kronologia
1936
- Telesforo Aranzadi
antropologoak inoiz aurkitutako buru-hezur zaharrena aurkitu zuen Itziarren
eta honen bidez euskal arrazaren antzinatasuna Madeleine aldira eraman zuen.

- Eztabaida,
berridazketa eta egokitzapen askoren ondoren, Espainiako Gorteek onartu egin
zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako autonomi estatutua eta Euzko Jaurlaritza
eratu zen urriaren 7an. Espainiako Gerra Zibila hasita zegoen jada. EAJ, PSOE,
Eusko Abertzale Ekintza, Ezker Errepublikarra eta Batasun Errepublikarra alderdietako
ordezkariek osatu zuten gobernua; anarkistek parte hartzeari uko egin zioten.
Jaurlaritzaren helburuak, erlijio-askatasuna, gobernuaren menpeko aginte militarra
eta euskal polizia sortzea, legeria sozial eta aurrerakoia osatzea, maila
guztietan euskararen irakaskuntza bultzatzea, euskaldunen berezitasunak babestea
eta Espainiako armada matxinatuaren esku zeuden euskal lurraldeak berreskuratzea
izan ziren. Espainiako Gerra Zibilak zeraman bidea ikusirik, gerran parte
hartzea erabaki zuen. Urrian Euzkadi'ko Gudontziaren Laguntza'ko Ontzitaldea
eta Euzko Gudarostea 40.000 gudariz osaturiko armada sortu zituen. Lehena,
Euskal Herriko itsasoan eta portuetan arrantzontziak eta merkataritza-ontziak
babesteko antolatu zen eta Joakin Egia Unzuetak zuzendu zuen.
- Euzko Ikastola
Nagusia / Universidad Vasca sortu zen.
- Oficina de
Prensa y Propaganda delako ordezkaritzak zentsura ezarri zuen.
- Unidad
eta La Voz de España egunkari falanjistak sortu ziren Donostian.
- Tropa faxistek
euskal hiztegien erreketa publikoa egin zuten Donostian.
- Andoni Arozenak
"Xanko ta Paxko" antzerkia idatzi zuen.

- Justo Mari
Mokoroak "Genio y lengua" liburua argitaratu zuen. Espainiako Gerra Zibilaren
aurretik oso bizirik zeuden hainbat ideia literario-linguistiko azaldu zituen
bertan. Hizkuntza indarberritzeko obra literarioak duen garrantzia nabarmendu
zuen eta eragin handia izan zuen ETA mugimenduaren hastapenetan.
- Alvaro Alcala
pintore bilbotarra hil zen. Errealismo estiloan paisajeak eta itsas gaiak
margotuz arrakasta handia lortu zuen.
- Julio Beobide
eskultore zumaiarrak bere lehen erakusketa jarri zuen.
- Gabirel Jauregi
idazle eta itzultzaileak "Fisia" eta "Kimia" liburuak idatzi zituen bizkaieraz.
Lehena izan zen horrelako gaiak euskaraz azaltzen, eta bietan erabilitako
lexikoan aitzindari izan zen. Maileguak baztertuta, hitz berriak asmatu zituen.
- Vicente Laffitte
politikari eta kazetari donostiarrak "Aspaldiko gauzak" liburua argitaratu
zuen euskal gaiak oinarri hartuta.
- Migel Unamuno,
Jose Manuel Lujanbio Txirrita
bertsolaria eta Jose Zabala Arana Nabarriztarra
idazle bizkaitarra hil ziren. Txirritak omenaldi beroa jaso berria zuen Errenterian.
- Jose
Ariztimuño Aitzol idazle eta kultur eragilea fusilatu
egin zuten Hernanin.
1936, Donostia - Aitzolen negarra | 1936,
Iruñea - Euskaltzaleak matxinatuen alde
1936ko hemeroteka

1936ko
iragarkiak
Gure Mendea