kronologia
1930
- Orixek Kirikiño
Kazetaritza Saria eraman zuen, "Iruleak" izenburupeko artikulua medio.
- Emakumearen
Omenaldia Euskerari deituriko jaialdia antolatu zuten Victoria Eugenia antzokian.
- Piarres Lafitteren
"Julen Heguy Apheza", Manuel Lekuonaren "Poesía popular vasca" eta
Jose Zabala Nabarriztarra-ren "Gramática vasca" lanak plazaratu
ziren.

- Azaroaren lehenean
euskal nazionalistek batasuna lortzearren asanblada egin zuten Bergaran. Zenbait
elkarrizketaren ondoren, EAJko "aberrianoak" eta Comunión Nacionalista
Vasca-ko tradizionalistak ados jarri ziren. Gehiengoaren erabakiz, Comunión
desagertu eta guztiak EAJ-PNV alderdira bildu ziren. Batasun horren ondorioz
eta horren kontra, EAJko hainbat lagunek, Anakleto Ortueta, Tomas Bilbao eta
Justo Garate buru zituztela, Eusko Abertzale Ekintza (ANV) sortu zuten. Akonfesional,
errepublikar, demokraziaren defendatzaile eta erreforma sozialaren alde agertu
ziren. Lehen ezkerreko euskal alderdi nazionalistatzat hartu izan da.

- Dionisio Azkue
Dunixi-k bere lehen erakusketa egin zuen. Paisajista aparta, idazle
lanetan ere jardun zuen; Egan, Yakintza, Munibe eta beste
hainbat aldizkaritan esku hartzeaz gain, euskal gaietan oinarrituriko liburuak
plazaratu zituen gaztelaniaz zein euskaraz.
- Jose Ariztimuño
Aitzol-en ekimenez, El Día egunkari elebiduna sortu zen.
EAJren organo ofiziosoa izan zen Gipuzkoan 1936an desagertu zen artean.

- Gerard Bähr
alemaniarrak euskaraz idatziriko "Hugo Schuchard zana" argitaratu zuen Euskeraren
Adiskideak elkarteak. Hizkuntzalari alemaniarraren bizitza eta euskara ikasi
zueneko pasarteak biltzen dira liburuxkan.
- Maurice Champreux
zinegileak "Au Pays des Basques" dokumentala egin zuen. Ipar Euskal Herriko
folklorea, festak eta laborantza gaitzat harturik, 90 minutuko filma osatu
zuen eta lehendabizikoz euskara entzun ahal izan zen soinu-banda batean.

- Jean Elizalde
euskaltzain oso izendatu zuten.
- "Urruzuno'tar
Pedro Migel-ren Ipuiak. Lenengo Idaztia" hilondoko obra argitaratu zen.
- Joan Garbizu
idazlea hil zen Errenterian. Euskaltzaleak elkarteko lehen idazkaria, euskal
aldizkarietako kolaborazioez gain, olerkiak ("Ostegun Deuna", 1924; "Euskera
arrobitzat"), itzulpenak, "Aizkorri eta itsasoa" bakarrizketa eta "Txori ausarditsua"
ipuina idatzi zituen.
Gure Mendea