kronologia
1985
- Mikel Zabalza
hil zuen poliziak. Atxilotu eta ihes egin ziela esan ostean, hogei egunen
buruan agertu zen bere gorpua Endarlazan, Bidasoako uretan.
- Donostiako
Bilintx liburudendan lehergailu batek eztanda egin zuen.
- Luis Mari Bandres
Kultur Kontseilari izendatu zuten eta Josu Legarreta Eusko Jaurlaritzako Euskara
Arazoetako buru. Lehenak Joseba Arregiri hartu zion erreleboa eta bigarrenak
Martin Ugalderi.

- Joseba Sarrionandiak
eta Iñaki Pikabeak ihes egin zuten Martuteneko espetxetik, uztailaren
7an, Imanol abeslariaren taldeko musika bafleen barnean ezkutatuta. Ihesaren
ondorio, Josu Landa Argia-ko kazetaria eta Imanol kantaria eta bere
ekipoa atxilotu zituzten. Mikel Antzaren bila ere jo zuten, ihesiaren antolatzaile
eta erantzule zelakoan.
- Euskararen
munduan lan egiten zuten Ipar Euskal Herriko langileek egunbeteko greba egin
zuten martxoaren 15ean. Kultur erakundeentzat finantzaketa publikoa eta lanpostuen
garantia zen eskabidearen oinarria.

- Hainbat protestaldiren
ondoren, uztailean Seaska eta Frantziako Hezkuntza Ministerioaren arteko negoziazioa
hasi zen Bordelen. Ikastolak irakaskuntza publiko frantsesean integratzeari
buruz Parisko gobernutik heldutako eskaintza ontzat eman zuen Seaskak.
- Gasteizko gobernuarekin
sinatutako akordioen betetzea neurriz kanpo luzatzen ari zela salatu zuen
Ikastolen Federazioak otsailean. Beldur ziren Garaikoetxearen gobernuak agindutako
2.000 milioi pezetak ukatu egingo zitzaizkiela, eta Etxenikerekin izandako
«harreman mingarria» jarri zuten adibidetzat. Gobernu berriak dirua hurrengo
urtean kobratuko zutela agindu zien ikastolei.
- Gasteizko Toki
Eder ikastolakoek greba egin zuten Ollorari bere aurrekoek agindutakoa bete
zezan eskatzeko. Ikastolako guraso bati, bestalde, lehergailua jarri zioten.
- Santurtziko
AEK-ko euskaltegiak Geronimo Nuñez polizia nazionala kaleratu zuen.
- Dominique Burukoa
Baionako Kultur Zentroko lehendakari hautatu berria bere karguaz jabetu zen.
Pizkundeak ez zuen bere alde bozkatu euskaraz ez zekielako.
- Euskararen
Aldeko Batzarrea sortu zen Iruñean, besteak beste, Nafarroako Parlamentuan
aurkeztutako Euskararen Legeari aurre egiteko.
- Krisirik larrienetariko
bat ezagutu zuen Euskal Telebistak 85eko udaberrian hasita. Alde batetik,
maiatzaren 9an hasita, langileek grebari ekin zioten, gatazka sindikal zabala
planteatuz. Beste alde batetik, Martin Ibarbia eta Joseba Olabarriren dimisioek
eta Manu Aranbururen eta Juan Garciaren kaleratzeek ez zuten egoera samurtzen
lagundu. Denetarik bildu zen konponezin horretan: inkonpatibilitate pertsonalak,
erdara gehiago sartu nahi zutenen erasoa, lan-gatazkak (Langile Batzordeak
Amatiño eta Areizagaren dimisioa eskatzeraino)... Langileen greba irailaren
erdiraino luzatu zen. EITBko zuzendari berria izendatzearekin batera amaitu
zen lanuztea. Jose Maria Gorordo jarri zuten Andoni Areizagaren ordez eta
Amatiñok ere ETBko zuzendari gisa zuen postuan dimisioa eskatu zuen.
- Larrun,
Literatur Gazeta eta Ttipi-Ttapa aldizkariak sortu ziren. Elhuyar Zientzia
eta Teknika eraberrituta plazaratu zen.
- Poliziak Gasteizko
Hala Bedi irratia itxi zuela eta, protesta gisa antolaturiko ekintzen artean
Bilboko RNE, Donostiako SER eta Loiolako Herri Irratia okupatu zituzten. Ertzaintzak,
bestalde, Azpeitiko Kaka Flash irratia itxi eta tresneria errekisatu zuen
alkatearen aginduz.
- TBO udal telebista
jarri zuten martxan Ondarroan.
- 1982tik Euskaltzaindiak
Bertsolari Txapelketa Nagusirik antolatzen ez zuela eta, bertsolariek beraiek
heldu zioten erronkari. Hainbat puntu finkatzekotan agiri bat argitaratu zuten
maiatzean. Haien iritziz epaimahaia bertsolariek beraiek hautatu behar zuten.
Bestalde, izena emateko epea luzatu egin behar zela zioten eta epaia bertso-saioan
zehar bistara azaldu behar zela gaineratzen, entzulegoak ikusteko moduan.
Tentsio hartan, Euskaltzaindiak uko egin zion txapelketa antolatzeari eta
bertsolariek beraiek heldu zioten lanari.
- Maskaradak
egin ziren Atharratzen. 25 urte ziren herri honetan antolatzen ez zirela.
- "La Realidad
Teatral en Euskadi" mahainguruan istiluak sortu ziren Lukas Dorronsorok euskaraz
mintzatuko zela adierazi zuenean. Batzuek interpretari baten beharraz mintzatu
ziren baina ez zen konponbiderik egon. Patri Urkizuk uko egin zion parte hartzeari.
- Maskarada taldeak
Marc Legasseren "Gastibeltzaren karabinak" estreinatu zuen, Lekeition. Iturri
taldeak Telesforo Monzonen "Menditarrak" antzeztu zuen; Luar taldeak
Fernando Pessoaren "Marinela"; Hiruak Bat taldeak "Izar buztan
luze"; Zingili-Zangalak "Txirristatzetik nentorren"; Intxixu
taldeak Mario Benedettiren "Pedro eta kapitaina"; Kukubiltxok "Troglo
bat, troglo bi, hiru troglo ask ida"...
- "Allande Oihenart"
pastorala eskaini zuten Muskildin, Battita Urrutiren zuzendaritzapean. Urte
hartan zuberotarrek omenaldi beroa eskaini zioten errejentari. Urrutik haize
berriak eta oreka nabarmenagoa ekarri zizkion pastoralari, batez ere emakumeen
parte hartzea kontuan hartu zuelako.
- Euskara hutsez
errodatu eta estreinatutako lehenengo filmak egin ziren: Anjel Lertxundiren
"Hamaseigarrenean aidanez", Arantxa Urretabizkaiaren "Zergatik, Panpox?" eta
Ramon Saizarbitoriaren "Ehun metro". ETB eta Angel Amigoren produktorearen
esku heldu ziren hauek irudi errealeko fikziozko lehen luzemetraiak izan ziren
euskaraz. 100 milioi pezetako aurrekontua izan zuten eta Eusko Jaurlaritzak,
ETBk eta Irati films produktorak jarri zuten dirua.


- Espainiako
Kultur Ministerioak "Kalabaza tripontzia" marrazki bizidunen filma saritu
zuen Donostiako Zinemaldian. Koldo Izagirre eta Juanba Berasategiren filma
abenduaren 12an estreinatu zen zine komertzialetan.
- Jorge Oteizari
Euskadi Saria eman zioten. Omendua ez zen sari banaketara joan eta eskutitz
baten bidez, Eusko Jaurlaritzaren kultur politika kritikatu zuen.
- Euskal Herriko
Artixtak deitu elkarteak bere lehen erakustaldia egin zuen Kanbon. Abenduan
gutuna igorri zioten telebista frantsesaren zuzendariari merezi zuten garrantzia
eskain ziezaieten.
- Bernardo Atxagak
"Bi anai" idatzi zuen, Xabier Montoiak "Likantropo", Joseba Sarrionandiak
"Ni ez naiz hemengoa" eta Martin Ugaldek "Mugarri galduen itsumendua".

- "Euskal Gramatika"-ren
lehen liburukia aurkeztu zuen Euskaltzaindiak.
- Asun Balzolak
Bratislava haur-ipuinen ilustrazioen nazioarteko saria irabazi zuen. Bernardo
Atxagaren "Txitoen istorioa"-n egindako lanaz lehiatu zen.
- Jose Inazio
Ansorenak "Gipuzkoako dantzak" trilogiaren azken diskoa plazaratu zuen, Txomin
Artolaren "Orbela" (bost urte zeramatzan isilik ezer plazaratu gabe), Ruper
Ordorikak "Bihotzerreak", Itoiz-ek "Espaloian" Gorka Knörrek "Hegaldia"
eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek "Tortolika". Errobi taldeak ere,
bost urteko isilunearen ostean, "Agur t'erdi" bere azken diskoa plazaratu
zuen.
- Euskal Herria
Kantuz lehiaketaren finala jokatu zen Donibane-Garazin. Bakarkakoetan Txomin
Hegik irabazi zuen eta bikoteen modalitatean Gillaume eta François
Irigoien anaiek.
- Ekarle dantza
taldeak "Eguzki hauskara" ballet moldatua eskaini zuen Gotainen.
- Elai Alai dantza-taldearen
ekimenez, Nazioarteko Folklore Jaialdia antolatu zuten Portugaleten.
- Eusko Ikaskuntzak
Jorge Riezuri eman zion Manuel Lekuona Saria, Euskal Herriko kantutegiaren
inguruan egindako biltze eta ikertze lanagatik.
- Klemente Ezkurdia
Balda Gorriti bertsolaria eta Piarres
Lafitte euskal kulturaren patriarka hil ziren.
Gure Mendea