kronologia
1984

- Santi Brouard
HBko Mahai Nazionaleko kide eta HASIko burua hil zuen GALek.

- Maiatzaren
13an Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaialdia antolatu zen
estreinakoz.
- Ikastola berria
zabaldu zuten Baionan, Saint Amand-eko elizak utzitako lokaletan.
- Donostiako
Realak eta Bordeleko Girondesek futbol-partidua jokatu zuten Baionan, Seaskaren
alde.
- 1.700 guraso
zein ikaslek giza katea osatu zuten Iruñean ikastolarako gelak eskatzeko.
- Istilu latzak
Arrasateko ikastolaren eta El Ferial eskola publikoaren artean. Ikasturtearen
hasieran ikastolak lekua behar zuela eta, El Ferial eskola publikoko egoitzetan
sartzeko agindu zitzaien. Eskola publikokoei ez zitzaien ideia ongi iruditu
eta haserrealdiaren erdian ertzainak agertu ziren. Eskola publikokoek grebari
ekin zioten, Arrasateko beste batzuekin batera. Castro Urdialesen ere iskanbila
piztu zen ikastola zabaldu berriaren aldekoen eta kontrakoen artean.
- AEK-ko Sestaoko
euskaltegitik ertzain bat kanporatu zuten. Batzorde Nazionalak azaldu zuenez,
Jose Joakin Alfageme ertzaina «arrazoi pedagogikoengatik» geratu zen bere
taldetik kanpo, euskara erakusteko metodoaren oinarri den komunikazioa eragozten
zielako beste ikasleei. Sestaoko euskaltegiko ertzainaren kanporatzeak hautsak
gogor harrotu zituen, eta aurreko urtean polizia nazional batek HABErekin
izandako istiluen bigarren kapitulua bilakatu zen gertatutakoa.
- Onartu berria
zen HABE legearen kontrako ekintza ugari burutu zituen AEK-k. Maiatzean Bilboko
AEK-ko partaideek HABEko lokalak okupatu zituzten. Ertzaintzak ke-poteak erabiliz
eta pelotaka atera zituen handik.
- Eusko Jaurlaritzako
Hezkuntza Sailak IRALE (Irakaslegoaren Alfabetatze Euskalduntzea) programa
aurkeztu zuen.
- Nafarroako
Gobernuak 5 milioi pezetako dirulaguntza eman zion Euskaltzaindiari.
- EITBk Radio
Euskadi sortu zuen Bilbon.
- Pizkundea erakundean
tirabirak sortu ziren Baionako Kultur Etxea zela eta. Erakundeko zenbait talde
Kultur Etxean esku hartzearen alde azaldu ziren, kritikatzen zuten arren.
Beste hainbat taldek (gaueskolek, irratiek eta eskolek, nabarmen), «herri-zerbitzuak
baztertuz instituzioek inposatutako kultur eredua eta bidea onartzea»
zela salatzen zuten.
- Eihartzea,
Ipar Euskal Herriko hirugarren kultur zentroa eratu zen Hazparnen. Izurako
Haize Berri eta Zuberoako Uhaitza ziren aurretikoak.
- Mitterranden
bisita zela eta, euskararen eta kulturaren inguruko errebindikazioak kaleratu
ziren 1984ko urriaren 10ean. Frantziako gobernuburuak esan berria zuen Euskal
Herriak bere kultur izaera berreskuratu ahal izango zuela, baina autonomia
politikorik gabe. Seaskak eta AEK-k antolaturiko manifestazioa bere abiapuntuan
bertan desegin behar izan zuten, poliziaren aginduz.
- Zinegile profesionalek
Euskal Zine Ekoizleen Elkartea sortu zuten.

- Pedro Olearen
"Akelarre" eta Imanol Uriberen "Mikelen heriotza" filmak estreinatu ziren.
Frontera Films-ek ekoiztutako "Albaniarren konkista" luzemetraia aurkeztu
zuten Donostiako Zinemaldian.
- Eusko Jaurlaritzak
eta ETBk Angel Amigori "Hamaseigarrenean aidanez", "Ehun metro" eta "Zergatik
panpox?" filmetarako 269 milioi pezeta eman zizkioten.
- Gure Irratiak
emisioak Ipar Euskal Herri osoan entzuteko moduko antena jarri zuen Baigura
mendian. Epaileen aginduz, EDF elektrizitate-enpresak 10.000 libera ordaindu
behar izan zizkion irratiari, antena jartzeari uko egin eta oztopoak jarri
zizkiolako.
- Azpeitia-Azkoitiko
Kaka Flash irrati librekoek Irrati Askatuen aldeko Hamabostaldia antolatu
zuten.
- Hiru urteko
hausturaren ondoren Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Gobernuak harremanak
berritu zituzten. «Politizatuta» zegoelako utzi zuen gobernuak erakundea.
- Iskanbilak
eta greba Leioako Unibertsitatean, azaroan. Ikasleek garraioa doan izatea
eskatzen zuten batetik, eta bestetik numerus clausus delakoa ezabatzea.
- Mobilizazioak
Nafarroan euskarazko telebistaren alde. 1984ko abenduaren 16an sei mila lagun
inguru bildu zen Iruñean Nafarroan Euskal Telebista ikustearen aldeko
jarrera azaltzeko. ETB Nafarroan Ikustearen Aldeko Batzordekoek ia urtebete
zeramaten borrokan eskakizun honen alde eta 68 udal eta kontzejuren babesa
zuten; alegia, 260.000 nafar edo herrialde honen populazioaren erdia baino
gehiago ziren helburu horren aldekoak. Bestalde, EHEkoak Telenavarra-ren aurrean
bildu ziren bertako programazioan euskara kontuan har zezaten eskatzeko.
- Jon Sarasua
gailendu zen Bertsolari Gaztetxoen Txapelketan.
- Arabako Lehen
Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zen Gasteizen. Jon Isasi Txinotxuk
jantzi zuen txapela.
- Txomin Garmendia
omendu zuten Bertsolari Egunean. Jesus Alberdi Egileor eta Felix Iriarte
bertsolariak ere omendu zituzten urte hartan.
- Koblakari Eguna
ospatu zuten Maulen uztailaren lehenean.
- Nafarroako
Bertsolarien Elkartea sortu zen.
- Eusko Jaurlaritzako
Antzerti Zerbitzuaren lehen promozioko ikasleek diploma jaso zuten. Hamabi
ziren guztira: Klara Badiola, Ramon Agirre, Marta Carlos, Isidro Fernandez
del Castillo, Aitzpea Goenaga, Arantza Garmendia, Elena Irureta, Kontxu Odriozola,
Consuelo Riva, Patxi Santamaria, Inaxio Tolosa eta Karlos Zabala.
- Euskal Antzerki
Taldeen Biltzarrak, Galarrotsak deituriko lehen topaketa antolatu zuen
Hazparnen. Jardunaldi hartan, Bordaxuri talde piztu berriak "Basajauna" obra
estreinatu zuen, Koldo Ameztoik "Harriola Marriola" lana eta Daniel Landartek
"Antzerkiaren egoera, gaur eta bihar" izenburuko mintzaldia eskaini zuen.
- Taupada taldeak
"Behin batean... ju, ju, ju..." obra estreinatu zuen; Maskarada
taldeak, Dario Fo-ren "Pistolaren begi zuri-beltzak", Bederen 1
taldeak "Gure Herria"; Kukubiltxok "Kukubiltxo begiluze";
Ortzadar taldeak "Mugetan irri"; Iturri taldeak "Manex Azeri";
Koldo Ameztoik "Gau beila"...



- Azpeitiko II.
Euskal Antzerki Topaketetan, Helduen mailan banatu ziren sei sarietarik lau
Hazparneko Bordaxuri taldeak eraman zituen. Bigarren eta hirugarren sariak
Antxieta eta Xirristi Mirristirentzat izan ziren. Haurren mailan Elgoibarko
Taupadak jaso zuen saria. Eugenio Arozena, Patri Urkizu eta Patxi Altuna ziren
epaimahaikideak.
- Juan Mari Beltranek
Txanbela folk-taldea sortu zuen.
- Ipar Euskal
Herriko gau-eskolek AEKantuz eta Baionako Rock-Gaua antolatu zuten.
- Plazaratu ziren
diskoen artean aipagarri: Imanolen "Erromantzeak", Gallur taldearen "Arabatik...",
Lauburu taldearen "Beltzaran beltza", Akelarreren "Ari gara", Kaki Arkarazoren
"Emeak", Hertzainak taldearen "Hertzainak", Eltzegor taldearen "Ebihotz",
Zaramaren "Indarrez", Oskorriren "Hau hermosurie"...
- Iruñean
Korrok literatur aldizkaria sortu zuten eta Bilbon Ttu-Ttua
izenekoa. Gasteizko Kandela literatur aldizkaria ere plazaratzen hasi
zen berriro, bolada bat isilik iragan ostean.
- Saski Naski
aldizkaria plazaratu zuten berriro, hiru urtez isilik egon ondoren.
- Koldo Izagirrek
"Euzkadi merezi zuten" idatzi zuen, Pako Aristik "Kcappo: Tempo di Tremolo"
nobela, eta Juan Kruz Igerabidek "Notre-Dameko oihartzunak".
- Hil ziren:
-
Amable Arias pintorea.
- Joxe Salaberria bertsolaritzaren eta euskal ohituren zuzpertzailea Donostialdean.
- Manex Erdozaintzi-Etxart poeta
eta kultur eragile behenafarra.
- Piarres Narbaitz historialaria.
- Iñaki Begiristain antzerkigilea.
- Odon Apraiz, euskalzale eta
kultur eragile arabarra.
Gure Mendea