kronologia
1937

- Eguna
euskarazko lehen egunkaria sortu zen Bilbon. Zubikarai eta Ziarsolo izan ziren
zuzendariak. Urte bereko ekainean desagertu zen.
- Larrinaga,
El Dueso eta Burgoseko kartzeletan zeuden gudariek Espetxean aldizkaria
sortu zuten. Zenbaki bakoitzetik hiruzpalau ale egiten ziren eta eskuz esku
ibiltzen zituzten. Bitartean, noiz fusilatuko zain egoten ziren, Joseba Elosegik
kontatzen zuenez «Atea zabaldu eta betiko kartzelazaina agertu zen, askotan
horditurik etorri ohi zena. Ohiko zerrenda zekarren eskuetan. Lau izen aipatu
zituen eta hil-hurren denaren ahotsaz laurek esan zuten: Presente! Lauretako
batek kemena izan zuen hala ere, eta galdetu zion: guztiarekin?, eta kartzelazainak
erantzun: ezer gabe. Galdera ohikoa zen, kartzela barruan sarri askotan aldatzen
baikintuzten gela batetik bestera. Kartzelazainaren erantzuna argia izan zen.
Fusilatzera zeramatzaten».

- Maurice Ravel
konpositore ziburutarra hil zen abenduaren 28an. "Zazpiak Bat" izeneko kontzertua
bukatu gabe utzi zuen.
- Ekainean frankistek
Bilbo hartu ondoren, Eusko Jaurlaritzak erbesteko gobernu gisa jardun zuen
Santanderretik hasieran eta Kataluniatik ondoren. Euskal errefuxiatuei babesa
emateaz arduratu zen. Erbesteratzearekin batera, Euzkadi'ko Agintaritzaren
Egunerokoa buletina desagertu zen.

- Telefono-gidaren
edizio berria aitzaki, Gipuzkoa eta Bizkaiko Gobernadore Zibilak 'tx' debekatu
eta ortografi arauak zehaztu zituen: «deberá desaparecer la redacción
con que en la "Guía" aparecen palabras como Etxe, Txoco y otros varios
de tipo donde figuran las palabras aludidas redactadas en tal forma, se les
requiere por este Gobierno Civil a rotularlas con la ortografia aceptable,
eliminando la de sabor separatista».
- Bergarako Seminarioa
inauguratu zen.
- Gabriel Olaizola
kantariak Eresoinka korua sortu zuen erbestean.
- Leon Leon idazle
lapurtarrak "Herriko besta biharamunean" antzerki-lana idatzi zuen.
- 2.000 haur
bidali zituzten Bilbotik Sobiet Batasunerantz eta beste 2.500 Frantziara.
- Hil ziren:
-
Engrazio Aranzadi Kizkitza
idazlea, Sabino Aranaren jarraitzaile sutsua.
- Jean Baptiste Daranatz idazle
eta historialari lapurtarra.
- Ignacio Diaz Olano pintore arabarra. Nekazarien eguneroko bizitzan oinarritutako
ohiturazko koadroak margotu zituen batez ere.
- Arturo Campion historialari eta
kultur eragile nafarra, Eusko Pizkundearen ardatz kulturala izan zena.
Gure Mendea