1997 Bilbo

E la nave va

Ez da lehorrean aingura landatutako lehenbiziko itsasontzia. Beste bi ere badira askozaz lehenagotik Euskal Herriko itsas bazterrean. Bata Jose Manuel Aizpurua falangistaren Donostiako Club Náutico-a da, 1929an Alderdi Eder-eko mutur batean eraikia eta Kontxako badiari beha dagoena. Bestea, nahiz eta garai bertsukoa izan, umilagoa da, eta Bermeon dago, portu gaineko aldatsean. Zuri-gorriz margotua, Euskal Herrian den etxe partikularrik berezienetakoa da Fernando Arzadun herrikoaren Kikunbera etxea.

Eta arrazionalismoak bi eraikin zoragarri utzi bazizkigun mendearen hasieran, arrazionalismo berri batek (ez hainbeste arkitektonikoak) are handi eta ikusgarriago bat utzi du hondo emanda Bilbon. Urriaren 18an inauguratu da Abandoibarrako moilan Guggenheim Bilbao Museoa. Untzia, Frank Gehry arkitektoak diseinaturikoa da, eta 24.000 metro koadro ditu, Solomon R. Guggenheim-ek 1927an hasitako arte bildumako zenbait obra erakusteaz gain auditoriuma, jatetxea, kafetegia eta liburudenda ere badituena. Zerbitzuetara makurtutako Bilbo postindustrialaren branka nagusi bilakatu da titaniozko ezkataz jantzitako untzi erraldoi hau. Gainera irudia ere eman dio nazioartean Bilbori ez ezik Euskal Herri kantabrikoari ere.

Untziak publikoari ateak zabaldu dizkionerako, indargeago datoz proiektuaren aurka egon diren ahotsak. Ezinezkoa izan da akordiorik lortzea, dena egon da hasieratik ondo lotua, eta inposaketaren aurrean sentitutako etsipena nabaria da. Ez eraikina, proiektuaren filosofia eta nondik norakoa da zalantzan jarri dena euskal kulturgintzatik. Fundazio pribatu bat Eusko Jaurlaritzaren diru publikoekin lagundu izana izan da punturik beroena. Kopurua ez da txantxetakoa (38.000 milioi pezeta izanen direla iragarri du Ramon Zallok 1995ean), eta kultura atalean bertako produkzioa laguntzeko urteetako geratuko den dirua ez da nahikoa izanen dauden beharrizanak betetzeko. Handiegia da turismorako iman legez erabili nahi den museoagatik ordaindu beharreko saria. Hau da, eta ez besterik berrehun euskal sortzaile eta ekoizle bildu dituen Kultur Kezka taldea Gasteizko talde parlamentarioekin izan denean mahai gainean jarri den ardura.

Egon da zer ikasi, elkarrizketek bi gauza utzi baititu ageri-agerian. Alde batetik Kultur Kezka-k ez duela ez nahikoa indar izan ez nahikoa esperientzia politiko erakutsi kulturaz haraindi ekonomia hain sakonki ukitzen duen horrelako gai bat tratatzeko orduan. Eta bestea fundazio pribatu bat dela bestaldean, politikoen maniobrabilitate ezina erabatekoa dela bertako kultur kezkei erantzuteko unean.

Urteetako kultur ekoizpena baldintzatuta geratuko dela, administraziotik iragarri den zerbait da. Joxerra Gartziak "Jakin"-en zorrotzago azaltzen du zertan den ehundaka euskal sortzaileren kezka datozen urte berrien aurrean, Guggenheim efektuarekin, egoera berri baten aurrean baitago euskal kulturgintza:

Aldaketaren norabidea, funtsean, kultur-zabalkundea suspertzetik lehentasun erabatekoa hornidura handiei (askoren ustez, faraonikoei) ematera. Azken batean, gastu finkoak izugarri handitzen dira, eta banatzeko dirua proportzioan jaisten. Banaketa horretan diru gehien jasotzen dutenak, gainera, administraziotik gertuen dauden erakundeak dira, independenteagoen kaltetan. Horrek guztiak eragiten du hasieran aipaturiko ezinegon hori.

Bien bitartean Abandoibarran, argiaren arabera kolorez aldatzen den transatlantiko ikusgarria da Salomon Guggenheimen untzi berria. Titanic-a dirudi, itsasoa laino, izebergik gabe bere itsasbidean.

Gure Mendea