 50. urteurrenaren inguruko ekitaldiek jantzi zuten
Aberri Eguna, bereziki "Gernika 37-87" plataformaren eskutik heldutako lau
egunetako egitarauak: 24 orduko musika-jaialdia, antzezpenak eta hitzaldi
politikoak... Egun sonatua izan zen oso, herri bizkaitarra memoria historikoaren,
erresistentziaren eta kulturaren hiria bilakatzeko asmo hura. Ertzaintzaren
karga bortitzak zauritu ugari utzi zituen.
- La Gaceta
del Norte egunkariak bere azken zenbakia plazaratu zuen irailaren 29an.
- Argia-k
salaketa kanpaina egin zuen, aldizkariaren 50. urteurrenean. Subentzioak ia
erdira jaitsi zizkioten.
- Ikas-Bi Batasuna
sortu zen, Iparraldeko Eskola Publikoaren elebitasunaren bultzatzaile gisa.
Ezinegona sortu zuen Seaskakoen artean, askok konpetentzia egiteko eta euskararen
eskakizunak epeltzeko sortu zenaren susmoa baitzuten.
- Ikastolen Federazioak
"Eskola Publikoaren baitako autonomia eta kontrola Europan" sinposiuma antolatu
zuten Donostian.
- Hezkuntza eta
Kultur Ministerioak Iruñeko Udal ikastola osatzen zuten hiru zentroak
legeztatu zituen.
- Nafarroako
Unibertsitate Publikoa sortzeko legea onartu zuten apirilean.
- EHUko ikasleek
protesta eta manifestazio ugari antolatu zituzten martxoan eta apirilean,
Maravall Espainiako Hezkuntza ministroak bultzatutako LRU edo ikasketa-plan
berriaren aurka.
- AEK-k mobilizazioak
egin zituen Nafarroan, gobernuak jarritako baldintza estuen aurka protesta
egiteko. Besteak beste, subentzioa izatekotan taldeetako ikasle-kopuruak 12koa
izan behar zuen eta ez zortzikoa, AEK-k proposatzen zuen gisan. 1987an Nafarroan
ez zegoen kopuru horretara heltzen zen talderik, Iruñerrian salbu.
Beraz, Nafarroako Gobernuaren baldintzak indarrean jarrita Nafarroan gehiengoa
diru-laguntzarik gabe utziko zuten.
- Eusko Jaurlaritzako
Hezkuntzako kontseilari zen Rekaldek, Euskal Eskola Publiko bakarraren alde
apustu egin zuen. Ikastolak barnean integratzea proposatu zuen.
- Manifestazio
baimendua Baionan, "Ikastola ez ito!" lemapean. Gutxienik bretoien pareko
tratua eskatu zuten.
- Baionako Euskal
Museoko ateak itxi zituzten, bertako alkate zen Grenet-en hitzetan, egoitza
zaintzeko «jende kualifikaturik ez zegoelako eta bere mantenua oso karioa
zelako».

- Arrasateko
AED elkarteak Euskalan, euskara lantegietara eramatea helburu duen taldea
sortu zuen.
- Ondarroako
euskararen udal batzordeak erdara hutsezko agiri ofizialik ez onartzea erabaki
zuen.
- EKBk Hizkuntza
Minorizatuen Nazioarteko Topaketak antolatu zituen.
- EHEk Donostiako,
Bilboko eta Gasteizko udaletxeak okupatu zituen, udalei euskararen aldeko
neurriak eskatzeko kanpainaren hasiera gisa.
- Euskaltzale
talde batek, Jean Haritxelhar buru zuelarik, euskal diploma eskatu zion Frantziako
Hezkuntza Ministerioari.
- Victor Manuel
Arbeloa PSOEko eurodiputatuak euskara babes zezan eskatu zion Europako Parlamentuari.
- UZEIk Euskalterm
izeneko euskal terminologi bankua sortu zuen.
- "Aurten Bai"
izeneko Bizkaiko Alfabetatze kanpaina egin zen.
- Vasco Press
albiste-agentzia euskarazko zerbitzuak eskaintzen hasi zen.

- Miramongo zentroa
zabaldu zuen ETBk.
- Eskualduna
aldizkariaren mendeurrena ospatu zen Baionan.
- "Euskal Hitz"
euskararen historiari buruzko erakusketa ibiltaria antolatu zuen Eusko Jaurlaritzak.
- Geroa antzerki-taldeak
Mario Onaindiaren "Grand Placen aurkituko gara" nobela moldatua taularatu
zuen, Oztibarreko taldeak Imanol Eliasen "Haunditasun ametsak", Antxietak
"Hiru morroiak", Zintzilik taldeak "Pippin" komedia musikala eta Hiruak Bat
taldeak Hirigoienen "Hamar manu minduak".



- Argia dantza-taldeak
errepertorio zabala eskaini zuen otsailaren 26an. Ikuskizunik handiena, ordea,
beraiek berreskuratutako antzinako "Irradaka" dantza izan zen. Irradakak,
berez, kantu luzeak omen ziren, kutsu erlijioso eta moralista barnean zeramatenak.
Urbeltzek Nafarroako zenbait txokotan bizirik geratutako xehetasunen bitartez
berreraiki zuen dantza hau.
- Joan Mari Lekuonak
eta Patxi Zabaletak aulki bana hartu zuten Euskaltzaindian.
- Bertsozaleek
Jon Azpillaga omendu zuten. Teodoro Herrandonea bertsolari zizurkildarrak
ere gorazarrea jaso zuen Saran. Lapurdiko pertsulariek, bestalde, lehen txapelketa
antolatu zuten. Jesus Arzallusek irabazi zuen.

- Trikitilarien
Egunean Txikito Mendaro-Aizta, Arno-Martxel eta Ospaz-Sabin soinu eta panderojoleak
omendu zituzten Eibarren.
- Euskal Kantu
Txapelketa Euskal Herri osora hedatu zen. Sarituen artean: Irigoien anaiak,
Solange Añorga, Patxi Sainz eta Izarra taldea. Eiheralarren finala
jokatu zeneko hartan, ekainaren 20an, Musikaren Eguna ospatu zen mundu osoan.

- Argitaratutako
diskoen artean: Eltzegor taldearen "Sasitik sarira", Amaia Zubiria eta Pascal
Gaigneren "Kolorez eta ametsez", Zaramaren "Dena ongi dabil", Pier Paul Berzaitzen
"Han eta hor", Tapia eta Leturiaren "Jo eta hautsi", Jotakie-ren "Piztu nazazu
jauna", Kaki Arkarazoren "Matxinadak", Hertzainak taldearen hirugarren diskoa,
Azalaren "Zaldiko Maldiko", Kepa, Zabaleta eta Mutrikuren "Infernuko
hauspoa", Manex Pagolak moldaturiko "Biziaren altzotik" bilduma,
Guk taldearen "Gerlarik ez"...
- Eresoinka,
Britainia Handiko Xare Band eta Kaliforniako Tasende-ren arteko koprodukzioz,
"Gernika, arbolaren espiritua" filma errodatu zuten.
- Anjel Lertxundiren
"Kareletik" eta J.A. Zorrillak zuzendu eta A. Amigok produzitutako "Lauaxeta"
filmak estreinatu ziren Donostian.


- Pello Varelaren
"Azpiko gizona" laburmetraia aurkeztu zen Gasteizen.
- Arteleku Euskadiko
lehen arte-lantegia inauguratu zen Martutenen.
- Eusko Jaurlaritzaren
eta Editoreen Elkartearen laguntzaz euskal idazle klasikoei dedikatutako sail
berria sortu zuten.
- Euskal Idazleen
Elkarteak "Gaurko euskal narratibaren antologia" argitaratu zuen.
- Ereinek "Aitzolen
Antologia" obra plazaratu zuen. Joxe Austin Arrietak "Manu Militari" argitaratu
zuen, Patziku Perurenak "Emily", Robert Laxaltek "Kafea hartzea Iruñean",
Laura Mintegik "Bai baina ez", Pako Aristik "Irene. Tempo di Adaggio", Juan
Mari Irigoienek " Udazkenaren balkoitik", Pablo Sastrek "Joxemi",
Arantxa Urretabizkaiak "Saturno", Astrain-Harrietek "simon
Besaluze, Oilar jokoa", Juan Garziak "Akaso", Koldo Izagirrek
"Mendekuak", Felipe Juaristik "Hiriaren melankolia"...
- Astrain eta
Harriet-ek "Simon Besaluze, Oilar jokoa" komiki-liburua plazaratu zuten.
- Manuel
Lekuona, Jose Estornes Lasa
eta Koldo Mitxelena hizkuntzalaria
hil ziren.

1987,
Donostia - Mitxelenaren heriotzean | 1987,
Donostia, Bilbo - Euskara, idazle txarren menpe

Gernika
37-87 | Euskara egunkarietan

1987ko
iragarkiak
Gure Mendea