kronologia
1977
- Ikurrina legeztatu
zen Hego Euskal Herrian.
- Lapurdiko kargu
politiko eta auzapezen biltzar nagusian, batik bat, euskara eta euskal departamentuaz
mintzatu ziren. Poulou, Labegerie, Guy Petit, Dassance, Sallanave, Intxauspe,
Biacabe eta Monfraix prefeta ziren mahaiburuan eta Giscard Frantziako Errepublikako
lehendakariari gutun bat igortzea deliberatu zen:. «Lapurdiko merak elkarturik
gaudela Sarako biltzar nagusian diogu: -Populazioaren sentimentu eta nahi
sakonak salatzen ditugu. Orain arte hartu diren erabakiak euskararen erakaskuntzari
buruz urrundik aski ez direla, euskara euskaldunen hizkuntza nazionala, Frantziako
artistiko aberastasunen bat errepresentatzen duela. -Errepublikako lehendakariari
euskararentzako estatuko berezi bat eskatzen diogu. Horrela ofizialki onartua,
ezagutua eta lagundua izanen delakoan. Bat: Publiko erakaskuntzaren maila
guztietan euskararen erakaskuntza aplikatua izan dadila. Bi: Euskara komunikazio
bide guztietan (telebista, irratia...) erabilia izan dadila».

- Espainiako Gerra
Zibilaren osteko lehen Aberri Eguna Hego Euskal Herrian.
- Francoren diktaduraren
osteko lehen hauteskundeak Espainian, ekainaren 15ean. Alderdi abertzaleen
artean, Euskadiko Ezkerra koalizioak eta EAJk esku hartu zuten Espainiako
Parlamenturako bozketan.
- Amnistiaren
Aldeko Batzordeek Askatasunaren Ibilaldia antolatu zuten.

- Espainiako
Gobernuak Amnistia dekretatu zuen preso politikoentzat. Euskal Herrikoen artean,
Fran Aldanondo Ondarru izan zen kaleratutako azken presoa.
- Euskararen
ofizialtasuna eskatzeko manifestazioa Donostian, urtarrilaren 22an. Jose Ramon
Beloki deialdia egin zuten taldeen ordezkariak adierazi zuenez: «Estaduak
(espainolaz ari da) zorrak ditu Euskal Herriarekiko. Zerga bidez jasotzen
duen dirua euskal kulturan zertan inbertitu behar duen esan nahi diogu, eta
ez hemendik 10 urtera, baizik eta orain, 1977 urtean zertan inbertitu behar
duen. Eta hori hiru sailetan: irakaskuntzan, komunikabide ofizialetan eta
administrazioan. Eskatu baino exijitu egin nahi dira manifestuan agertzen
diren puntuak».
- Abenduaren
23an Nafarroa Euskal Unibertsitate Barrutian izatea nahi zuten erakundeek
manifestaziorako deialdia luzatu zuten. Poliziak bertan bildutako 1000 lagunak
jipoitzen zituen bitartean "Adolf Hitler" deituriko komando batek lehergailua
jarri zuen EAJren egoitzan.

- Jokin Zaitegi
ohorezko euskaltzain izendatu zuten eta Endrike Knörr euskaltzain oso.
- Euskaltzaleen
Biltzarrak Piarres Lafitte omendu zuen Baigorrin.
- Bizkaiko Ikastolen
Elkartea sortu zen.
- Euskadiko Lehen
Pedagogi Ikastaldia antolatu zuten Gasteizen. Jardunaldi horietan, Adarra
irakasleen elkartea aurkeztu zuten.
- Labayru Ikastegia
sortu zen Bilboko Elizbarrutiaren babesean.
- Profesional
talde batek UZEI (Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea) elkartea
sortu zuen.
- Seaskak ikastaroa
bukatzerako 170.000 liberako zorra izango zuela-eta diru-bilketarako deia
luzatu zuen. Libera bana ematea eskatzen zitzaien euskaldunei.
- Abenduaren
12an Euskalduntze-Alfa-betatze mugimenduko 60 arduradun bildu ziren Altsasun.
Koordinakundeak, ordura arte bezala, Euskaltzaindiaren batzorde autonomo eta
berezi gisan jarraituko zuela eta udaletan egoitza aproposak eskatu behar
zirela deliberatu zuten, besteak beste.

- Josu Erguinek
Kaliforniatik ekarritako eredu bati jarraituz, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak
Kilometroak jai-giroko kultur ekintza sortu zuen. Lehen edizioak Beasain eta
Lazkao arteko ibilbidea egin zuen.
- Donapaleuko
ikastola debekatu egin zuen Frantziako gobernuak. Horren aurrean, aspaldiko
manifestaziorik handiena egin zen Baionan.
- Udako Euskal
Unibertsitateak lehen aldiz ikastaroa antolatu zuen Hego Euskal Herrian, Iruñean,
zehazkiago esanda. Oso eztabaidatua izan zen erabakia. Askok, Iparraldearekin
moztea zekarren susmoa baitzuten.
- Lehen Euskal
Zinema Topaketa antolatu zuten Zestoan. Topaketaren baldintzarik ezinbestekoena:
filmak euskarazkoak izatea.
- Gasteizko Araba
Films etxeak "Estado de excepción" laburmetraia aurkeztu zuen Oberhauseneko
lehiaketan. Lehen Kritika Saria jaso zuten. Film honengatik atxilotu eta zigortu
egin zituzten egileak.
- Lurdes Iriondoren
"Fabrika Berria" antzerki-lana estreinatu zen eta Xabier Letek "Deusetik izatera"
eta "Gabon Txirrita" antzerki-lanak prestatu zituen.
- Euskal Herri
osoko euskal taldeek Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrea sortu zuten.

- Joxe Lizaso
bertsolariari omenaldia egin zitzaion.
- Euskal Herriko
pintoreen lanez hornitutako egutegia plazaratu zen "Amnistia orokorra - presoak
kalera" izenburupean.
- Txillidaren
"Haizearen orrazia" burdinazko eskultura Donostiako Igeldo mendiaren magalean,
itsasertzeko arroketan ezarri zuten.

- Mari Puri Herrero
pintore eta grabatzaileak Bilboko jaietako "Mari-Jaia" pertsonaia sortu zuen.
- Deia eta
Egin egunkariak plazaratu ziren. "Elebidun" deituak, biak.
- Baionako Zabal-en
inguruko talde batek Zehatz gizarte eta zientzi gaiei buruzko aldizkaria
sortu zuen. Antton Ibarguren hautatu zuten zuzendari.
- Ipurbeltz
komiki-aldizkaria sortu zen.
- Kiki-kili Eguna
antolatu zuten Bilbon. 12.000 haur bildu ziren.
- Loiola Irratian
eta Punto y Hora aldizkarian lehergailuak jarri zituzten.
- Jakin argitaldariak
izen bereko aldizkaria plazaratzeari ekin zion berriro. Aro berri honetako
lehen zenbakia "Euskal Unibertsitatea" gaiari eskaini zion.
- Txertoa argitaldaria
sortu zen.

- Argitaratutako
liburu aipagarrienen artean: Bitoriano Gandiagaren "Uda batez Madrilen" poema-bilduma,
"Nomenclator vasco - Euskal izendegia", Xabier
Kintanaren "Euskal Hiztegi modernoa", Luis Mari Mujikaren "Hiztegi Teknikoa",
Juan Mari Torreraldairen "Euskal Idazleak gaur", Xabier
Amurizaren "Menditik mundura"...
- Euskal Dantzarien
Biltzarrak Jacques Abeberri hautatu zuen elkarteko lehendakari. Lehendakariorde
Henry Duhan hautatu zuten eta zuzendari artistiko Koldo Zabala. Maiatzaren
8an Dantzari Txiki Eguna antolatu zuten Itsasun eta 29an Dantzari Eguna Donibane-Lohizunen.

- Mikel Laboak
eta Lluis Llach kantari kataluniarrak kantaldi-ikuskizuna aurkeztu zuten Hego
Euskal Herriko lau hiriburuetan.
- Euskal Herriko
Txistularien Elkartea sortu zen. Txistulari aldizkaria plazaratzen
hasi ziren.
- Agustin Gonzales
musikari nafarrak "Arrano Beltza" kantata konposatu zuen Joxan Artzeren testu
batean oinarrituta.
- Telesforo Monzonen
"Herriaren oihua" diskoa kaleratu zuten.
- Antton Larrauri
konpositoreak "Batasuna" eta "Gudari" obrak aurkeztu zituen.
- Plazaratutako
diskoen artean: Gontzal Mendibil eta Xeberriren "Zaurietatik dario", "Xalbador
- Iparraldeko kantu zaharrak", "Kixki, Mixki ta Kaxkamelon", "Errobi" eta
"Gure Lekukotasuna", Errobi taldearen lehen bi diskoak, "Haizea", Benito Lertxundik
Zuberoako kantu herrikoiekin osaturiko disko bikoitza...
- Hil ziren:
- Mikel
Arozamena bertsolaria.
- Ixaka Lopez Mendizabal idazle
eta kultur eragilea.
- Madeleine Jaurlegiberri idazlea.
- Jose Arrue pintore eta kartelgilea.

1977,
Astigarraga - Olariaga

Xabier
Amurizari elkarrizketa | Emakumea zapaldurik
al dago? | Oskorri taldeari elkarrizketa
| Hauteskundeak Euskal Herrian

1977ko
iragarkiak
Gure Mendea