1995 Arrokiaga

Agirreren seme-alabak

Neurrigabe hazi da Arrokiaga tipia uztailaren 23 honetan. Artasoro eta patar basatan utzi dira autoak, errepide bazterretan Bidaxunen barrena Biarnoko mugatik sartu behar izan duten matrikula zuridun autobusak. Ehun eta hogeita hamar besterik ez dira arrokiagesak erroldan, baina ehundaka lagun gehiago etorri dira gaur Euskal Herriko zazpi probintzietatik "Aguirre presidenta" pastorala ikustera. Mundua biltzen du pastoralak bere inguruan, askorentzat Hegoaldetik Zuberoa urrunera hurbiltzeko estakuru bakarrenetakoa da.

— Orai, gero eta manex gutiago dator —gaztigatu dute bisitaria azken ostatuan.

Pasea omen da Benito Lertxundiren bitartez Hegoaldekoek Zuberoa exotiko eta zelta hura —norena zen gure Irlanda partikularrarena?— xerkatzen zuten garaia. Pastoraletara eta maskaradetara hurreratzen omen dira hurreratzen diren bakanak, gero fitsik ere ez...

— Erromantizismoa, badakizu, joan egiten da. Moda...

Eta bai. Baina Hegoaldeko ikusleak urriagotuagatik, pastorala da mendeen emanean geratzen dena. Eta zerbaitetan asmatu badu horretan izan da hain juxtu ere, biziko bada. Ertaro amaieran mendebaldeko Europa guztian ematen zen antzerki mota honek ezaugarri bereziak hartu ditu Zuberoan. Uharte da egun, baina bizirik dago. Mirari txiki bat. Ehun eta hogeita hamar laguneko herri bat horrelako ikuskizuna emateko gai izatea adinakoa.

Miraria betetzeko, saihets utzi behar izan ditu eskema klasiko asko. Esate baterako, beharrezkoa izan da gizonek soilik antzeztetik emakumeek emakumeen rola betetzera pasatzea. Edota Bigarren Mundu Gerra aurretik ikuskizunak irauten zuen zazpi edo zortzi orduak hiruzpalaura ekartzea. Horra pastoralaren biziraupena XXI. mendearen atarian bermatu duten ezinbesteko neurri batzuk.

Besteek, garrantzitsuagoak Hegoaldeko publikoa erakartzeko, zerikusi handiagoa izan dute Euskal Herriak bere osotasunean bizi izan duen kontzientziazio politikoarekin beste ezerekin baino. Aldakuntza batzuk arras sinpleak izan dira "mise en scène" aldetik. Bandera frantsesa urteak dira Aranaren ikurrinak ordezkatu duela masta muturrean. Horretan pastoralen gaiak berak, nekazarien ideologizazio tresna izan den neurrian, arantza gehiago du. Denborarekin, Itun Zahar eta Berriko istorioak ahantzi ("David", "Sanson", "Saint Julien d'Antioquie"...) eta abenturetako eta Frantziako ongizon bilakatu ziren sujet ("Roland", "Charlemagne", "Jeanne d'Arc", "Clovis", "Napoleon"...), engoitik Euskal Herriko pertsonaiei eman diete mintzatzeko aldia azken hauek.

Berrikitan, Pierre Bordazaharre, Etxahun Iruri koblakaria izan da bestelako tornuia eman diona pastoraletako sujetari. Gehienetan Battitta Urruti errejent dela jokatu diren pastoraletan, euskal historiako pertsonaiek ordezkatu dituzte heroi frantses edo biblikoak taula gainean. Azkenaldian, "Matalas", "Xaho", "Abbadie", "Harizpe", "Oihenart" izan dira. Baina Hegoaldearen indarra ere, gero eta nabariagoa da. Iparragirre eta Zumalakarregiren itzal zaharrei "Aguirre presidentak", Gernikaren hondamena sinbolizatzen duen lehendakari abertzaleak hartu die txanda Arrokiagan.

Emanaldiaren ondoren, Matalasen bertsoak abestuz hartu dituzte Hegoalderako autobusak Zuberoa abertzaletasunez mukuru sentitu duten ikusle urosek. Pastorala prestatzen ari direlarik Frantziako lehendakaritzarako izan diren hauteskundeetan, Arrokiagan eman diren 86 botoetatik kanpainan euskal departamendua aipatu ere egin ez duten Chirac-ek 69 boz eta Jospin-ek 14 bildu dituzte. Bizitza ez baita teatroa, Zuberoan ez behintzat.

Gure Mendea