1999
Tutera
Denbora galduaren bila
Komunikabideetan entzunda ikasi duen makulua dela ohartu da "badoan mendea"-ren kontu hori. Kanpo furiak behartuta, jolas moduan hartu nahi duen ariketan erabaki bat hartu behar, eta mende berria hurrengo big-bang-ean hasiko dela, horra lagunek, lankideek edota ostatuko elkarrizketa bortxaturen baten norbaitek galdetzekotan irakurleak bakean utz dezaten irakurleak egin duen hautua. Neurri arbitrario batek hartu duen neurriaz ohartzean izutu da. Serio hartzera, mendebaldeko gizartea 2001. urtean sartzen den unean, 1379.goan egonen baitira musulmanak, 5762an juduak, 5114an gurutzea, ezpata eta Nazioarteko Moneta Fondoaren politika ekonomikotik bizirik ateratzea lortu duten maiak, han Lacandona oihanean edota Guatemalako kafedietan. Horretara etorrita, zer daukagu kontatzeko XIV. mendean bizi diren mairuei? Zer ospatzen ari garen muga magikoa orain hiru mila eta ehun urte pasatu zuten indigena matxinatuei? Urrutira gabe, denbora Kristoren jaiotza urtea data arbitrario batez martxan jarri genuen zibilizazio honetan ere, bi baitira egutegiak. Oso berandu jakin genuen gure azaroan izan zela sobietarren Urriko Iraultza.
Denborak guk berari asmatzen dizkiogun mugez barre egiten duela leitu dio irakurleak berrikitan Eduardo Galeano uruguaiar idazleari. Baliteke. Baina ez daki ez ote diogun guk denborari berari barre eginen eztabaida serioa bazter uzteko gai bagara. Hasteko, eta arrazoi komertzialak medio, aurten eta heldu den urtean, birritan ospatuko dugu mende batetik besterakoa. Eta hala, izanen da gizaldi artean hil eta nora joan ez dakiela ibiliko denik, irakurleari ehun tolesdura hauekin 2000. urtean izanen diren gertaerekin pasatu zaion bezalaxe, ezen erreparatzen hasita, 99 urteko mendea baita esku artean daukazun hau. Ezin du 2001.nean amaitu. Zatarra iruditu zaio 1900ean hastea. Eskolan ikasia baitu hamarrarekin betetzen dela hamarrekoa, ehunarekin ehunekoa. Hortik liburu honen tranpa txikia, tolesdura honen amaieran argitu nahi duen amets ezkutua.
Gainera, historiak hasiera polita eskaintzen ziola iritzi dio. Unamunoren Arriagako hitzaldiak itzal beltzak sortzen ditu mende berriari gogoz ekiteko. Amaierara heldu garelarik, irakurleak ez du bere burua gai ikusten Salamancako errektorearen iragarpenak bete direnentz garbi esateko. Baikor agertu nahiko luke, EAEko egoerari behatu eta erabileraren gorakadarekin horditu. Eta topatzen hastera, badago pozerako arrazoirik. Bilbo Unamunok ezagutu zuena baino hagitzez euskaldunagoa da ehun urteren buruan. Baina ehun kronikek markatu bidean zerbait ikasi badu hori da hain zuzen ere, Bilboko pozak ez duela inoren larria estaltzeko balio behar. Euskararen egoera Euskal Herriko zenbait lekutan, Unamunok iragarrita bezalaxe joan baita erreka zolara. Iparraldean azken urteetan galdu da mendeetan iraun duen etxeko transmisioa. Nafarroan, Euskara Legea tarteko, ez da aurrera egiten.
Noski, ezin utz dakioke hiztunari soilik hizkuntza bati eustearen ardura. Botere politikoak zikin ditu eskuak. Demokrazia modernoaren ama den Frantziak, frantsesa ez gainontzeko hizkuntzak onartu gabe segitzen du bere mugen barnean. Badu harrotasunik Eurokarta sinatzeari muzin egiteko hiritarren berdintasunaren izenean. Nork du indarra oilarrari "glotozida" (ez duzu hitz itsusiagorik aurkituko inor iraintzeko) deitzeko gai den oiloa? Nafarroan, Berlingo harresia eraitsi ostean, Europan geratzen den azken murru zatitzaileak "euskara babestearren" dirau zutik. Eguneroko adibideek plastikotasuna galtzen duten arren, ezin larriagoak dira. Lege barruan, eta iaz Ermitagañan gertatu bezalaxe, ezinezkoa izan da aurten D eredua martxan jartzerik Iruñeko uztaiauzo den Mendillorrin, teorian eremu mistoan, eta beraz, hezkuntza eredua aukeratzeko eskubide osoekin.
Konparazioagatik bada ere, eta ironia gure alde dugula, "eremu segurua" dei dezakegun Euskal Autonomia Erkidegoan, arazoak egueneroko ogi dira. Gasteizen langabezi saria ukatzen zaio inprimakiak euskara hutsez bete dituen langabetu gazteari. Administrazioak euskararik ez dakiten kargu publikoak (abertzaleak asko) hautatzen ditu demokratikoki. Eraikin publikoak afixa eta funtzionario iraingarriz bete dira. Epaitegiak epaile elebakarren kontrako salaketa-areto bilakatu behar izan dira. Zertarako, eta berdin-berdin zigortuko zaituen epaile bat eskatzeko...
Herri xelebrea gurea, horra irakurleak Tuterako judutegi zaharrerantz Yehuda Al-Levi olerkari nafarraren 58. mendearen xerka doala gogoan darabilena ehun tolesdurei errematea ematera doan une honetan. Banu Kasi-tarren 14. gizaldiarekin bat egiteko gurutzatu du Gares-eko marra iraingarria Ebro ertzera etortzeko. Ez daki zer gertatuko den hemendik ehun urtera, ez daki zer sentituko duen hemendik ehun, berrogeita hamar, hogeita bost edo bi urtera baten batek mende oso bateko bizikizunak zirriborratu nahi izan dituzten ehun tolesdura hauekin estrapozu egiteko parada badu. Pentsatu nahi du ulertuko gaituela, hartuko duela orain berak transmititu nahi duen zera gazi-gozo hori, konprenituko duela ibili herren hau.
Hainbeste gauza jakin nahi du irakurleak izan ere! Ez du esperantzarik galdu nahi ordea. Egun gutxi falta da mende berrirako, egun, ordu gutxi ordenagailuak 00-n jarri, eta enpresen aurreikuspenik beltzenak betetzera (aileza etorkizunak behingoz gure alde egin!) orain arteko datu guztiak, garaipen txikiak eta miseria handiak oro galtzeko. Eta irakurlea bati egon bada ere beste big bang baten esperantzan gure historia berriro eta hobeto hasteko, gertuago sentitzen du garai berria. Egun batzuk baino ez dira falta. Horregatik aldatu du iritzia, horregatik sinetsi nahi du –irribarre gaizto bat ezpain mintzetan- orain doala hastera benetan GURE MENDEA. Gezurra dela dakien arren, bizitzen segitu beharra duelako, maite zaituztela esaten dizutenean bezalaxe.