kronologia
1980
- 1980ko martxoaren
27an, Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz Iparretarrak-eko kideak hil ziren
Baionan.
- Gernikako estatutua
onartu ondoren, Eusko Legebiltzarra sortu zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritza
desegin eta berria eratu zen apirilaren 24an. Karlos Garaikoetxea izan zen
aurreneko lehendakaria.

- Ramon Labaien
Eusko Jaurlaritzako Kultur kontseilari izendatu zuten. Bere ekimenez sortu
ziren ETB, Euskadi Irratia, HABE eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.
- Martin Zabaleta,
Pasang Temba sherpa lagun zuela, Everesteko tontorrera heldu zen. Munduaren
gailurrean ikurrina paratu zuten.

- Errotulazio
kanpaina Euskal Herrian. Polizia frantsesak Xabier Manterola harrapatu zuen
errepide bazterreko herrien izenak euskaratzeagatik. Epaitu ostean isuna ezarri
zioten. Antzeko kasu gehiago ere gertatu ziren.
- Manifestazio
jendetsua Donostian, euskararen alde.
- 1980ko martxoan
15.000 lagun bildu ziren Iruñean "Euskara Nafar Hizkuntza" lemapean.
- Ekainaren 18an,
UPN, UCD eta PSOE euskara Nafarroan hizkuntz ofiziala izatearen aurka posizionatu
ziren Nafarroako legebiltzarrean: «Euskara bultzatu behar da, baina gaztelaniaren
mailan jarri gabe»; gainera, UCDko Babos jaunak adierazi zuenez, «euskara
ez da sekula hizkuntza kultua izan».
- Euskaltzaindiak
Patxi Altuna hobetsi zuen Lojendiok utzitako aulkirako eta Txillardegi kanpoan
gelditu zen. Askok, Txillardegiren aurkako maniobra politikotzat jo zuten.
Txillardegik berak, horrelako «komedietan» berriro ez zuela parte hartuko
agindu zuen.
- Jose Anjel
Iribarren omenez, Real Sociedadek eta Athletic de Bilbaok partidua jokatu
zuten. Bildutako dirua "kirol hiztegia" egiteko eman zuen Iribarrek.

- Kaputxinoen
jabetzakoa zen Zeruko Argia aldizkaria kooperatiba batek eskuratu eta
Argia bilakatu zen. Aldizkariaren izena eta jabetza ezezik, itxura
grafikoa eta mamiaren trataera ere aldatu zen. Staff berrian, besteak beste,
Kaietano Ezeiza, Elixabete Garmendia, Pilar Iparragirre, Joxe Mari Ostolaza
eta Joxemi Zumalabe ageri ziren. Azken hau, marrazkilari gisa.
- La Voz de
España egunkaria desagertu zen.

- Azaroaren 14an,
Anaitasuna, Jakin, Herria eta Argia aldizkariek "Euskal Prentsa
euskaraz" kanpainari ekin zioten. Hiru helburu zituen kanpainak. euskaldunak
kontzientziatzea, galerei aurre egiteko diru-laguntza eskuratzea eta harpidedun-kopuru
egokia lortzea.
- Itzultzaile
eskola sortu zen, Xabier Mendigurenen zuzendaritzapean. Irakasle-taldea Josu
eta Pello Zabaletak eta Koro Nabarrok osatu zuten.
- EHU Euskal
Autonomi Erkidegoko unibertsitate publikoa sortu zen. Gregorio Monreal izan
zen lehen errektorea.
- Euskaltzaindiak
Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) titulu akademikoa sortu zuen.
- "Araba Euskaraz"
ikastolen jaialdia antolatu zen estreinakoz.
- Frantzisko
Ondarra ikerlari nafarra euskaltzain oso hautatu zuten.
- Bertsularien
lagunak Ipar Euskal Herriko bertsolarien elkartea sortu zen. Apirilean eginiko
bilkuran agertutako xedeen artean, «Hegoaldean bezala Iparraldean ere bertsulari
xapelketa bat antolatzea, batetik eta bestetik ikastetxeetako erakasleak ohart
ditezen erakutsi behar dutela beren ikaslen bertsu bat zer den eta nola idazten
edo kantantzen den». Azkenik Euskal Artisten Federazioan sartuko zirela
aipatu zuten. Elkarteko lehendakari Ernest Alkhat hautatu zuten.
- "El proceso
de Burgos" filma aurkeztu zuten urtarrilaren 11n. Donostian bakarrik 35.000
lagun inguruk ikusi omen zuten.

- Dantzari Eguna
zela eta, 150 dantza-talde bildu ziren Baionako rugby-zelaian maiatzaren 31n.
4.000 dantzari eta 10.000tik gora ikusle ziren guztira. Sarreretatik bildutako
dirua Seaskari eman zitzaion.
- Kilikilariak
taldeak Bernardo Atxagaren "Prakaman" obra estreinatu zuen eta Piper-Beltx
taldeak "Egarriak" antzerki-lan soziala.
- Oh! Euzkadi
aldizkaria sortu zen maiatzean. Jokin Ansorena, Gotzon Egia, Ramon Etxezarreta,
Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Josetxo Lizartza, Joxan Muñoz, Lurdes
Oñederra, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia
eta Juanba Berasategi ziren partaideak. Lehenagotik, "Oh Euzkadi!" Zeruko
Argia aldizkariaren gehigarri moduan plazaratu zen urtebetez.

- Urtearen hondarrean,
Susa literatur aldizkaria sortu zuten EUTGko filosofiako hainbat ikaslek.
- Xaguxarra izenez,
hainbat euskal idazle garaikideren antologia plazaratu zen.
- Tere Irastortzaren
"Gabeziak" poesia-liburuak Espainiako Kritika saria jaso zuen.
- Joan Mari Irigoienen
"Poliedroaren hostoak" nobelak Azkue saria jaso zuen.
- Euskaltzaindiak
"Bergara-ko Biltzar ondoko erabakiak" plazaratu zuen Euskera aldizkarian,
liburu-formatuan. Kontsonante busti-palatalen grafiaz, erakusleez, deklinabideaz,
eta "H" letraren ortografiaz Euskaltzaindiak Bergarako biltzarrean hartutako
erabakiak biltzen dira bertan.
- Joseba Andoni
Agirretxeak "Antxeta" poesi lana argitaratu zuen, Emile Larrek "Aiherra Naparroan
leihoa", Jose Maria Satrustegik "Ipui miresgarriak", Jose Luis Otamendik "Egunsenti
biluzia" eta Anjel Lertxundik "Aise eman zenidan eskua" nobela...
- Junes Casenavek
Toribio Alzaga Antzerti Saria irabazi zuen.
- Urdiñarben
Battitta Urrutik idatzitako "Iparragirre" pastorala taularatu zuten.

- Itoiz taldeak
"Ezekiel" diskoa eman zuen argitara, Joxan Artzek "Hartzabal. Amodiozko baratzetan",
Ruper Ordorikak "Hautsi da anphora" bere lehen diskoa, Mikel Laboak "Lau,
bost"...
- Hil ziren:
-
Julene Azpeitia idazlea.
- Mixel Labegerie kantari eta politikaria.
-
Polikarpo Iraizoz poeta. Euskaraz idazten Irugarren Prantziskotarra
aldizkarian hasi zen idazten 1916an. Lan gehienak, hala ere, Zeruko Argia-n
argitaratu zituen. Agustin Zarrantz zuen jaiotza-izena eta Ultzama bailarako
Iraizoz sorterriak eman zion kaputxino egin zeneko izena.
-
Fausto Arozena historialari eta idazlea.
Gure Mendea