1993 Gasteiz

Publifikazio mingarriak

Apirilean bildu dira Gasteizko Armentia Ikastolan batzar berezian Euskal Autonomia Elkidegoko ikastolak Eusko Legebiltzarretik euskal eskola publiko bihurtzeko ezartzen zizkien baldintzak aztertu eta erabaki bat hartzeko. Azken urteetako dinamikari jarraituz, bertan dira halaber Nafarroako ikastolen ordezkariak eta Seaskakoak, Iparraldeko ikastolen partetik begirale gisa.

Otsailetik dator giroa gora-goraka. Kontsentsua lor zedin egindako saioek huts egin ostean, EAJ, PSOE eta EEren botoekin onartu da azkenik legea aurrera ateratzea. Legea publikoa egin denetik, informazio zikin asko atera da batetik eta bestetik: legea egin duten gobernukideenak, alderdi politikoenak, ikastolen baitako kideenak, irakaskuntza alorreko jendearena... Tentsioak goia jo du gobernu barruan ere: Fernando Buesa Hezkuntza sailburuak sare pribatuan geratuko diren ikastolak diru finantzaketa berezirik jasoko ez dutela errepikatzen duen bitartean, EAJko ordezkariek, trantsizio epea gauzatzeko 1997a bitarteko finantzaketa berezia ziurtatzen du.

Apirilaren 24an Gasteizen egin bileran ikastolen %96 sare pribatuan jarraitzearen alde egon bada ere, beren erabakia hartzeko ordua iritsi denean, maiatzaren 25ean, EAEko ikastolen mapak honako itxura hau hartu du: %56 sare pribatuaren alde agertu dira, %36 sare publikoaren alde eta %8k erabakia hartzeke dute.

Istiluak ez dira bozketa honetan amaitu ordea. Ikastolen barruko jarrera kontrajarriek haustura soziala ekarri dute zenbait herritan. Azpeitia, Elorrio, Beasain, Elgoibar eta Gobela-ren kasuak gertatu dira nabarmenenak. Kanporaketak egon dira, judizializazioak, harreman pertsonal asko bidean geratu da...

Arazoa, beste zenbait faktoreren artean, "publikoa" eta "pribatua" kontzeptuen inguruan dagoen pertzepzioan dago, herri normalizatua ez den heinean, dimentsio diferentea hartzen dutenean hitzok euskara eta euskaraz egindako edozeren gainean ari garela.

"Publikoari" zaion mesfidantza, handia da. Borondate publikoko ekimen pribatuz josia dago euskararen historia txikia. Hala atera dira orain administrazioaren esku diren enpresa asko. Adibideak nahi adina daude: AEK eta IKA urteetan ibili dira udal euskaltegietarako materiala prestatzen, Gure Irratia, Irulegi Irratia edota Xiberoko Botza-rik gabetanik, balitzateke euskarazko irratirik Bidasoaz iparraldean? Ez dira EITBko aginte-koadro asko Loiola eta Donostia irratietatik paseak? Balegoke euskal egunkaririk azken erabakia Jaurlaritzaren esku egon balitz?

Badirudi, faktore ekonomikoak ahantzi gabe, gobernuari zaion fedearen arabera neur daitekeen zerbait ere badela. Ikastolek Konfederakunde bezala 90ean Iruñean egin lehen Batzar Nazionalean harturiko erabakien artean "euskal eskola publikoa"-ren definizio bat ere eman zen, ikusten zen horretara jo beharra.

Oraingo ebazpenaren arabera, badirudi oraindik ez dela euskararen berreskurapenaren motore nagusi izan diren ikastolak botere publikoaren gestioaren esku uzteko garaia heldu. Sare publikoan sartzeko hautua egin dutenen artean berriz, ez dela entrega bat diote, Iruñean 90ean hartutako erabakiak bultzatu eta ikastolen proiektua aurrera aterako dutela agindu dute.

Gure Mendea