1994
Bilbo
Liluraren indarra
Izar
ederrak argi egiten dau
zeru
altuan bakarrik
ezta
bakarrik, lagunak ditu
Jaun
zerukoak emonik.
Baina Jaun zerukoak lagunak eman arren, Bizkaia maitek ezin izan du bakardade sentipen hori aldetik kendu. 1968an Arantzazuko Batzarrean euskara batuaren ardatz nagusiak ezarri zirenean, ez zen Bizkaian jendea oro har pozarren geratu. Batuaren enbor nagusitik bazter egoteak kontrako iritzi asko ere sortu du, euskalkiaren defentsa Gipuzkoan edo Nafarroan baino sutsuagoa izan da. Eta hizkuntza arrazoiei soziologikoak eta euskaraz ekoiztutako produktu gehienak Donostialdean batzeak sortu duen zenbait inertzia gehituz gero, hobeto ulertzen da euskal gizarteari orain mendebaldetik egiten zaion deia.
Zazpi
aingeru aldean ditu
zortzigarrena
gaixorik,
zazpi
mediku ekarri deutsez
India-Madriletatik.
Hiru urte ez dira Alfonso Irigoien, Federiko Krutwig eta Jose Antonio Arana Martija euskaltzain osoek eta Bizkaiko beste zenbait euskaltzalek "Euskara batuaren aspaldiko egoeraz" deitu gutun irekia igorri ziotela Euskaltzaindiari, erakundeak batuaren garapenean hartutako bidea kritikatu eta "lehenagoko bide demokratikoagoa" eskatzeko. Bestalde, "Mitxelena hilez geroztik" hartutako dinamika gaitzesten zuen agiriak. Euskaltzaindiko kide bizkaitarrek egindako kritikek berehala jaso zuen erantzuna. Beñat Oihartzabalek bizkaierari berari leporatu zion euskalki horrek batuan duen eragin txikiaren errua.
Neu
enterretan naroenean
igongo
dozu korura
andixek
bera salto egingo'zu
Birjina
Amaren ortura.
Kontua da Euskaltzaindia berak ez duela gaur egun euskal gizartean orain hogeita hamar urte zuen eraginik. Komunikabideak, argitaletxeak, irakaskuntza... ekoizpen zentroak dira konbentzitu behar direnak, bizkaierak ez eze gainontzeko euskalki guztiek ere izan lezaketen ekarpenaren balioaz. Dudarik gabe, beste bat behar du izan estrategiak.
Larrosatxo
bat eskura eta
krabeliñea
mosura
jente
guztiak esan daiela
neure
lutua dozula.
Oskorrik "Katuen testamentua" diskoarekin izan arrakastarekin segitzea erabaki du Labayru ikastegiak. Ruper Ordorikak, Bixente Martinezek eta Joseba Tapiak osatu duten Hiru Truku taldeak mendebaldeko kantu zaharrak kaleratu dituztenean, arrakastak batuaren esparrua gainditu du. Musikak sortutako liluraren bidez ukitu dira sentsibilitaterik lotuenak, horrela ari da irabazten hizkuntzaren gaineko txostenekin lortu ez dena. Orain inork gutxik du jartzen zalantzan zein izan behar duen bigarren fasea, orain arteko desorekak konpondu eta hizkuntza estandarrari kolorea emanen dion bigarren urratsa.