kronologia
1975

- Anjel Otaegi
eta Juan Paredes Manot "Txiki" etakideen eta Espainiako FRAP talde armatuko
hiru kideren heriotza-zigorra bete zuen: gerra-kontseilua egin ondoren fusilatu
egin zituzten irailaren 27an.
- Francisco Franco
Espainiako diktadorea hil zelarik, mugimendu errebindikatiboak areago egin
ziren Hego Euskal Herrian.
- Hego eta Ipar
Euskal Herriko bi talde sozialistak bat egin eta EHAS alderdia sortu zuten.
Euskal Herri askatu, batu, euskaldun eta sozialista zuen helburu.

- Euskal Irakasle
Titulua lortzeko azterketak egin ziren hainbat hiritan.
- Labayru Ikastegiak
Etniker aldizkaria sortu zuen.
- Koldo Izagirrek
eta Bernardo Atxagak Panpina Ustela literatur aldizkaria sortu zuten.
Euskal literaturak dinamika berezirik ez zuela eta lan asko literatur zentzuz
baino zenbait arrazoi estraliterarioz plazaratzen zirela zioten. Aldizkari
gisa agertu aurretik, Zeruko Argia-ren gehigarri gisa kaleratu zen
bolada batean.
- Beste askoren
artean, Joan Mari Irigoienen "Hutsetik esperantzara" poesi lana, Lasarte bertsolariaren
"Gordeak neuzkanak", Eñaut Etxamendiren "Azken elurra", Mikel Zarateren
"Ipuin antzeko alegi mingotsak" eta Antton Olariagaren "Eta abar" umore-liburua
plazaratu ziren.
- Bizkaiko irakasle-talde
batek "Euskalduntzen" eta "Alfabetatzen" metodoak argitaratu zituen CINSA
etxearen eskutik. Lehen zenbakia Rikardo Arregi zenari eskaini zioten.
- Seaskak Ikastolak
izeneko aldizkaria plazaratu zuen eta hurrengo ikasturterako Pauen ikastola
sortuko zela iragarri.
- Lur argitaletxea
banandu egin zen. Bertako kide zen Luis Haranburu Altuna eta beste zenbaiten
ekimenez Kriseilu argitaletxea sortu zen.
- RTVE "Euskalerria"
izeneko euskarazko ordu erdiko saioa emititzen hasi zen. Jose Mari Iriondo,
Manuel Oñatibia, Jose Mari Etxebeste eta Juan Mari Iraolagoitiak ekin
zioten lan honi.
- Izukaitz taldea
sortu zen.
- Odol Berria
talde zuberotarrak "Amiketako Bortian", "Kasernatik", "Ene maitia" eta "Debrien
euhera" abestiekin disko txikia plazaratu zuen. Txomin Artolak ere "Olaxta"
bere lehen diskoa kaleratu zuen eta Anje Duhaldek bakarkako lehen lana.

- Manex Pagola
kantariak "Ortziken" eta "Euskaldunen Herrialdeak" ikuskariak aurkeztu zituen
Baionako Erakustokian. Manex Pagola bera, Maite Idirin, Pantxoa eta Peio,
Eneko Labegerie, Iker Robles, Iñaki Urtizberea, Maribel Etxezarreta,
Jean Treku eta Pantxika Aldalur bildu ziren saioetan. "Baga, biga, higa" eta
"Zazpiribai" ikuskizunen antzean, antzerkia, dantza, kantua, musika eta beste
hainbat alor artistiko uztartu zituzten.
- Jean Louis
Davantek Guillermo Epherrek utzitako lekua hartu zuen Euskaltzaindian. Akademiak,
bestalde, Emakumearen Nazioarteko Urtea zen honetan Julene Azpeitia, Madeleine
Jauregiberri eta Tene Mujika euskaltzain ohorezko izendatu zituen.
- Azaroaren 29an
Txillardegi, D. Landart, Intxausti, J.M. Torrealdai, L. Etxezaharreta, E.
Salaberri, B. Oihartzabal, G. Lantziri, R. Kanblong eta beste hainbat idazle
Baionako Erakustokian bildu ziren Euskal Idazleen Elkartea indartzeko asmotan.
- Iker taldeak
Lehen Sari Nagusia jaso zuen Durangoko Azokan Saioka testu-liburuei esker.
- Gure Herria
aldizkariaren bigarren aldiko lehen zenbakia plazaratu zen.
- Isidro
Ansorena txistu-konpositorea, Iturri eta Jose Ignacio Etxeberria bertsolariak,
Mari Paz Jimenez pintorea, Juan Zaragueta filosofoa eta Gabriel
Aresti idazlea hil ziren.
Gure Mendea