kronologia
1986

- EAJ zatitu
eta alderdia utzi zutenek Eusko Alkartasuna eratu zuten. Ipar Euskal Herrian,
berriz, Euskal Batasuna alderdi politiko abertzalea sortu zen.

- Otsailaren
18an OTANi buruzko erreferendumean botoa euskaraz eman ahal izango zela iragarri
zen komunikabideetan. Zazpi egunen buruan, ordea, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako
gobernadore zibilek "Bai", "Ez,", "Si" eta "No" aukera gehiegi zirela eta
nahasgarria gerta zitekeela argudiatuz, botoa euskaraz ematea debekatu egin
zuten. Erreferendumaren emaitzari dagokionez, Hego Euskal Herrian gehiengoak
ezezkoa eman zion OTANi.
- Bilintx liburudendan
lehergailua jarri zuten azaroan, bigarrena urtebete eskasean.
- Pirinio Atlantiarretako
Kontseilu Nagusiak eta Izan batasunak euskara erakusteko ikusentzutezko metodo
baten egiteko akordioa sinatu zuten abuztuan. Lehenengo aldia zen horrelako
gauzetarako dirua heltzen zela.
- Pizkundea batasunak
Gobernu frantziarraren menpe sortutako Baionako kultur etxea uztea erabaki
zuen, Uhaitza, Eihartzea eta Haize Berri elkarteentzat eskatutako 150.000
liberako diru-laguntza eskaerari uko egin baitzion Paueko Kontseilu Nagusiak.
- Ipar Euskal
Herriko 226 hautetsi biltzen zituen Goiz-Argi taldeak, gobernu frantziarrak
euskararekin zeraman politika salatu zuen.
- Eusko Jaurlaritzak
Euskararen Eguna antolatu zuen otsailean. Ospakizuna, ordea, gizarte-arlo
guztietara heldu nahi zuen kanpaina errebindikatibo baten atari bilakatu zen.
Iruñean "Euskara guztiona, guztiontzat" lemapean egindako manifestazio
batekin amaitu zen EKBren kanpaina.

- Euskal preso
politikoek euskara erabiltzearen alde egin zuten kanpainaren ondorioz, ia
5.000 gutun gelditu ziren beren helbidera iritsi gabe.
- Frantziako
Kontseilu Konstituzionalak Seaskak Hezkuntza Ministerioarekin sinatutako integrazio
akordioa indargabetu zuen. Esperantza handiak ito ziren eta ez Euskal Herrian
bakarrik, baita Korsika, Bretainia, Katalunia eta Okzitaniakoen artean ere.
- Ikertzaile
talde batek, Alfonso Irigoien eta Federiko Krutwig horien artean, Jakintza
Baitha erakundea sortu zuen.
- SIADEKOk Iruñeko
Udalaren enkarguz egindako inkestaren datuak azaldu zituen. Ikerketaren arabera,
biztanlegoaren %13k zekien euskaraz eta %60k ez zuen euskararekiko jarrera
onik. Udalak sentsibilizazio kanpaina bati heldu zion eta oniritzia eman zion
ikastolaren erabateko legeztapenari.
- Joseba Gotzon
abeslari bizkaitarrari kontratu hitzarmena apurtu zioten Bilboko Bourbon pub-ekoek
euskaraz kantatzeagatik.
- Guraso koordinakundeak,
Ikastola Publikoetako Federazioak, LAB, STEE-EILAS, UST, EHE, HB, HABE, IRALEko
Adarra kolektiboak deituta, manifestazioa burutu zen Eusko Jaurlaritzak onetsitako
B ereduaren dekretuaren kontra.
- Piarres Xarriton
hazpandarrak Lafittek utzitako aulkia hartu zuen Euskaltzaindian.
- Bizkaieraz
ari ziren ihainbat idazlek elkartea sortu zuten.
- Emilio Barbera
EHUko errektore hautatu zuten iskanbila artean. Bere gestioa oso kritikatua
izan zen arren, gehiengoa lortu zuen hautaketan.
- Euskararen
Promoziorako Zuzendaritzak Euskal Letren Saria eman zion Piarres Larzabali.
- Gasteizko Gobernuak
FM irrati-frekuentzien banaketa erregulatzeko dekretua onartu zen. Euskal
Herriko Irrati libreek protesta ugari burutu zituzten legea onartu aurretik
eta ondoren.
- Xiberuko Bozak
Maulen jarri zuen egoitza.

- Deustuko Unibertsitateko
Euskal Kultur Mintegiak Enseiukarrean aldizkaria plazaratu zuen.

- Ipurbeltz
haurrentzako aldizkariak 100. zenbakia plazaratu zuen eta Enbata-k
1.000.a.
- Hemen
eta Eguna, egunkari formatuko astekariak plazaratu ziren, lehena Egin-en
eskutik eta bigarrena Deia-ren eskutik.
- AEKren ekimenez,
Ele hizkuntzalari eta euskararen didaktikari buruzko aldizkaria sortu
zen.
- Euskal Herriko
Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatu zen martxoan. Sebastian Lizaso, Jon Lopategi,
Xabier Amuriza, Jon Enbeita, Iñaki Murua, Andoni Egaña, Jon
Sarasua eta Anjel Mari Peñagarikano elkartu ziren finalean. Sebastian
Lizasok jantzi zuen txapela.

- Lapurdiko Bertsularien
Lehen Saria jokatu zen Urruñan. Santi Iparragirrek omenaldia jaso zuen,
bertsolaritzaren alde egindako lanagatik.

- Karraka taldeak
"Euskadifrenia" obra estreinatu zuen, Maskarada taldeak "Harrizko Aresti
hau", Zintzilik taldeak "Jo ezak berriro, Sam", Goaz taldeak
"Ez da pale egiteko oldua" eta Xirristi Mirristi taldeak "Gazteluko
muxurdinak".

- "Zergatik Panpox?"
Arantxa Urretabizkaiaren nobelan oinarrituriko filma estreinatu zen Gasteizen.
Jose Maria Tudurik "Bigarren Gerra Karlista" pantailaratu zuen, Pedro Oleak
"Bandera Beltza", Montxo Armendarizek "27 ordu" eta Jose Julian Bakedanok
"Oraingoz izen gabe". Gainera, marrazki bizidunetako bi film aurkeztu ziren:
Jaizkibel eta Eresoinkaren "Flannery eta bere astakiloak" eta Argilo taldearen
"Pitxu".

- Barkoxen "Etxahun
Koblakari" pastorala eskaini zuten.
- Euskara hutsezko
Liburu eta Disko Azoka antolatu zuten maiatzean Durangon. Euskarari protagonismo
berezia eman nahi zitzaion, azoka elebidun batean lortuko ez zukeen lehentasuna.
Ez zuen ordea, arrakasta handirik izan.
- Susa argitaldariak
Gabriel Arestiren lliteratur-lan guztiak argitaratu zituen hamar liburukitan.
- Joseba Sarrionandiak
"Atabala eta euria" idatzi zuen, Joxe Austin Arrietak "Bertso-paper printzatuak"
poema-liburua eta Xipri Arbelbidek "Piarres Lafitte, bere bizia".
- Euskal Dantzarien
Biltzarraren eta Nafarroako Gobernuaren arteko polemika bizia piztu zen. Gobernuak
bertako kultura aski laguntzen ez zuela salatu zuen dantzarien elkarteak.
- Ruper Ordorikak,
Bernardo Atxagak eta Joxemari Iturraldek "Henri Bengoa inbentarium" literaturaz
eta musikaz osaturiko ikuskizuna eskaini zuten.
- "Erreka-Mari,
Euskal Herriko azken lamia" haurrentzako opera estreinatu zen Donostian eta
Bilbon. Gasteizen "Amaia" opera eskaini zuten.
- Kike Amonarriz
eta Joxe Ramon Galarragak txiste kaset bikoitza plazaratu zuten.
- Hertzainak
taldeak "Hau dena aldatu nahi nuke" Lp-a argitaratu zuen.
- Damaso
Intza, Estanislao Urruzola Uxola idazle tolosarra eta Balendin
Enbeita hil ziren.
Gure Mendea