1998 Donostia

Umorearen bide gaitzak

(Kronikaren hesiaren gainetik, behingoz)

Munduan beste asko legez, barregai bilakatu da euskalduna. Ez da inondik inora odola irakiten jartzeko egoera, gauden garaietan egonda gutxieneko egonarria duen edonork erraz jasatekoa baita. Azken beltzean zer du bada barregai izateak? Gauza ona da zinez geure buruaz barre egitea, hor dago osasunaren giltza. Bai noski geu geure buruaz egitera., zer pentsatua ematen du ordea gainditurik uste genituen jarrerak berriro ere –eta enegarrenez- auzoaren umorean hain trakets, hain estilo zabarrean agertzen ikusita.

Ez baita hutsetik sortua Lourdes Bedia, Javier Merino eta Oscar Terol-ek osatzen duten Les Lourvier's taldearen umorea. Lehenago ere, izan da aitzindari ospetsuagorik euskalduna gaztelera txarki egiten imitatze kontu honetan. ETB-2 martxan jarri zenetik, egon da antzeko umore diglosikoaz gozatzeko nahikoa aukerarik. Eskola ona sortu du Miramonek. Antxon Urrosolok perla bakan zoragarriak ditu. Orain hurrengoan, antzerako jarreretan ikusi ahal izan dira "Zoombados" programako ekipokoak. Orain, Donostiako estudioetatik ekoizten da herri honetako hizkuntza komunitate bati bestetik egiten zaio iseka. Ez da horrela jartzekoa, esanen zaigu. Izan ere, Jose Arrueren komikiak aipatzerakoan esan dudala uste dut, sustrai zaharrak ditu umore mota honek, ez da mintze aldera egiten, ohituta egon beharko genuke...

Frankismo garaian "Txomin del Regato" izan zen estereotipoa. "Hermanos Bilbao" klown bikotean urteetan aritua, gaztelera duintasunez hitz egiteko gauza ez den euskalduna imitatzen lortu zuen fama Jesus Prados Casadamón-ek 60 eta 70eko hamarkadetan. Radio Bilbao-n eman zioten haizea lehenbizi. Hogei bat disko atera zituen gero bere ateraldiekin. Iparraldean ere, irratian usu erabili izan den formula izan da frantsesa ongi mintzatzen ez dakien euskaldunarena. Euskal Herrian, gazteleraz emandako kostunbrismoak (idazleak euskaldunak dira askotan) beti edan du teknika honetatik. Ez gaitezen engaina, "Arlotadas" sano ondo saldu zen bere garaian.

Kontua da norabide bakarreko umore honek nekez gozatuko dituela lehendik ere zenbait kasutan nahiko zailak diren harremanak. Eta norabide bakarreko diot gehienetan hizkuntza boteretsuenetik (normalduenetik, nahi baduzue) hizkuntzarik ahulenerakoa baita bidea. Botere harremana deitzen den hori dago azpian. Hala da Mexikoko Azcarragatarren Television Azteca-n (entzun beharko zenukete "La india Eldemira"-ren gaztelera), hala zen, Koldo Izagirrek "Incursiones en territorio enemigo" liburuan azaltzen duenez, William Shakespeare-rekin ere ("The merry wives of Windsor"-en Hugh Evans apez galesaren ingelera traketsaren kontura libertitzen da ikusle ingelesa. Eta pentsa zenbaterainokoa den egoera parekoa Luis Astrana itzultzaileak horrelaxe azaltzen digula. 1923ko ediziokoa da oharra: «como un cura vascongado que chapurreara español»). Baina ez dezadan segi, ez diet orain Izagirre euskaraz ez bada gazteleraz irakur dezaten eskatuko Les Lourvier's-ekoei... Noski, gainera hala behar du umoreak funtzionatuko badu. Hizkuntza normalduak normala den erregistro estandar bat du, ahoskera onartu bat, milioika hiztunek ematen dioten babes sendoa. Hizkuntza ez-normalduak ostera, ez du zuzentasunaren marra erakusten dion erregistro estandarrik, asko ditu ahoskerak, hizkuntza horretara hurbildu nahi duen guztia da ongi etorria, hain dago denen beharrean...

Euskalduna behintzat, ez dago euskara gaizki hitz egiten dutenen kontura umorea egiteko kontzientziatuegi. Egon da saio bat edo beste (antzerkian gehiago telebistan baino), baina derrigorrean errekara jo dutenak. Eta ez euskalduna ez delako horretarako gai, ez garbiagoa delako, ezinezkoa zaiolako baizik. (Estutu nazazue gehiago: euskararen barruan ere gertatu da antzekorik bazter euskalkietan mintzo direnekin, baina utz dezagun). Egunen baten beste euskaldunen aurrean barregarri sentitu ziren guztien lanarekin egin delako ez zaio haizu euskal kultura modernoari umore mota hau. Euskal kultura egun dagoen tokian badago (utzidazue euskara ia osorik galdu zuen Lizardi ekartzen) biberoiko euskaldun askori esker da. Eta ez dago horretarako gure literaturaren, gure musikaren, gure antzerkiaren historia txikian arras sakondu beharrik.

Baina menturaz gehiegi eskatzen ari gara, umorea ere galdu dugu agian, nork daki...

Gure Mendea